AKTUALITATEA


| 2024-03-12 12:52:00

EH Bilduk Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra bil dadila eskatu du Osakidetzak Gasteizen Larrialdi zerbitzuak indartzea xede duen proposamen bat premiaz eztabaidatzeko. Izan ere, Rebeka Uberak ohartarazi duenez, “Txagorritxun Larrialdien egoera gero eta kezkagarriagoa da, pazienteen segurtasun klinikoa arriskuan egoteraino, langile falta egiturazko bilakatu delako. Bertako profesionalek gero eta zailtasun gehiago dituzte herritarrak behar bezala artatzeko eta euren segurtasun klinikoa bermatzeko, eta neurriak premiaz hartu ezean, egoerak okerrera egingo du, Osakidetzak Txagorritxu eta Santiago ospitaleetako Larrialdi zerbitzuak martxoa amaitu aurretik Txagorritxun zentralizatu eta bateratzeko asmoa duelako, baina orain arte Santiagon aritu diren erizainei ez die lanpostua Txagorritxun bermatuko. Ekainean amaituko zaie kontratua eta Osakidetzak laguntza-talde bezala kontratatzeko asmoa duela esan die. Ulertezina da Larrialdi zerbitzuetako plantillan gabeziak bistakoak direnean gisa horretako kontratazio politika garatzea. Planifikazio falta konpondu beharrean, aurrera begira ere akats berberak errepikatzeko asmoa dagoela dirudi, eta horrek egiturazkoak diren arazoak larriagotzea baino ez du ekarriko”.

Hori dela eta, EH Bilduk Legebiltzarrean aurkeztu duen proposamenak Gasteizko Larrialdi zerbitzuen plantilla indartzea du xede, besteak beste. Horretarako, “orain arte Santiago Ospitaleko Larrialdietan jarduten diren erizainei Txagorritxun kontratu luze, egonkor eta erakargarriak bermatzeko eskatu dio Osakidetzari, beharrezkoa den plantilla ziurtatzea ezinbestekoa baita  Arabako ESIa indartzeko, pazienteen segurtasun klinikoa eta kalitatezko arreta bermatzeko”.

Halaber, EH Bilduk Txagorritxuko Larrialdi Zerbitzuan egonkortze ekipo bat, mediku batek, bi erizainek eta zainketa osagarrietako erizain teknikari batek osatua, premiaz ezartzea eskatu du. “Egun ez dago horrelako ekipo bat –salatu du Uberak– eta, ondorioz, oso egoera larrian dagoen paziente bat egonkortu behar dutenean beste pazienteak artatzeari utzi behar izaten diote, horrek dituen ondorio guztiekin. Egoera hori ohiko bilakatu da Txagorritxun, azarotik otsailera bitartean ia egunero egonkortu beharreko paziente bat baino gehiago artatu behar izan dituztelako. Egonkortze ekipo hori sortzea erabakigarria litzateke, beraz, paziente guztien segurtasuna bermatzeko”.

Horren haritik, paziente guztien segurtasun klinikoa bermatzeko beharra eta horretarako behar diren baliabideak ipintzeko Osakidetzak duen obligazioa azpimarratu du Uberak. “Pazientearen Segurtasun Estrategiaren ebaluazioan Osakidetzak berak onartu zuen Larrialdi zerbitzuetan pazienteen %12k segurtasun-gertakariren bat pairatu zutela, eta gertakari horien %70 saihestu zitezkeela. Bistan da plantilla minimoen azpitik edukitzeak nekez lagundu dezakeela horrelakoak saihesten, eta ezinbestekoa dela plantilla indartzea. Zeren kontua ez da bakarrik pazienteek zenbat denbora itxaron behar izaten duten, baizik eta zer nolako arreta jasotzen duten, euren segurtasun klinikoa bermatzen den eta bertoko profesionalek euren lana behar bezala egiteko baldintza egokiak dituzten”.

Azkenik, EH Bilduren proposamenak beste bi puntu ditu. Batetik, Txagorritxuko Larrialdi Zerbitzuko azpiegiturak bertan lan egiten duten profesionalen beharretara egokitzeko eskaria, euren lana baldintza egokietan egin ahal dezaten; bestetik, oraindik itxita jarraitzen duen pazienteen jarraipenerako espazioa, 18 ohe dituena, irekitzeko eta horretarako behar diren profesionalak kontratatzeko eskaria.