Gipuzkoa

Maddalen Iriarte: “Estatuaren inboluzio antidemokratikoa geratzeko boto erabilgarria boto subiranista da”

Pedro Sanchezek atzo Gasteizen ukatu zuen arren, EH Bilduko bozeramaileak Irunen ziurtatu du gaur PSOEk PPren abstentzioa bilatuko duela inbestidura aurrera ateratzeko, bere garaian Patxi Lopez Lehendakaritzara eraman zuen akordioa berrituta.

| 2019-11-02 15:58:00

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak boto subiranistaren balioa azpimarratu du gaur Irunen, “inboluzio antidemokratikoa geratzeko bide bakarra dagoelako, duela egun batzuk Erorien Haranetik atera zuten horrek ondo lotua utzitako horrekin apurtzen duen gutxieneko programa bat izenpetu duten subiranistei botoa ematea, hain zuzen ere”. Hala, esan du, hil honen 10eko hauteskundeetan “boto erabilgarria boto subiranista da”. Iriarteren esanetan, “antzinako garaietara eraman nahi gaituzten horiei aurre egingo dien boto bakarra errepublikazalea eta subiranista da, demokrazian, berdintasunean eta eskubideetan oinarritzen den oraina eta etorkizuna bermatzen duen bakarra”.


Iriartek ziurtatu du PSOE PPren abstentzioarekin saiatuko dela Pedro Sanchez presidente izendatzen, atzo bertan Gasteizen Sanchezek berak bide hori espresuki baztertu zuen arren. Hala eta guztiz ere, ohartarazi du Iriartek, “hemen ez dugu ahazten Patxi Lopez eta Antonio Basagoiti elkarrekin egon zirela Jaurlaritzan, ezker abertzalearen ilegalizazioari esker”, eta oraingoan ere jokaldia errepikatuko dutela erantsi du, boto subiranistak eragotzi ezean. “PPren abstentzioarekin inbestidura aurrera ateratzea bilatuko du PSOEk, kontrarreforma eta inboluzio antidemokratikoaren alde gero eta nabarmenago egiten ari direlako”. Are gehiago, “PPk prezioa ere jarriko dio abstentzio horri: Kataluniaren eta independentista guztien aurka jarrera are gogorragoa izatea”.


Mertxe Aizpurua: “Haserrea boto bihurtzeko aukera”


Mertxe Aizpurua Gipuzkoako zerrendaburuak ere “Estatuaren inboluzio antidemokratikoa” salatu eta oinarrizko eskubideen urraketak ekarri ditu gogora: “Taberna batean gertatutako borroka batengatik Altsasuko gazteak urteetan espetxean ditu eta izango ditu, 100 urteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Kataluniako ordezkari politikoei eta sozialei hautestontziak jartzeagatik eta, bitartean, zigorrik txikiena jartzen die talde bortxatzaileei”.


Aizpuruak ezinbestekotzat jo du “astakeria horiei erantzutea”, euskal jendarteak jada egin duen moduan, “lehendabizi Donostiako kaleak betez, Katalunian gertatzen ari dena salatzeko eta beraiek ere beren etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabaki nahi dutela aldarrikatzeko, eta aurreko larunbatean Iruñean, Altsasuko gazteei eta haien familiei elkartasun eta babesa emanez”. Bada, Donostian eta Iruñean bezala, datozen hauteskundeetan, haserre hori adieraztera deitu du Aizpuruak, “haserrea botoak bilakatzeko aukera paregabea daukagu orain”. Izan ere, “Espainiako Estatutik datozen injustiziei erantzuteko aukera eta tresna bezala hartu behar ditugu hauteskunde hauek”.


Egungo eszenatoki politikoan, azaldu du, “EH Bilduren botoak esangura argia dauka: justiziaren aldeko botoa da, injustizien aurrean; askatasunarena, inoiz eman behar ez ziren espetxe zigorren aurrean; duintasunarena, murrizketa sozial eta ekonomikoen aurrean. Finean, EH Bildurena erantzun botoa da, Estatuaren deriba antidemokratikoaren aurrean”.

Aizpurua: “Subiranisten elkarlanak eta indar metaketak bakarrik ekidin dezake Sanchez eskuinaren besoetan erortzea”

Gipuzkoako zerrendaburuak ohartarazi du Pedro Sanchezek eta PSOEk kontrarreforma antidemokratikoaren bidea hartu nahi dutela, eta azpimarratu du hori galarazteko ezinbestekoa dela subiranistak hauteskundeetatik indartsu baino indartsuago ateratzea, Gobernua baldintzatu ahal izateko.

| 2019-11-01 17:59:00

Mertxe Aizpurua, EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburua Ordizian izan da gaur eguerdian Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramailearekin batera hauteskunde kanpainaren baitan. Aizpuruak duela egun gutxi batzuk Llotja de Marreko manifestuan argi irudikatu zen subiranisten elkarlanaren eta indar metaketaren garrantzia azpimarratu du, “horrek bakarrik ekidin dezakeelako Pedro Sanchez eskuinaren besoetara erortzea, kontrarreforma autoritarioan sakontzeko”. Honen ildotik, erantsi du Gipuzkoako zerrendaburuak “subiranistek baldintzatutako gobernu batek bakarrik egingo du ezinezko eskuinaren eta Estatuko botereen nahiak eta desioak gauzatzea”.


Ohartarazi duenez, Sanchezek bazter utzi du apirileko hauteskundeetako kanpainan zabaldu zuen mezua, ustez, berritzailea eta “gaur betiko PSOE” baino ez du ordezkatzen. “Sanchezek eta Estatuko botereek iraganerako bidaia batean sartu nahi gaituzte, ez dute nahi gizarte eta herri hobeak eraiki ahal izateko Kataluniak eta Euskal Herriak autodeterminazio eskubide demokratikoa praktikan jartzea”, baina “horren guztiaren aurrean Herrialde Katalanetako, Euskal Herriko eta Galiziako subiranisten elkarlana dago, oinarrizko balio demokratikoen defentsarako indar metaketa dago, hauteskunde hauetan autoritarismoaren eta demokraziaren arteko partida jokatzen delako”.


Aizpuruak gogora ekarri du gaur Pedro Sanchez bera dagoela Euskal Herrian, “baina gaur ezin izango du kontatu oraingoan bai, oraingoan ados jarriko dela Podemosekin”. Izan ere, “gaur ez dator aurreko hauteskunde kanpainako mezuarekin, ez, PSOE berrituko zuelako mezu hura bidean galdu zelako, eta gaur egun Sanchez betiko PSOE delako eta betiko PSOE ordezkatzen duelako”.


“Sanchezek argi utzi zuen hauteskundeak deitu zituenean: ez du nahi indar subiranistek baldintzatuko gobernu bat, Espainiako Estatuak bizi duen egiturazko krisia konpontzeko duen soluzioa kontrarreforma antidemokratikoa delako, eta, jakina, ekuazio horretan ez gara sartzen independentistak, eta Podemos ere ez. Estatuko botereen nahia eta borondatea kontrarreforman
sakontzea da, eta horretarako alderdi handien arteko Estatu itunak behar dituzte”. Hortaz, berretsi du Aizpuruak kontrarreforma hori galarazteko modu bakarra subiranistak hauteskundeetatik indartsu baino indartsuago ateratzea da, Madrilgo Gobernua baldintzatu ahal izateko.


Maddalen Iriarte: “Demokrazia edo inboluzio antidemokratikoa, eskubideak edo murrizketak, hori da jokoan dagoena”


Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak ere kontrarreforma demokratikoaren arriskuez ohartarazi du Ordizian, mehatxu horri aurre egiteko borrokan “asko dugulako jokoan hauteskunde hauetan”. Horren ildotik azaldu duenez, “Araban eta Nafarroan aukerak argiak dira: edo EH Bilduk lortzen du ordezkaritza edo, bestela, PPk lortuko du. Demokrazia edo inboluzio antidemokratikoa, eskubideak edo murrizketak, hori da jokoan dagoena”. Hori dela eta, “aurrerakoiak eta ezkerrekoak sentitzen diren eta balio demokratikoetan sinesten duten herritarrei” EH Bildu bozkatzera deitu die,
“EH Bildu delako aukerarik onena, ondoen ordezkatuko dituena eta, gainera, EAE osoan PP eta Espainiako eskuina ordezkaririk gabe utziko dituena”.


Iriartek gaineratu duenez, “euskal gizarteak azaroaren 10ean aukera izango du apirileko
hauteskundeetan eman zuen lezioa berriz ere errepikatzeko eta Espainiako eskuina berriz ere
ordezkaririk gabe uzteko. Berriz ere aukera izango dugu Casado eta enparauei esateko euskal
gizarteak ez duela nahi ez inboluziorik ez murrizketarik, herritar guztien eskubideak errespetatuko diren gizarte demokratiko batean bizi nahi dugula”.

ALBISTEAK

Xua bere gurasoekin etxera ekartzeko eskatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

2020-01-08 16:01:00

Gipuzkoako Batzar Nagusietako 4 alderdik (EAJ, Elkarrekin Gipuzkoa, PSE eta EH Bilduk) Xua Etxera Gurasoekin plataformak egindako eskaria aurkeztu eta onartu dute.

Gipuzkoako aurrekontuek uko egin diete zaintza duintzeari

2019-12-20 13:43:00

Gaur Batzar Nagusietan onartu diren aurrekontuei ezezkoa adierazi die EH Bilduk. Juan Karlos Izagirrek adierazi du ezin dela ulertu gizarte politiketan dauden beharrei ez erantzutea eta bitartean justifikatu gabeko gastuak proposatzea.

Hondartzetako sorospen zerbitzua Aldundiak kudea dezala eskatu dute EH Bilduk eta kostako herrietako alkate eta zinegotziek

2019-12-04 16:20:00

EAJ eta PSEk udalerrietan onartutako eskaera atzera bota izana guztiz arduragabea da. Herriek ezin diete aurre egin zerbitzuaren kostuari eta herritar nahiz bisitarien segurtasuna dago jokoan.