Gipuzkoa

Gipuzkoako basoen egoera larriari aurre egiteko ponentzia bat sortzeari uko egin diete EAJ-PSEk

| 2019-12-02 12:48:00

Gipuzkoako basoen eta mendien egoera kontuan izanik eta egun gure inguruneak eta klimak bizi duten larrialdi egoera ikusita, EH Bilduk Basogintza politikaren inguruko ponentzia bat eskatu du Batzar Nagusietan baina EAJ eta PSEk kontra egin dute, aditu eta eragileen ekarpenak jaso eta partaidetzari atea itxiz, euren esanetan, Aldundia lanean ari omen delako. PP eta Elkarrekin Gipuzkoak EH Bilduren proposamenaren alde bozkatu dute.

 

Hau izan da Mirene Begiristainen hitzartzea basogintza batzordean:

 

Gipuzkoako mendi-lurren egoera guztiz aldatu zen XVIII. mende bukaeratik XIX. mende hasierara, jabetza publiko eta komuna izatetik jabetza pribatura izatera pasa zirelako. Jabetza komunalak lurraldekako eta, batez ere, komunitateen araberako kudeaketa izatea suposatzen zuen. Gizarte antolatu eta zehatz batek bere jabetza komunaleko lurren gainean erabakitzen zuen; zer, nola eta noiz egin, elkarren arteko adostasunak bilatu eta unean uneko erabakiak hartuz gauzatzen zen.

 

Antolamendu modu hori aldatzen joan da modu desberdinean Euskal Herrian zehar, eta zehazki, Gipuzkoako kasuan, lurraren eta basoen jabetza pribatu izatera pasatu da hein handi batean. Eredu honek, administrazio mailan, basoarekin herriak duen harremanean zein maila ekonomiko eta ekologikoan errealitate jakin bat eraiki du, eta hainbat arazo sortu ditu ere bai.

 

Gipuzkoako baso kudeaketa Eusko Jaurlaritzak eginiko 177/2014 DEKRETUAn, 2014ko irailaren 16koan, behin betiko onartzen du EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala. Lurralde plan honek, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako nekazal lur eta baso-lurrak antolatu eta arautzen ditu. Araua orokorra da, ondoren herriz herri egingo den Hirigintza Araudiaren Plan Orokorrak (HAPO) zehaztuko du erkidegoko marko orokorrak emandako irizpideak jarraituz lurraren erabilpen zehatza. Baina praktikan, aukera hauek muga anitzekin topatu dira, hala nola, Aldundiak baimen asko eman behar dituela hainbat eskumen eta ikuskeren arteko talka sortuz. Horregatik ere zein arazo eta egokitzapen behar diren aztertzea behar-beharrezkoa da.

Horrez gain, antolaketa lege hauek gizartetik oso urrun kokatu dira, eta gizartearen zati txiki batek ezagutu eta erabili ditu. Teknikarien ikuspuntuetara egokitu dira lurren erabilerak, teknikotasun handiko araudiz antolatu dira. Honek oraindik ere konplexuago egin die herritarrei lurraldearekin izan dezaketen harremana, araudia herritarren inolako parte hartzerik gabe gauzatu baita.

 

Gizartea eta basoaren artean daukagun harremana birpentsatu beharra daukagu arlo ekonomikoan ere. Gipuzkoan garatu den basogintza ereduari erreparatzen badiogu, Foru Aldundiaren gidaritzapean azken hamarkadetan garatu den basogintza politika merkatu globalizatu batean lehiatzeko diseinatua izan da, mundu mailako merkatuen merkantzia joan etorrian txertatzeko helburuarekin. Gainera, basoaren aniztasuna alde batera utzi eta egur ekoizpenean zentratu da. Espezie bakarreko (Intsignis Pinua) landaketak, egur ekoizpen hutsa du helburu, ekoizpen azkarra, kantitate handietan, kalitate baxua eta ingurugiroarekiko bortitza. Egia bada ere urteetan baserritar askori lagungarri egin zaiela eredu hau, gaur egun, agerikoa da iraungitze data duen eredua dela, espezie bakarreko landaketen ahulezia eta arriskuak orain ordaintzen ari baikara.Lurraren emankortasunean dauden arazo larriak ere aipatzekoak dira. Orokorrean, esan genezake basogintza eredua ez dela gizartean behetik gorako eztabaida baten emaitza izan, ezta ere klase baxuenen beharrizanetara egokitutako eredua, kapitalean intentsiboaren, hau da, zerrategiak eta paper fabriken,  mesedetan izan da.

 

Horrez gain, 35.000 hektarea pinudi oso kaltetuta eta beste 60.000 hektarea gaitzak eraginda daude dagoeneko EAEn, “banda marroia” izenarekin ezagutzen dugun gaitzarekin, arbolak akabatzen ari den onddoak kutsatuta. Gaitz honek kalteturiko lurrazala bikoiztu egin da azken hilabeteotan, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuaren arabera. Horretarako, urtero bezala, Gipuzkoako basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko 2019 diru laguntzen oinarri arautzaileak eskaini ditu Aldundiak. Aldundiak zera aipatzen du: “Gipuzkoako baso sektorea indartzeko diru laguntza deialdia da”. Zentzu honetan, diru laguntza hau urtero atera da, baina basogintza sektorearentzako diru laguntza hauek zenbateraino lagundu duten baso politika bat lantzen zalantzagarria izan daiteke,  basogintza eta egurgintza zenbateraino nahastuak izan diren mahai gainean jarriz.

 

Halaber, basoa eta lehen sektorea eta baserrien egoeren arteko lotura ikuskera eta ekosistema berdin baten parte dira. Zentzu horretan, monolaborantzan oinarritutako basogintza basoa al da?. Galdera horren baitan koka daiteke lurraldearen degradazioa loturik dagoela eragile desberdinek euren baliabide ekologiko, tekniko, ekonomiko, politiko eta sinbolikoen erabiltzeko duten agentzia potentzialtasunari.

 

Beraz, talde txostengilea sortzea eskatzen da Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Inguruneko batzorde honi lotuta, eta talde txostengileak aztertu beharko du zehazki Gipuzkoako egungo basoa eta basogintzaren egoera zehatza. Bertan, monolaborantzak eragindako kalteak zehazki ezagutu, egungo basogintza politikak eta honi lotutako zeharkako elementuei Gipuzkoako administrazio desberdinetan kudeaketa eredu egoki bat garatzeko sortzen dituen arazoak eta aukerak aztertzu beharko du. Etorkizuneko baso eta basogintzaren ikuspegi nola eta zein ereduari lotuta birplanteatu daiteken sakon eta modu lasaian hausnartu beharra dago, izan ere,  urgentea eta premiazkoa da gipuzkoarrontzat eta Gipuzkoaren etorkizunerako joan den 'Gure Lurra Jardunaldian' bertan adituen azpimarratu zituzten dimentsio ekonomiko, sozial eta ekologikoak modu integralean baloratzea. 

Ponentzia honetarako, baso eta basogintzari lotutako herri, eskualde eta Gipuzkoako aditu, proiektua zein lehen sektoreko eragile eta gorago aipatutako eragile ekonomiko ezberdinekin hausnarketak jasoko dira, saioak publikoak izanik. Beharrezkoa ikusten bada, beste lurralde batzuetako adituak edo eragileak ekartzeko aukera ere baloratuko da, euren hausnarketa talde txostengile honen helburuak lortzeko ekarpen baliotsua izango delakoan.

Egokia bada, Batzar Nagusietako Mahaiak onartu eta gero, aurrekontu bat egokituko zaio.

 

Azterketa bukatutakoan taldeak txosten bat egingo du, alde batetik, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko batzordean aurkeztuko da; eta bestetik, euren hausnarketen bidez hausnarketa aberastu duten aditu, proiektu zein eragile denei txostena ere bidaliko zaie bide elektronikoaz.

Eskaeran adierazten den moduan, talde txostengileak bere lanak 2020ko maiatzerako burutu beharko lituzkete.

Beraz, ehbildu taldeak eskaera zintzo hau luzatzen die talde danei, gaur hemen bilduta gauden taldeen erantzukizuna da Gipuzkoako basoen eta mendien egoerak hobetzeko hartu behar diren erabakiak eztabaidatzeko espazioa irekitzea. Baliatu dezagun ongizate komunerako.

Gipuzkoak 79 milioi gehiago jasoko lituzke ezkutu fiskala kendu eta sozietateen gaineko zergan kendutako bi puntuak errekuperatuz

| 2019-11-28 14:06:00

- Iruzur fiskalari behar bezala aurre eginez, 200 milioi euro gehiago bilduko lituzke
Gipuzkoak.


- Goi karguen soldataren gehiegizko igoera eta propaganda hutsala kenduta, beste 2,5 milioi
gehiago jasoko lituzke Diputazioak.


EH Bilduk Osoko Zuzenketa aurkeztu die Gipuzkoako Aldundiko EAJ-PSEk proposatutako aurrekontuei. Bi arrazoi nagusirengatik: askoz ere gehiago bildu daiteke eta ezberdintasunak murrizteko askoz ere hobeto banatu daiteke. Zerga-sistemaren inguruan, bi dira desadostasun nagusiak:


1. Ezkutu fiskala eta sozietateen gaineko zerga: Gipuzkoako aberatsenek eta Fortuna Handiko jabeek ez dute neurriko ekarpena egiten, eta soldatapeko langileen eta kontsumitzaileen bizkar gelditzen da jasotako guztiaren hiru laurdena. EH Bilduk, besteak beste, ezarri berri den ezkutu fiskala bertan behera uzteko eskatzen du, horrela, 32 miloi inguru gehiago jasoko baitira. Bestalde, sozietateen gaineko zerga bi puntu jaitsi dute azken urtetan. Bi puntu horiek errekuperatuz, Gipuzkoako 47 milioi gehiago bilduko lituzke 2020an.
32 + 47= 79 milioi gehiago.


2.- Iruzur fiskala: Aldundiak ezin du ontzat eman oraindik ere urtero 700 miloi inguruko iruzurra izatea Gipuzkoan. Iturri desberdinak kontsultatuta esan daiteke Gipuzkoan azpiekonomia %17-20an kokatzen dela, eta aurrekontu hauekin ez da honekin bukatzeko indar nahikorik jartzen. Horretarako ezinbestekoa da baliabide gehiago jartzea. Horregatik, iruzur fiskalari aurre egiteko 100 lanpostu berri proposatzen ditugu, horretarako 4 milioiko partida bideratuz. Neurri horiekin,
200 milioi euro gehiago jasotzea aurreikusten dugu.

79+200= 279 milioi gehiago. Bildutako horretatik guztitik beste instituzioetara bideratu beharreko
kopuruak bideratu ondoren, 47,5 milioi gehiago izango lituzke Foru Aldundiak.

Bestalde, aurrekontuetan proposatzen den Diputatu eta Goi Karguen soldaten igoera kentzea proposatzen dugu. Soldaten %8,2aren igoera aurreikusten da, hau da, urtean 500.000 euro ingurutik gora gehiago. Gainera, autopropagandarako eta automarketing-erako ia 2 miloi kentzea proposatzen du EH Bilduk, justifikatuta ez dauden “Etorkizuna Eraikiz” aitzakian jarritakoak.
500.000+2.000.000= 2,5 milioi
Beraz, 47,5+ 2,5 milioi: 50 milioi gehiago guztira Diputazioko aurrekontuetarako.


Diru hori guztia benetako beharretara bideratu eta Gipuzkoako desorekak orekatzeko bideratzea eskatzen dugu. Gizarte politikoetan asko hitz egiten da eraikin berriaz (Adin Berri) baina ez da aipatu ere egiten egoitzetan dagoen lan gatazka, momentu honetan gure aiton-amonek jasotzen duten zerbitzu eskasa, zaintza mundua duintzeko neurriak, etxez etxeko zerbitzua bermatzeko laguntzak eskasak dira... EH Bilduren zuzenketen bitartez, honakoak proposatzen ditugu, besteak
beste: 7 milioi gehiago egoitzetako lan gatazka konpontzeko, 4 milioi gehiago etxez etxeko zerbitzua indartzeko eta 5 milioi gehiago senitartekoak etxean mantentzeko diru laguntzetan.


Gobernantza departamentuari dagokionez, kontratu guztietan klausula sozialak betearazteko eta kontratazioetan 1.200 euro soldata minimoa bermatzeko diru-gehigarria eskatzen dugu, baita herrietan prozesu parte hartzaileak bultzatzeko 350.000 euro gehiago ere.


Berdintasun zuzendaritzara bideratutako partidak ez du betetzen Foru Arauak agintzen duena. EH Bilduk 1,8 milioi gehiago proposatzen ditu berdintasun politikak indartu eta indarkeria matxistaren aurka egiteko eta legealdi honetan 2,2 milioitik 8,8raino igotzea eskatzen dugu.


Gainera, aldaketa klimatikoaren aurka egiteko, benetako politika eraginkor eta jasangarriak egiteko diru-partidak aurreikusten ditugu. Eta beste zenbait zuzenketa aipatzeko, lehen sektorea indartzeko proposatzen ditugu erreleboa eta instalakuntzak sustatzeko eta modu juridiko berriak garatzeko. Bigarren sektorean transizio teknologikoan laguntzeko, turismo jasangarriaren alde egiteko eta bertako merkataritzari laguntzeko partida berezia sortuko genituzke.

ALBISTEAK

Zergaitik baino, zertarako jan baserritarrek ekoizten dutena?

2020-04-02 11:53:00

Mirene Begiristainen, Gipuzkoako EH Bilduren batzarkidearen iritzi artikulua

"Garrantzitsuena momentu hauetan osasuna lehen planoan jartzea da"

2020-03-30 11:29:00

Juan Karlos Izagirrek, Gipuzkoako EH Bilduren bozeramaileak, Covid-19 birusan zentratutako elkarrizketa eskeini dio Hamaika Telebistari

Koronabirusaren ondorioz adinekoen egoitzetan babes neurriak indartzeko beharra nabarmendu du EH Bilduk

2020-03-25 17:09:00

Aldundiari dagozkion egoitza publikoetan eta plaza kontzertatuak dituztenetan EPIak eta test frogak nola banatzen ari diren galdetu du EH Bilduk.

Koronabirusa: neurriak eta mezuak

2020-03-23 15:05:00

Egun zail hauetan Gipuzkoako EH Bildu osatzen duten udal taldeek hainbat neurri proposatu dituzte Covid-19 birusaren hedapena etete nahian.