Gipuzkoa

Prekarietatea amaitzea, gazte eta emakumeei begira bereziki, lehentasuntzat izango duen gobernu bat osatzeko konpromisoa hartu du Iriartek

Maddalen Iriarteren ustez, uztailaren 12an hautatu behar da: edo EAJren eredua, prekarietatera kondenatzen gaituena, edo EH Bildurena, segurtasuna ematen duena. 33.000 lanpostu sortu, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezarri eta alokairu publikoko 11.000 etxebizitza eskaintzeko plana azaldu du.

| 2020-06-29 19:13:00

“Merezi dugun herria eraikiko duen eta, gazteei eta emakumeei arreta berezia eskainiz, prekarietateari amaiera emango dion gobernua osatzeko konpromisoa” hartu du Maddalen Iriartek gaur goizean Donostian. “Gurea bezalako herri aurreratu batek ezin du onartu Europako lan-prekarietate tasarik altuenetako bat izatea”, erantsi du, “jendearen oinarrizko eskubide guztiak babesteko konpromisoa ere” hartu aitzin.

EH Bilduren lehendakarigaiak berretsi du uztailaren 12an bi aukera egongo direla mahai gainean: prekarietatera kondenatzen gaituen EAJren eredua eta herritar gehienei segurtasuna eta ziurtasunak ematen dizkien EH Bildurena. Horri jarraituz, koalizioak prekarietatea desagerrarazteko eta herritarren eskubideak bermatzeko plan bat eta borondate politiko osoa duela adierazi du, bai eta neurriak zehaztu ere: 33.000 lanpostu berri sortu eta arriskuan dauden 100.000 lanpostuei eustea, 1.200 euroko gutxieneko soldata, lan erreforma ez aplikatzea, 35 orduko lan astea enplegua banatzeko eta, etxebizitza eskubidea bermatzeko, alokairu publikoko 11.000 etxebizitza herritarren eskura jarri eta alokairuaren prezioa mugatzea”.

Iriartek konpromiso horiek guztiak zehaztu ditu bere auzoan, Antiguan, gazte ugarirekin egindako ekitaldi batean. Izan ere, toki horretan “oso ondo irudikatzen da batzuek haientzat prestatu duten etorkizun iluna, segurtasunik eta eskubiderik gabea, prekarietatean oinarritutakoa”. Salatu duenez, Donostiako auzo horretan “familia askok, 500 baino gehiagok, beren etxebizitzak gal ditzakete putre-funts batek espekulatzeko erosi dituelako, eta familia horiek bota nahi ditu negozioa egiteko”, baina instituzioek ez dute operazioa galarazi. “Hau da merezi dugun herria? Erakundeetatik ezin dugu ezer egin hori saihesteko?”.

Horren aurrean, EH Bilduren lehendakarigaiak azpimarratu du “erakunde publikoen lehenengo eta funtsezko eginkizuna jendea babestea izan behar dela, gure jendeak etorkizun duina ziurtatuta izateko politikak indarrean jartzea”. Ziurtatu duenez, “egin daiteke, borondate politiko kontua da, Urkulluren Gobernuak urrunetik ere izan ez duen borondate politikoa, alegia, bere lehentasunak beste batzuk direlako”.

Epaia irmoa izan bitartean AT bidesarietan kobratzeari utzi eta orain arte bildutakoarekin funts bat sortzeko eskatuko dio EH Bilduk Aldundiari

Horrela ez egitea arduragabekeria izugarria da; kontrako epaia berresten bada, orain arte bildutako diru guztia bueltatu beharko du Aldundiak eta bitartean zuloa handitzen ari da.

| 2020-06-16 16:36:00

Bihar, asteazkena, Aintzane Oiarbide diputatuak agerraldia deitu du Bide-Azpiegitura batzordean, bidesarien 6/2018 Foru Arauaren aurkako epaiaren inguruan argibideak emateko. Dagoeneko, kontrako epaia jaso duen bigarren Foru Araua da honakoa. Egoeraren aurrean, EH Bilduk hiru eskaera egingo dizkio Oiarbideri:

- Auzitegi Gorenaren balizko aurkako epaiari aurre egiteko, AT sistemaren bitartez orain arte jaso den dirua funts-hornidura ekonomikoa martxan jartzeko erabil dezala Aldundiak.

- Era berean, Gorenaren epai irmoa iritsi bitartean, kobrantza geldiarazteko, balizko kontrako epai baten aurrean, orain arte kobratutako zenbatekoak itzuli behar izango balira, zulo ekonomikoa handitzen baino ez delako ari Aldundia.

- Alternatibak aztertu eta landu ditzala, behin betiko ixteko Gipuzkoako gaitasun handiko errepideen finantzazioaren afera.

ALBISTEAK

Maddalen Iriartek autokritika eskatu dio Urkulluri Osakidetzako langileen osasuna arriskuan jartzeagatik

2020-07-05 21:27:00

Lehendakarigaiak oso larritzat jo du Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, osasun larrialdian Osakidetzak bertako langileak arrisku larrian ipini zituela egiaztatu duelako. Hori urteetako murrizketen ondorio izan dela esan du Iriartek, eta salatu du Urkulluk are murrizketa gehiago egin nahi dituela hala eta guztiz ere.

Maddalen Iriarte: “Gure herria zutik jarri nahi duela dio Urkulluk, zutik Euskadin, belauniko Madrilen”

2020-06-30 21:36:00

Gipuzkoako ekitaldi nagusia Donostian izan da gaur, Arkaitz Rodriguez eta Mertxe Aizpuruarekin.

Iriarte: “Urkulluk Ibarretxe Plana alfonbra azpian ezkutatu du, erabakitzeko eskubidearen etsaiek belarriekin txalo egiten duten bitartean”

2020-06-30 13:32:00

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko oztopo izatea eta hitza ez betetzea egotzi dio Iriartek EAJko hautagaiari, eta burujabetzaren aldeko botoa eskatu du. “Norbaitek uste al du Urkullu eta Mendiaren gobernu batek gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea defendatuko duela?”.

Nerea Kortajarena: “EH Bilduk 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko konpromisoa du”

2020-06-29 19:23:00

Gipuzkoako zerrendakideak euskal instituzioek eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko borondatea erakutsi du miseriazko pentsioak amaitzeko.