Gipuzkoa

Gipuzkoako Basozainen elkarteak agerraldia egingo du Batzar Nagusietan

| 2020-01-11 06:52:00

EH Bilduren eskariz, datorren astelehenean (urtarrilak 13) goizeko 9:30ean agerraldia egingo du Gipuzkoako Basozeinen elkarteak, Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Batzordean. EH Bilduk garrantzitsu ikusten du basozainen egoera aurrez aurre eta lehen eskutik jasotzea. Besteak beste, Aldundiaren eskumenetan sartzen den Guardia Zibilak EAEn sortu nahi duen ingurumen delituen aurkako taldea sortzeak euren zereginetan izan dezaken eraginak kezka piztu du basozainen artean.

 

Bestalde, joan den legealdian batzordeak abiatu zuen lanean oinarrituz, eta Gipuzkoako basozainen egoera eta euren funtsezko funtzioak medio, hausnarketarekin jarraitzearen beharra ikusten du EH Bilduk. Izan ere, bidean geratu ziren hainbat gaien lanketa, besteak beste azpimarragarriak dira basozainen zereginen eta antolaketaren inguruko eztabaida eta Uliker txostenaren edukia eta txostena bera garapenaren modua.


 

Xua bere gurasoekin etxera ekartzeko eskatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Gipuzkoako Batzar Nagusietako 4 alderdik (EAJ, Elkarrekin Gipuzkoa, PSE eta EH Bilduk) Xua Etxera Gurasoekin plataformak egindako eskaria aurkeztu eta onartu dute.

| 2020-01-08 16:01:00

Xua Lasagabaster Uranga Picassenteko (Valentzia) espetxean jaio zen eta urtarrilaren 19an hiru urte beteko ditu. Espainiar legediaren arabera, ezingo du bere amarekin espetxean jarraitu. Bere gurasoek, Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangak, euren espetxe zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenez, baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea dute. Horregatik, ebazpen honen bitartez, salbuespen legedia alboratu eta Xua gurasoekin etxera ekartzea eskatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. “Justiziagatik, gurasoengandik ez lituzkete banatu beharko, baina baita elkarbizitzaren mesedetan ere”, esan du Aittor Arantzabal batzarkideak eta balorean jarri nahi izan du gaur gaiaren inguruan izandako adostasuna; aurrerapauso garrantzitsutzat jo du lau alderdik ebazpena batera aurkeztu izana.


“Argi dago euskal jendarteak konponbiderako pausuak eskatzen dituela eta horretan lanean jarraituko dugu”, esan du Arantzabalek eta deia luzatu du larunbat honetan Sarek deitutako Bilboko eta Baionako manifestazioetan parte hartzeko.

 

Urtarrilaren 30ean greba egiteko nahikoa arrazoi dagoela esan du EH Bilduk

Urtarrilaren 30eko Greba Orokorra babesteko ebazpena aurkeztu du EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jon Zulueta batzarkideak adierazi du Gipuzkoan badaudela nahikoa baliabide ekonomiko, juridiko eta instituzional dauden ezberdintasun sozial guztiak konpontzeko, pobrezia eta prekarietatea “zero” lurralde bat izateko, baina “borondate politiko ezta” salatu du. Gaineratu du Gipuzkoako Aldundiak badituela prekarietateari eta aberastasunaren banaketa orekatuari aurre egiteko baliabideak: “Errekaudazioan edo diru bilketan errekorrak hausten gabiltzala lau haizetara zabaltzen duzuen honetan, gogorarazi beharra daukagu sortzen den aberastasunaren birbanaketa desorekatuak ez duela justizia soziala lortzeko oinarri sendorik jartzen. Jendartearen hausturan sakontzen du eta pobreziaren kronifikazioa luzatzen du”.

 

Hori dela-eta, erakunde ezberdinei luzatutako eskaeren artean, honakoak zuzendu dizkio Aldundiari: Gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzeko neurri zehatzak aktibatu ditzatela; enplegu egonkorra sustatu eta kontratazioan ematen den iruzurra zigortzea; soldata gutxitu gabe lanaldia 35 ordura jaisteko neurriak abiatzea; bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea; zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera; kontratazioan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexuidentitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea; eta klausula sozialak ezartzea administrazioko kontratazio guztietan, besteak beste, erakunde publikoentzat lan egiten duten enpresetako langileentzat 1.200 euroko gutxieneko soldata ezarriz.

 

Ebazpen proposamenak ez du aurrera egin. Elkarrekin Gipuzkoa abstenitu egin da eta gainerako alderdiek aurka bozkatu dute.

 

ALBISTEAK

Xua bere gurasoekin etxera ekartzeko eskatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

2020-01-08 16:01:00

Gipuzkoako Batzar Nagusietako 4 alderdik (EAJ, Elkarrekin Gipuzkoa, PSE eta EH Bilduk) Xua Etxera Gurasoekin plataformak egindako eskaria aurkeztu eta onartu dute.

Gipuzkoako aurrekontuek uko egin diete zaintza duintzeari

2019-12-20 13:43:00

Gaur Batzar Nagusietan onartu diren aurrekontuei ezezkoa adierazi die EH Bilduk. Juan Karlos Izagirrek adierazi du ezin dela ulertu gizarte politiketan dauden beharrei ez erantzutea eta bitartean justifikatu gabeko gastuak proposatzea.

Hondartzetako sorospen zerbitzua Aldundiak kudea dezala eskatu dute EH Bilduk eta kostako herrietako alkate eta zinegotziek

2019-12-04 16:20:00

EAJ eta PSEk udalerrietan onartutako eskaera atzera bota izana guztiz arduragabea da. Herriek ezin diete aurre egin zerbitzuaren kostuari eta herritar nahiz bisitarien segurtasuna dago jokoan.