Gipuzkoa

Albisteak

Maddalen Iriartek autokritika eskatu dio Urkulluri Osakidetzako langileen osasuna arriskuan jartzeagatik


Lehendakarigaiak oso larritzat jo du Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, osasun larrialdian Osakidetzak bertako langileak arrisku larrian ipini zituela egiaztatu duelako. Hori urteetako murrizketen ondorio izan dela esan du Iriartek, eta salatu du Urkulluk are murrizketa gehiago egin nahi dituela hala eta guztiz ere.

| 2020-07-05 21:27:00

Maddalen Iriarte Laudion izan da arratsaldean, eta gaur bertan ezagutu den EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia izan du hizpide nagusiki, bere iritziz, benetan larria delako epaileek ebaztea koronabirusaren osasun larrialdian Osakidetzak bertako langileen osasuna arrisku larri eta berehalakoan jarri zituela, lan arriskuen prebentzioari buruzko araudia ez betetzeagatik. Hori dela eta, Urkulluren autokritikak ere berehalakoa izan beharko luke, Iriarteren ustez, eta hala eskatu dio zuzenean EAJren hautagaiari: “Noiz egin behar duzu autokritika, Urkullu jauna, langileen osasuna arriskuan jartzeagatik? Noiz emango dizkiezu argibideak?”.

EH Bilduren lehendakarigaiak salatu duenez, Osakidetza gainbeheran iritsi da pandemia egoera honetara, osasun langilerik onenek baldintzarik txarrenetan aritu behar izan dute –3.000 langile inguru kutsatu eta bat hil da– eta Jaurlaritzak uko egin dio test masiboak egiteari. “Osakidetza Europa mailan puntan zegoela esan ziguten, baina bertako langileak plastikozko poltsak erabiltzen ikusi ditugu nola edo hala nork bere burua babesteko, eta, hildakoen kopuruari dagokionez, Europako bigarrenak gara, biztanleko, Belgikaren atzetik”.

Iriartek aditzera eman duenez, “Covid-ak biluzik utzi ditu euskal osasun sistema publikoaren josturak”, eta hori –egotzi dio Urkulluri– azken urteotako murrizketen ondorio zuzena da. “Sindikatu guztiek, osasuna jokoan jarri duten langileek, esaten dizute murrizketen erantzulea zarela, Urkullu jauna. Ez du balio zortzietan txalo egitea eta gero osasuneko profesionalak laguntzarik gabe uztea; esku batekin txalo egiten duzu eta bestearekin murrizketak egiten dituzu”.