AKTUALITATEA


| 2019-11-07 11:00:00

Jon Iñarritu Kongresurako hautagaiak hauteskunde kanpainan murgildurik jarraitzen du eta gaur goizean Donostian izan da, EH Bilduko alkate eta zinegotziekin batera, Arria parkean egindako agerraldian. Iñarritu pozik agertu da “euskal herritarrek gero eta konfiantza handiagoa daukatelako EH Bildurengan, eta horren erakusle da –gogorarazi duenez– EH Bildu izatea lehen indar munizipalista”. Bere iritziz, zergatia argi dago: “Euskaldunek badakite hemengo alderdiei emandako botoek bakarrik defenditzen dituztela beraien interesak”. Hori dela eta, “boto abertzalea, subiranista eta aurrerakoia emateko deia” egin die euskal herritarrei, “botoa EH Bilduri emateko, EH Bildurena delako Estatutik datozen erasoen aurrean euskal herritarrak zaintzen eta babesten dituen botoa”.


Iñarrituk “Estatuaren asmo birzentralizatzailea ase ezina” dela salatu du. “Eta ez du mugarik, gure ikasleentzako beken kopurua zein izan behar den ere esateraino” iristen baita, kritikatu duenez. Horren aurrean, agindu du EH Bilduko ordezkariek “euskal udalen autonomia eta burujabetza errespetarazteko modu aktiboan egingo dutela lan Madrilen, horrek herritarren
bizi baldintzetan eragin zuzena izango duelako”. Izan ere, “Estatuaren asmo birzentralizatzaileek modu zuzenean eraso egiten diote gure udalen autonomiari, Estatua baita gastu muga ezartzen duena eta gure udalen diru-sarrerak mugatzen dituena, eta
horrek, jakina, udalek jendeari eskaintzen dioten zerbitzua okertzea dakar”.


Horri jarraituz, Iñarrituk EH Bilduko hautetsien lana aldarrikatu du, are gehiago kontuan hartuta zer nolako ondorioak dituen Estatuaren inboluzioak tokiko instituzioetan, guztiz baldintzatzen baitu euren lana herritarren ongizatea bermatzerakoan. “Zuek zarete gure lan instituzionalaren oinarria, zuek zaretelako egunero herritarrekin batera egoten zaretenak eta haien premiak ondoen ezagutzen dituzuenak, baina ez da erraza euskal alkatea izatea, Espainiako Estatuak ere ez digulako errazten”.