AKTUALITATEA


| 2019-11-28 14:06:00

- Iruzur fiskalari behar bezala aurre eginez, 200 milioi euro gehiago bilduko lituzke
Gipuzkoak.


- Goi karguen soldataren gehiegizko igoera eta propaganda hutsala kenduta, beste 2,5 milioi
gehiago jasoko lituzke Diputazioak.


EH Bilduk Osoko Zuzenketa aurkeztu die Gipuzkoako Aldundiko EAJ-PSEk proposatutako aurrekontuei. Bi arrazoi nagusirengatik: askoz ere gehiago bildu daiteke eta ezberdintasunak murrizteko askoz ere hobeto banatu daiteke. Zerga-sistemaren inguruan, bi dira desadostasun nagusiak:


1. Ezkutu fiskala eta sozietateen gaineko zerga: Gipuzkoako aberatsenek eta Fortuna Handiko jabeek ez dute neurriko ekarpena egiten, eta soldatapeko langileen eta kontsumitzaileen bizkar gelditzen da jasotako guztiaren hiru laurdena. EH Bilduk, besteak beste, ezarri berri den ezkutu fiskala bertan behera uzteko eskatzen du, horrela, 32 miloi inguru gehiago jasoko baitira. Bestalde, sozietateen gaineko zerga bi puntu jaitsi dute azken urtetan. Bi puntu horiek errekuperatuz, Gipuzkoako 47 milioi gehiago bilduko lituzke 2020an.
32 + 47= 79 milioi gehiago.


2.- Iruzur fiskala: Aldundiak ezin du ontzat eman oraindik ere urtero 700 miloi inguruko iruzurra izatea Gipuzkoan. Iturri desberdinak kontsultatuta esan daiteke Gipuzkoan azpiekonomia %17-20an kokatzen dela, eta aurrekontu hauekin ez da honekin bukatzeko indar nahikorik jartzen. Horretarako ezinbestekoa da baliabide gehiago jartzea. Horregatik, iruzur fiskalari aurre egiteko 100 lanpostu berri proposatzen ditugu, horretarako 4 milioiko partida bideratuz. Neurri horiekin,
200 milioi euro gehiago jasotzea aurreikusten dugu.

79+200= 279 milioi gehiago. Bildutako horretatik guztitik beste instituzioetara bideratu beharreko
kopuruak bideratu ondoren, 47,5 milioi gehiago izango lituzke Foru Aldundiak.

Bestalde, aurrekontuetan proposatzen den Diputatu eta Goi Karguen soldaten igoera kentzea proposatzen dugu. Soldaten %8,2aren igoera aurreikusten da, hau da, urtean 500.000 euro ingurutik gora gehiago. Gainera, autopropagandarako eta automarketing-erako ia 2 miloi kentzea proposatzen du EH Bilduk, justifikatuta ez dauden “Etorkizuna Eraikiz” aitzakian jarritakoak.
500.000+2.000.000= 2,5 milioi
Beraz, 47,5+ 2,5 milioi: 50 milioi gehiago guztira Diputazioko aurrekontuetarako.


Diru hori guztia benetako beharretara bideratu eta Gipuzkoako desorekak orekatzeko bideratzea eskatzen dugu. Gizarte politikoetan asko hitz egiten da eraikin berriaz (Adin Berri) baina ez da aipatu ere egiten egoitzetan dagoen lan gatazka, momentu honetan gure aiton-amonek jasotzen duten zerbitzu eskasa, zaintza mundua duintzeko neurriak, etxez etxeko zerbitzua bermatzeko laguntzak eskasak dira... EH Bilduren zuzenketen bitartez, honakoak proposatzen ditugu, besteak
beste: 7 milioi gehiago egoitzetako lan gatazka konpontzeko, 4 milioi gehiago etxez etxeko zerbitzua indartzeko eta 5 milioi gehiago senitartekoak etxean mantentzeko diru laguntzetan.


Gobernantza departamentuari dagokionez, kontratu guztietan klausula sozialak betearazteko eta kontratazioetan 1.200 euro soldata minimoa bermatzeko diru-gehigarria eskatzen dugu, baita herrietan prozesu parte hartzaileak bultzatzeko 350.000 euro gehiago ere.


Berdintasun zuzendaritzara bideratutako partidak ez du betetzen Foru Arauak agintzen duena. EH Bilduk 1,8 milioi gehiago proposatzen ditu berdintasun politikak indartu eta indarkeria matxistaren aurka egiteko eta legealdi honetan 2,2 milioitik 8,8raino igotzea eskatzen dugu.


Gainera, aldaketa klimatikoaren aurka egiteko, benetako politika eraginkor eta jasangarriak egiteko diru-partidak aurreikusten ditugu. Eta beste zenbait zuzenketa aipatzeko, lehen sektorea indartzeko proposatzen ditugu erreleboa eta instalakuntzak sustatzeko eta modu juridiko berriak garatzeko. Bigarren sektorean transizio teknologikoan laguntzeko, turismo jasangarriaren alde egiteko eta bertako merkataritzari laguntzeko partida berezia sortuko genituzke.