Gipuzkoa

Albisteak

Aldundiak alokairurako etxebizitza parke publikoa handitu eta gehiegizko prezioei aurre egiteko fiskalitatean neurriak har ditzala eskatu du EH Bilduk


| 2020-02-05 13:21:00

Alokairuaren prezioa mugatzeko lege proposamena egingo du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean datorren astean eta Gipuzkoako Aldundiak ere, norabide horretan har ditzakeen neurriak hartzeko eskatu dio gaur EH Bilduk Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran.


“EAEn egun 115.000 familia bizi dira alokairuan, baina nola: ordaindu ezinda edo gorabehera askorekin. Alokairuaren prezioak 2013tik %25 egin duelako gora, eta azkeneko urtean alokairuaren kostea KPIa baino 8 aldiz gehiago igo da”, esan du Marian Beitialarrangoitia batzarkideak.


Horregatik proposatu du Aldundiak Eusko Jaurlaritzari eskatzea alokairu merkatu pribatuan zuzenean eragiten duten presazko neurriak har ditzala, besteak beste, alokairuaren prezioa mugatzeko tresnak legez arautuz.


Bestalde, EH Bilduk Aldundiari eskatu dio bere eskumen eta ahalmenen baitan, alokairurako etxebizitza-parke publikoa handitzeko politiketan urrats sendoak emateko. Aldi berean, Beitialarrangoitik gogorarazi du zerga ikuspegitik badagoela zer egin, alokairua ordaintzen duten herritarren kenkariak egokituz eta ponderatuz errenta mailaren arabera, baina baita alokairutik
errenta jasotzen duten pertsonei zergaren tipo altuagoak eta progresiboagoak ordainaraziz errenta mailaren arabera. Horregatik Aldundiari eskatu dio fiskalitatearen ikuspegitik neurriak har ditzala alokairuen gehiegizko prezioei muga jartzeko norabidean.