AKTUALITATEA


| 2019-10-04 12:33:00


Hondarribiko alkateak Zaldunbordan eraiki asmo duen outlet merkatalgune handia gelditzeko talde guztien adostasuna lortu nahi du EH Bilduk, bai Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta baita Gasteizko Legebiltzarrean ere. Gaur agerraldia egin dute Iker Casanova legebiltzarkideak eta Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako bozeramaileak. Eurekin izan dira Estitxu Elduaien batzarkidea, Xabier Isasi Hondarribiko zinegotzia eta Ane Unanue Irungo zinegotzia ere.


Casanovak guztien adostasunarekin legebiltzarrean onartutako legearen ibilbidea azaldu du. Izagirrek adierazgarritzat jo ditu Hondarribian eta inguruko herrietan lortutako adostasunak. “Zerbait adierazten dutela uste dugu”, esan du. Izan ere, Irungo alderdi guztiek aho batez Zaldunbordako proiektua gelditzeko eskatu dute eta Hondarribian ere, EAJ izan ezik, gainerako alderdiek bat egin dute eskaera berdinarekin.


EH Bilduk adierazi du Gasteizko legebiltzarrak aho batez lege bat onartu bezperan Hondarribiako alkateak aldebakarrez horrelako erabaki bat hartzea ondorio larriak ekarriko dituen arduragabekeria dela.

Besteak beste, Izagirrek nabarmendu du egun, zailtasun eta arazo asko dituen hurbileko eta kalitatezko denda eta komertzio txikiarentzat, desagertzera bultzatuko duen kolpea izango dela; kotxe pribatuaren erabilera bultzatuz, ingurumenaren ikuspegitik eredu ez jasangarri batean sakontzea ekarriko duela, klima aldaketaren aurkako lana oztopatuz -urtean 5 milioi desplazamendu espero dituzte-; eta, herri eta hirietako hizkuntza ohitura eta kulturan aldaketa nabaria sortuko duela, herri eta hiri bizitza gutxituz eta lotarako eremu huts bilakatzeko arriskuak areagotuz.


Hori dela-eta, datorren astezkenean Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran EH Bilduk ebazpen proposamen bat aurkeztuko du, ondorengoa eskatuz: Hondarribiko udalari eskatzea bertan behera uztea 2019ko ekainaren 26an onartutako dekretua, bertako merkataritzaren aldeko apustua berrestea eta 2019ko ekainaren 27an Eusko Legebiltzarrak onartutako ‘Establezimendu Komertzial Handien Lurralde Antolamenduari buruzko lege proposamena’-k dion bezala, adieraztea Gipuzkoak ez dituela behar azalera handiko merkataritza-gune gehiago.