AKTUALITATEA


| 2024-05-03 09:56:00

Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuaren agerraldia eskatu dute, udan baso suteak prebenitzeko langileak ez kontratatzeko erabakiaz azalpenak eman ditzan

Araba. 2024-05-03 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko Foru Diputatuaren agerraldia eskatu du, azalpenak eman ditzan udako suteak saihesteko baso-langileen brigada ez dutelako oraindik kontratatu.

EH Bilduk jasotako informazioaren arabera, Foru Gobernuak ez du oraindik erabaki udako baso suteak prebenitzeko langile taldea kontratatuko duen edo ez. «Honek, praktikan, eta kontuan hartuta dagoeneko maiatzean gaudela eta holako kontratazio baten tramitazioak bizpahiru hilabete irauten duela, esan nahi du aurten ez dela holako talderik egongo lanean Araban baso suteak prebenitzeko eginkizunak burutzeko eta, zoritxarrez behar izanez gero, itzaltzeko lanetan laguntzeko», adierazi dute EH Bildutik, erabakia oso larritzat jotzearekin batera, «kontuan hartuta klima aldaketak izugarri areagotu duela udako baso suteen arriskua eta hauen tamaina».

EH Bilduk gogora ekarri du, gainera, «indarrean dagoen Arabako Larrialdietako Planaren arabera, baso suteak direla, uholdeekin batera, gure lurraldeak datozen urteetan pairatu ditzakeen mehatxu handienak».

Hori hala izanik, diputatuaren agerraldia eskatu dute, Arabako Suhiltzaileak Erakunde Autonomoan egiten ari den kudeaketaz eta udako brigada horren kontratazioaren atzerapenaz azalpenak emateko.