AKTUALITATEA


| 2024-05-03 09:20:00

Egoitzaren eta Bernedo herrigunearen arteko pasealekua zuhaitzez eta atsedenlekuez hornitzea proposatu du, inplikatutako eragileen lankidetzarekin

Araba. 2024-05-03 | Bernedoko EH Bildu udal taldeak mozio bat erregistratu du hurrengo osoko bilkuran eztabaidatzeko. Bertan, adinekoen egoitzaren eta herriaren arteko pasealekuan hainbat zuhaitz landatzea eskatzen da, aterpe klimatikoak sortzeko.

EH Bilduren arabera, «krisi klimatikoa errealitate ukaezina da eta horren ondorioak gero eta nabariagoak dira: bero-boladak gero eta ohikoagoak izango dira eta iraupen luzeagoa izango dute, eta adinekoak bereziki kalteberak dira».

Hala, proposatutako eremua ez da kasualitatea, herria egituratzen duen eta egoitzaren erabiltzaileek eta haien senideek herriguneko eguneroko bizitzan parte hartzea sustatzen duen bidea baita. EH Bilduren arabera, «udako hilabeteetan ia ezin da errepide/espaloi tarte hori erabili, tenperatura altuak daudelako eta itzalik edo atseden eta geldialdi txikiak egiteko lekurik ez dagoelako. Langileek eta senideek behin baino gehiagotan eman dute egoera horren berri».

EH Bilduk badaki zein den Arabako Mendialdearen egoera zehatza, klima aldaketaren testuinguruan ingurune natural batean bizitzearen abantailari dagokionez, baina horrek ez du saihesten herriguneetako beroa. «Bernedon, eta, oro har, Arabako Mendialdean, tenperatura altuetatik babesteko lekuak eta espazioak aurkitzea erraza den arren, azken hamarkadetan hormigoia botatzeko eta bero-azalera islatzaileak sortzeko joerak zaildu egiten du jada jasaten ari garen bero-boladei aurre egitea».

Horrela, pasealeku hori zuhaitzez hornitzeko proposamenaz gain, EH Bilduk proposatu du, udalerriko Administrazio Batzarrekin batera, horrelako esku-hartzea beharrezkoa izan daitekeen beste espazio edo eremu batzuk aztertzea.