AKTUALITATEA


| 2024-04-19 08:16:00

EH Bilduren ekimenez, kontzejuetako lokalen inbentarioa egingo du Diputazioak, eta laguntza lerroa zabalduko du lokal horiek kultur emanaldietarako egokitzeko

Araba. 2024-04-19 | Arabako Batzar Nagusiek kultura Arabako herri guztietara eramatea ahalbidetuko duen mozioa onartu dute, EH Bilduren mozio batean oinarrituta.

EH Bilduk otsailean aurkeztu zuen mozioa, eta gaur onartu da Kultura eta Kirol Batzordean. Mozioan azaltzen zutenez, Gasteizen eta eskualdeburuetan anitza da kultur eskaintza, bertan baitaude azpiegitura kultural egokienak. «Lurraldeko gainerako lekuetan, herri txiki edo ertainetan, zailtasun handiak daude kultura-ikuskizunak edo -jarduerak egiteko; izan ere, kasu batzuetan kontzejuen (gizarte-etxeak edo beste batzuk) jabetzako lokalak badaude ere, lokal horiek ez daude gutxienez egokituta horrelako jarduerak egiteko», adierazi zuten EH Bildutik.

Azpiegitura arazoez harago, EH Bilduk uste du Arabako Foru Aldundiaren kultur eskaintza eskasak ez duela laguntzen kultura herrigune txikietara eramaten: «Aldundiak ez du apustu irmorik egin Arabako landa eremuko herri txikietan formatu txikiko kultura-jardueren urteko programazioa egiteko».

Inbentarioa eta laguntzak

Hori dela-eta, gaur EH Bilduk EAJ eta PSErekin adostutako mozioan, Arabako Diputazioari eskatu diote Arabako kontzejuen jabetzako lokalen egokitzapen teknikorako (argiak, soinua, etab.) zein bestelakoetarako (oholtzak, gortinak, etab.) laguntza-lerro bat ezartzea, formatu txikiko kultura-emanaldiak egin ahal izateko. Horretarako, mozioan Diputazioari eskatzen diote formatu txikiko kultur emanaldiak egiteko moduko lokalen inbentarioa egin dezan herriz herri, 2024. urtea amaitu baino lehen.

Mozioan, Arabako 2023-2028 Kultura Planaren garrantzia aitortzen da, eta berau zabaltzeko eskaera egiten zaio Foru Aldundiari. Azkenik, Arabako Foru Aldundiari eskatzen diote kultur emanaldiak Arabako herri txikietara eramateko apustua egin dezala, kontzejuetan txandaka egin beharreko formatu txikiko kultur jardueren urteko programazioaren bitartez.