AKTUALITATEA


| 2024-03-26 12:46:00

Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Sailak emandako jarraibide baten arabera, hemendik aurrerako eskatzaile berriei ez zaie eskainiko hiru orduko laguntza zerbitzu hori

Bastida. 2024-03-26 | Bastidako atzoko osoko bilkuran eztabaidatu zen Etxeko Laguntza Zerbitzuari eusteko EH Bilduk aurkeztutako mozioa. EH Bilduren mozioaren aldeko botoa eman zuten udalbatzako talde guztiek.  

Gaur egun, Araban, menpekotasun arriskua duten edo oraindik autonomoak diren 94 pertsonak dute Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, asteko hiru ordukoa. Hala ere, Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen sailak jarraibide bat igorri die Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei, arreta-orduak aldatzeko. Hala, 0 gradurako (pertsona autonomoak edo menpekotasun arriskuan daudenak), salbuespenezkoa izango da, eta ez zaio erabiltzaile gehiagori eskainiko.

Egoera hori ikusita, EH Bilduk mozio bat erregistratu zuen Bastidako udalean. Bertan, Arabako Foru Aldundiari eskatzen zaio instrukzio hori indarrik gabe uzteko autonomoei eskaintzen zaien zerbitzuari dagokionez. Izan ere, mendekotasun-arriskuan dagoen erabiltzaileari etxean egoten laguntzen dion oinarrizko zerbitzua da, eta etxeko laguntza zein laguntza pertsonala eskaintzen dizkio. Azken batean, bere etxean egoteko eta komunitatean integratzeko aukera ematen dio, isolamendu-egoerak saihestuz.

EH Bilduren ustez, Arabako Foru Aldundiaren jarraibide honek agerian uzten du landa eremuan zerbitzu gutxiago eskaintzen direla, eta horregatik eskatu dute jarraibidea bertan behera uztea, eta zerbitzua orain arte bezala mantentzea.