AKTUALITATEA


| 2024-03-26 09:16:00

Arabako Mendialdeko Kuadrillak abian jarri du indarkeria matxistaren aurkako protokoloak eguneratzeko prozesua. Horrela, joan den otsailean, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntzeko protokoloa sinatu zen. Plana egiten parte hartu dute Arabako Mendialdeko Kuadrillako oinarrizko gizarte-zerbitzuak, Mendialdeko IPI eta Maeztuko herri eskolak, Ertzaintzak eta Berdintasun Zerbitzuak. Horren helburua koordinazio-mekanismoak hobetzea da,  indarkeria-egoerei eta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako erasoei aurre egiten dieten emakumeei eta adingabeei arreta hobea emateko.

Baina Arabako Mendialdeko Kuadrillak indarkeria matxistaren arloko beste gai batzuk ere jorratu nahi ditu, hala nola prebentzioa eta salaketa. Horrela, martxoan erantzun instituzionalerako protokoloa egiteko prozesua hasi da. Horretarako eskualdeko kargu publiko guztiak gonbidatu dira.


Puzzlea osatzeko, jai-giroko eraso matxisten aurkako protokolo bat prestatzen ari da. Prozesu horretan, Kuadrilla osatzen duten jai-batzorde eta administrazio-batzar guztiak gonbidatu dira, baita jaialdien antolatzaileak ere, hala nola Urturiko UOFF, Lagrango La previa, Orbisonik, MMF edo AtauriArt. Lehenengo saiora 22 pertsona joan ziren Eskualde osoa ordezkatuz eta parte-hartzea oso positiboa izan zen. Hurrengo saioa martxoaren 22rako ezarri da.


Miryam Quintana gobernu-taldeko kide eta berdintasun-arloko arduradunak nabarmendu du beharrezkoa dela berdintasun-politiketan eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko behar diren politiketan urrats sendoak ematea. "Iaz ondorioztatu genuen beharrezkoa zela protokolo guztiak berritzea, eguneratzea, koordinazioa hobetzea eta prozesu horretan zehar ordezkari politikoei, eragile sozial eta jai-eragileei eta mugimendu feministari hitza ematea, eta ildo horretan ari gara lanean", nabarmendu du.