EH Bilduk Eibarren egin du ostiral honetako bere ekitaldi politiko nagusia, Errebalen. Bertan parte hartu dute Oskar Matutek eta Oihana Etxebarrietak, Kongresurako zerrendaburuek Bizkaian eta Gipuzkoan hurrenez hurren; Gorka Elejabarrieta Kongresurako hautagaiak eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaiak.
Oihana Etxebarrietak etxebizitza eskubidea bermatzeko eta eskuin espekulatzaileari aurre egiteko EH Bilduren aldeko botoaren garrantzia nabarmendu du. «Zuen bozka behar dugu azaroaren 29tik aurrera indar gehiagorekin bultza egin ahal izateko. Indar gehiago behar dugu eskuin espekulatzailearen aurrean, etxebizitza eskubidea bermatu eta zabaltzeko», adierazi du.
Etxebarrietaren esanetan, «etxebizitzaren arazoa sortu dutenek nekez konponduko dute». Horrez gain, etxebizitzaren arloan neurriak hartzeko dekretuen aurka bozkatu dutenak kritikatu ditu: «Putre funtsei frenoa jartzeko dekretuei ezetz bozkatu dioten berdinak dira».
EH Bilduren hautagaiak azpimarratu du koalizioak ez duela zalantzarik egiten herritarren eskubideen defentsan: «Jendearen eskubideak bermatzen ditugu. Jendeari segurtasuna ematen diogu. Bizitza duinen aldeko indarra delako ezkerreko subiranismoarena».
Ildo horretan, Etxebarrietak bloke erreakzionarioari aurre egiteko eskubideak bermatzea ezinbestekoa dela defendatu du, eta honako hau adierazi du: «Umiltasunez baina konfiantzarekin esaten dugu: EH Bilduren aldekoa da eskuin muturra garaitu eta etxebizitza eskubidea bermatzeko botoa».
Bilboko mobilizazioan parte hartzeko deia
Bestalde, Oskar Matutek biharko Bilboko mobilizazio antifaxista eta subiranistan parte hartzeko deia egin die euskal herritarrei. «Euskal Herriak merezi duelako. Herri honek maila emango du. Zatoz zu ere, 17:00etan, La Casillara. Mobilizazio historikoa egingo dugu: antifaxista eta subiranista. Gure eskubideen eta askatasunen alde», esan du.
Matutek herritarren parte-hartzea eta batasuna aldarrikatu ditu, siglen eta desberdintasunen gainetik: «Zaplazteko demokratiko, herritar eta masiboa emango diegu faxistei. Desberdintasunen eta siglen gainetik, herri baten duintasuna dagoelako. Batzen gaituena banatzen gaituenaren gainetik dagoelako».
Azkenik, nazioartean zabaltzen ari den itxaropenaren olatua Euskal Herrira ere iritsiko dela adierazi du Matutek, eta mobilizazioan parte hartzeko deia berretsi du: «Nazioarteko esperantzaren olatua Euskal Herrira ere iritsi da, eta gu ere olatu horren parte izango gara. Posible egingo dugu! Gure amaren etxea defendatuko dugu! Aurrera, Euskal Herria!».
Gorka Elejabarrieta Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak ere hitza hartu du Eibarren. Koalizio subiranistak Madrilen erabakigarria izatea lortu duela nabarmendu du, bai eta EH Bildu bozkatzeak balio bikoitza duela ere. «EH Bildu bozkatzeak balio bikoitza du, batetik, eraginkorrena delako eskuin muturrari eta muturreko eskumari geldiarazteko eta, bestetik, gure botoak erabakigarriak izango direlako, batez ere, herri honentzako eskubide eta askatasun gehiago erdiesteko, Euskal Herriaren eta bertako jendartearen eskubide nazional eta sozialak defendatzeko».