AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-05-03

Udalgintzaren misioa partekatzeko eta herri eraikuntzan jauzi kualitatiboa ematea ahalbidetuko duten udal politikak bateratzeko helburuarekin, EH Bilduk bere alkateak eta zinegotziak elkartuko ditu maiatzaren 11n egingo duen Konferentzia Munizipalistan. Iruñeko Refenan egin zen, 2022an lehen Konferentzia Munizipalista, eta iaz jardunaldi munizipalistak egin zituen ezker subiranistak Donostiako Tabakaleran. Aurten, berriz, Durangok hartuko du EH Bilduren bigarren Konferentzia Munizipalista.

Iazko maiatzean egindako udal hauteskundeetan beste jauzi bat ematea lortu zuen EH Bilduk, 149n alkatetza eta 1.416 udal hautetsi eskuratuta. Udalez gaindiko hainbat tokiko erakunde ere gobernantzen ditu ezker subiranistak. Gasteizen lehen indarra izatera heldu zen iazko maiatzean, eta gerora Iruñean ere alkatetza lortu du. Hauteskundeetan egindako jauzia udal politiken bitartez herri eraikuntzan jauzi bat emateko baliatu nahi du orain EH Bilduk, eta ideiak, politika publikoak eta bide-orria bateratu eta partekatzeko, Konferentzia Munizipalista egingo du.

2024an legegintzaldiko lehen urtean udalgintzak herri eraikuntzari egin beharreko ekarpena begiztatu eta herrietan garatu beharreko udal politikak sakontzeko unea iritsi dela uste du ezker subiranistak, ziklo munizipalista berri honetan aurrean ditugun herri erronkei dagokien erantzun sendoa eman ahal izateko. Era berean udalgintza herrigilearen norabidea eta filosofian, zein erronka globalen aurrean lehentasunez ekin beharreko politika eraldatzaileetan ere sakontzeko helburua jarri dio bere buruari.

Hurrengo urteetako udal politiken misioa eta norabidea zehazterako orduan, lau atal nagusi landuko ditu EH Bilduk Durangoko Konferentzia Munizipalistan: trantsizio ekosoziala, gizarte berdinzalea, euskara eta kultura eta oposiziotik nola jardun. Panel hauetan, irakurketa politikoa ez ezik, esperientzia ezberdinetan sakontzeko aukera izango da.


IZEN EMATEA, HEMEN