EH Bilduk etxebizitzaren krisiari aurre egiteko politika ausartagoak eta merkatuan esku hartzeko neurriak indartzeko beharra aldarrikatu du gaur Sestaon. Oskar Matute EH Bilduren Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak azpimarratu duenez, etxebizitza herritarren eskubidea da, eta ez negoziorako edo espekulaziorako tresna.
Matutek gogorarazi du milaka eta milaka euskal herritar ari direla etxebizitzaren krisia pairatzen, bereziki gazteak, eta arazo hori herritarren gehiengoaren kezka nagusietako bat dela. EH Bildurentzat ere lehentasunezko gaia dela nabarmendu du.
"Merkatua erregulatzea eta merkatuan esku hartzea da soluzioa. Negozioa alboratu behar da eta etxebizitzei funtzio soziala eman".
Ildo horretan, EH Bilduk azken urteotan egindako lana azpimarratu du, besteak beste, alokairuen prezioei mugak jartzeko gune tentsionatuen legea bultzatuz eta onartuz, alokairuen inguruko bi dekretuak onartuz eta pertsona zein familia ahulenak babesteko neurriak sustatuz.
Hala ere, bide horretan aurrera egiteko eta neurri gehiago hartzeko beharra dagoela ohartarazi du Matutek.
"Indar gehiago behar dugu, espekulazioarekin amaitzeko, ostatu turistiko irregularrekin amaitzeko. Hego Euskal Herri osoa gune tentsionatu izendatu eta prezioak arautu eta jaisteko".
Azkenik, azaroaren 29an parte hartzeko deia egin du EH Bilduk. Etxebizitza eskubide unibertsala izan dadin eta ez negozioa, herritarren mobilizazioa eta erakundeen konpromisoa ezinbestekoak direla adierazi du.
"Azaroaren 29an etxebizitza eskubidearen aldeko olatua ere altxatu behar dugu. Etxebizitza eskubidea izateko behingoz, eta ez negozioa. Hori da gure konpromisoa".