AKTUALITATEA

| 2024-05-09

Pernando Barrena EH Bilduren Europako hauteskundeetarako zerrendaburuak agerraldia egin du gaur goizean Iruñean, ezker subiranistak Europako Parlamentuan defendatuko dituen ildo nagusiak azaltzeko. Ultraeskuinak Europan izan duen gorakadak ekar ditzakeen atzerapauso demokratikoaz ohartarazi du Barrenak. Era berean, EH Bilduren jarduera ardatz nagusiak euskal nazioaren defentsa, antifaxismoa eta Europako gero eta ordezkari gehiagok erakusten dituzten gogo militaristak gelditzea izango direla azaldu du.

Pernando Barrena:

Gaur Europaren Eguna da; Europako hauteskundeak dauzkagu gertu, ekainaren 9an, eta horiekin, ustekaberik egon ezean, ziklo elektorala itxiko dugu. Euskal Herria Bilduk indarberriturik ekinen dio aurre erronka berri horri, azken hauteskunde autonomikoek nabarmen utzi dutelako ziklo politiko aldaketa gauzatu dela Euskal Herrian. Udal eta foru hauteskundeetan EH Bilduk ordezkaritza nabarmen handitu zuen; Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan goranzko joerari eutsi zion EH Bilduk iazko uztailean; eta aurten, Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan emaitza historikoak erdietsi ditu EH Bilduk. Horren guztiaren emaitza da EH Bilduk 400.000 boto baino gehiago dituela Hego Euskal Herrian.

Testuinguru horretan, EH Bilduk goranzko joera horri eusteko erronka jarri dio bere buruari. Euskal herritarren babes eta konfiantza gehiago biltzen jarraitzeko asmoa dauka. Euskal Herriko politikagintzan daukan pisu politikoa berriro erakutsi behar du ezker subiranistak Europako hauteskunde hauetan, horrek bere helburu politiko nagusiak lortzeko beste urrats bat ekarriko duelako. Norabide horretan, Europar hauteskundeetan Euskal Herria Bildu lau herrialdeetako lehenengo indar politikoa baietz jarri diogu erronka gure buruari eta ziur gaude helburu lorgarria dela daramagun goranzko joeraren baitan.

Gero eta gehiago izateko eta euskal politikagintzan gero eta eraginkorrago izateko bidea argi du EH Bilduk. Herritarren arazo eta kezkak aintzat hartzea eta horientzat konponbideak mahai gainean jartzea. Herritarrek gero eta konfiantza gehiago jartzen dute EH Bildurengan, eta hori berresteko apustua egiten dugu berriro.

Euskal Herriko egoeraz gain, Europako testuingurua ere aintzat hartu beharrekoa da. Ultraeskuinaren hazkundeak kezka eragiten digu, bigarren indarra izan daiteke Europako Parlamentuan, horrek herritarren oinarrizko eskubideetan izan dezakeen eraginarekin eta baita europar proiektuarentzat suposatzen duen kalte itzelagatik.

Gai asko egonen dira mahai gainean Europako hauteskunde hauetan, eta guk mezu argiak zabalduko dizkiegu euskal herritarrei:

* Lehenik eta behin, Antifaxismoa da Euskal Herria Bilduren eskaintzaren oinarri nagusia. Ultraeskuinaren hazkunde baten aurrean gaude eta horiek berri txarrak dira demokraziarentzat herritarren oinarrizko eskubideak kolokan jartzeko joera dutelako. Von den Leyenek ultraeskuinarekin akordioak egiteko asmoak gure kezka biderkatu du. Ultraeskuina da Europak egun duen etsai nagusia eta bere posizio arrazista eta atzerakoiak borrokatuko ditugu, demokrata izateko lehenik antifaxista izan beharra dagoelako.

* Bigarrenik, Nazioa Gara. Bere etorkizuna libreki erabaki nahi duen herri bat gara eta hori erakutsi beharra dago Europan, aliatuak eginez eta konplizitateak bilatuz. Jarraituko dugu erakusten Herrien Europaren ideiak bat egiten duela Europar eraikuntzaren oinarri diren demokrazia, bakea eta aniztasunaren errespetuarekin.

* Hirugarrenik, bakea eta antimilitarismoa. Europar eliteak gerra danborrak jotzen hasiak diren honetan bakea da gure mezua. Gastu militarraren igoeraren aurrean antimilitarismoaren balioak defendatuko ditugu, Euskal Herriak 1986an NATOri ezezkoa eman ziola gogoratu eta defendatuko dugu, eta Ukraina edota Palestinakoak bezalako gatazken aurrean herrien subirautzari babesa eta nazioarteko legalitatearen errespetua bultzatuko ditugu. Gatazkei irtenbidea bilatu behar zaie diplomazia eta nazioarteko erakundeen inplikazioaren bidez eta ez gerra inperialisten bidetik.

Ezin dugu bakeaz eta segurtasunaz aritu Palestinari buruz hitz egin gabe. Bakea eta antimilitarismoaren aldeko Europak ezin du beste alde batera begiratu palestinar herriaren kontrako genozidioaren aurrean. Gure begirada Rafah-n jarrita dago momentu honetan. 1,4 milioi pertsona desplazatu Gazako Zerrendaren ekialdean, metatuak eta gosete arriskuan eta giza-laguntzarik gabe.

Bat egiten dugu genozidioa gelditzeko egiten ari den mobilizazio esfortzuarekin, eta adibideak ez dira falta zorionez; munduko unibertsitate askotan burutzen ari diren akanpadak, Euskal Herrikoak barne; edota Gernika-Palestina eta Yala-Nafarroa bezalako plataformen salaketa-lana Israelek erantzun dezala Nazioarteko Gorte Penalaren aurrean egindako gerra krimenengatik eta palestinar herriak estatu bideragarri batean bakean bizi dadin. Ozen eta argi diogu: EZ gure izenean.

* Eta azkenik, gure lehentasunen artean konpromisoa trantsizio ekosozialarekin. Ultraeskuinaren eta transnazionalen bidez mezu negazionistak zabaltzen ari diren kezka daukagu. Euskal Herria Bilduren bidea eta aukera, trantsizio ekosozialean sakontzea da. Ezin dugu denborarik galdu gai honetan gure etorkizuna, denona -salbuespenik gabe- arriskuan dagoelako.

Orain aste batzuk publiko egin genuen bezala bide hau ez dugu bakarrik egingo. 2019ko Europako hauteskundeetan bezala, EH Bildu Orain Errepublikak koalizioaren barruan aurkeztuko da, Kataluniako ERCrekin, Balear Uharteetako Ara Més-ekin, eta Galiziako BNGrekin batera.

Espainiar Estatuko beste indar politiko txikiago batzuk ere gehituko dira koalizioaren sostenguan, izan ere, hauteskunde europarrak distrito bakarrekoak izanik, aukera ematen dutelako Orain Errepublikak-en papeleta bozkatzeko Estatu espainol osoan eta hori ere azpimarratu nahi dugu.