Azken urteotan, gero eta sarriago agertzen dira komunitate energetikoen inguruko albisteak, baina ohartarazpen bat: hala direla dioten guztiak ez dira, eta ez dute horri buruzko araudia betetzen. Europako zuzentarauen arabera, komunitate energetikoak partaidetza erabat borondatezkoa eta irekia duten erakunde juridikoak dira, eta bertako kideek egiten dute kontrol eraginkorra; pertsona fisikoak, ETEak edo tokiko agintariak izan daitezkeenak. Horri buruzko foru aginduak zehazten du, gainera, ez direla halakotzat hartuko batzarraren botoen gehiengoa energiaren sektorea jarduera ekonomiko nagusitzat duten erakundeei dagokienean. Hala ere, horrela aurkezten dira promozionatutako Toda Energía eta Ebroenergía.
Toda Energíak instalazio fotovoltaikoak proposatu ditu Nafarroako hogeita hamar udal baino gehiagoetako estalkien gainean. Komunitate energetikoen benetako proiektuak zirelakoan, ekimenari errugabeko utzitako udal-ondasunak darabiltzate. Erakunde juridiko hori, hala ere, dirulaguntzen, instalazioak gauzatzearen eta kideei energia saltzearen bidez etekin ekonomikoak lortzeko diseinatuta dago. Toda Energíak ez du egin eratzeko beharrezkoa den partaidetza-prozesua, kideak bereganatu besterik ez du egin, eta hauek ez dute erakundearen kontrol eraginkorrik. Izan ere, erakundea sustatzaileek, Javier Taberna buru duen Merkataritza Ganberak eta Repsolen Edinoren filialak, kontrolatu dezaten egituratu dute erakundea.
Udalak gatibu dira proiektu horietan. Beren gain hartu behar dituzte aurrez prestaturiko estatutuak, inskripzio- eta hileko kuotak, eta instalazioak sortzen duen energiaren ordainketa, baita gainerako kideek hala egiten ez dutenean ere, ez direlako existitzen edo erakundetik joan direlako. Horrek esan nahi du, kasu askotan, gutxienez 25 urtez kontsumituko ez duten energia ordaindu beharko dutela, eta horrek milaka euroko defizita ekar diezaieke udal-kutxei. Hori gutxi balitz, Edinorrek ez du kontrol eraginkorraren eskakizuna betetzen; izan ere, ezingo luke kide izan, energiaren sektorea bere jarduera ekonomikoaren esparru nagusia ez izateko baldintza ez betetzeagatik.
Ebroenergiak, Rios Renovables enpresaren eta Ebroenergía energia-merkaturatzailearen partaidetza duen proiektuak, berriz, on-site motako ekoizpen-eredua proposatzen du udal-estalkietan. Eredu horretan, kide izan daitezkeenek ez dute partaidetzarik, ezta jabetzarik ere, eta energiaren erosketa nahitaez Ebroenergia merkaturatzailearen bidez egin behar dute, foru agindua urratuz. Horren arabera, kideek kontsumitzaile eta azken kontsumitzaile gisa dagozkien eskubideei eutsiko diete-eta, besteak beste, merkaturatzailea aukeratzeari.
Nafarroako Gobernua horren guztiaren jakitun da. ANEL Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkarteak txosten bat egin zuen, 2023an, Industria Departamentuarentzat eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuarentzat. Txosten horretan ondorioztatzen da Toda Energía “beti irabazten duen agentea” dela, egindako analisiak analisi; eta ez du gomendatzen ez etxebizitza estandarretarako, ez negozio, entitate edo egoitzetarako. Txostenaren arabera, finantzen ikuspegitik, etxe batek bikoitza aurrez dezake instalazio propio baten bizitza baliagarrian, Toda Navarran parte hartzearen aldean; eta kontsumo handiagoetarako ere aurrezkiak “esanguratsuagoak eta nabarmen handiagoak” dira, komunitate propioak sortuz gero. Toki-erakundeentzat ere ondorioa argia da: “Toki-erakunde batek ezin du bere gain hartu bere kontsumoa baino handiago den autoekoizpena. Beste batzuen kontsumoaz arduratzen bada, gehiegizko arriskua hartzen du bere gain”. Horrela, txostenak ziurtatzen du entitateek “gehiegizko arriskuak” hartzen dituztela beren gain, Toda Navarran parte hartzeagatik, eta aztertutako agertoki guztietan interesgarriagoa dela tokiko komunitate bat osatzea.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk parlamentuko galdera bat egin zion Industria Departamentuari, bere jarrera ezagutzeko. Erantzunak ez ditu gure zalantzak argitu. Nola aurkez eta bultza daitezke erakunde horiek, ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu gabe? Zergatik ez ditu Nafarroako Gobernuak bere erantzukizunak bere gain hartzen eta, ANELen txostenaren harira, Toda Energia eta Ebroenergia Foru Agindua betetzetik kanpo uzten? Zergatik ez zaie udalei eta, oro har, gizarteari gertatzen ari denaren berri ematen, eta ez da saihesten ondare publikoa onura pribatuak lortzeko erabiltzea? Energia-komunitateak ezinbesteko elementuak dira energia-trantsiziorako eta herritarren ahalduntzerako; baina, tamalez, haien espiritua perbertitzen ari dira.