Legebiltzarra

EAJ Legebiltzarreko Mahaia alderdikeriaz erabiltzen ari da oposizioaren ekimen politikoa mugatzeko

Mahaiak ez ditu EH Bilduren legez besteko bi proposamen tramitera onartu eta Elkarrekin Podemos-IUren jarduera politikoa blokeatzen jarraitzen du. Eba Blancok eta Jon Hernandezek EAJ eta PSEri egotzi diete “Mahaian duten gehiengoa oposizioaren lana eragozteko eta Jaurlaritza babesteko baliatzea”.

| 2020-05-07 17:04:00

EAJ eta PSEk Legebiltzarreko Mahaian duten gehiengoa baliatu dute gaur EH Bilduren legez besteko bi proposamen atzera botatzeko, tramitatu gabe, eta aldi berean Elkarrekin Podemos-IUren jarduera politikoa blokeatzen jarraitzen dute, legez besteko proposamenak aurkezteko eta beste taldeenak zuzentzeko aukera itxita. EH Bilduren proposamenei dagokienez Eba Blancok azaldu duenez, “krisi egoera honetan gezurra dirudien arren, esan digute ez dela premiazkoa aztertzea zein diren hartu beharreko neurriak Osakidetza deseskalada faserako prestatzeko, hala nola lehen faseko kontratazioak mantentzea, Lehen Arreta eta Zainketa Intentsiboko Unitateak indartzea edota ohe kopuruak berraztertzea. Eta erantzuna berbera izan da bigarren proposamenaren kasuan, ez dela premiazkoa datorkigunari aurre egiteko estrategia elkarlanean diseinatu eta adostea”.

Eba Blanco EH Bilduko legebiltzarkidearen eta Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUkoaren esanetan, “gaurkoa aspaldikoa den EAJren estrategia politikoaren azken adibidea izan da: Legebiltzarreko Mahaia alderdikeriaz erabiltzen ari da oposizioaren ekimen politikoa oztopatu eta mugatzeko. PSErekin batera, organo horretan duten gehiengoa oposizio osoaren lana eragozteko eta Jaurlaritzaren irudia babesteko baliatzen dute etengabe, Urkullurentzat deserosoak diren debateak saihesteko”.

Blancok eta Hernandezek Bakartxo Tejeria presidenteak egoera honetan duen ardura azpimarratu dute bereziki. “Legebiltzarreko presidente gisa, Tejeriaren erantzukizuna Legebiltzarrak krisialdi honetan berez izan beharko lukeen protagonismoa aktibatzea eta bete beharko lukeen funtzio garrantzitsua sustatzea da, baina hori egin beharrean, kontrakoa egiten ari da; bere helburua Legebiltzarra desaktibatzea izan da hasieratik, ahalik eta desagertuen egon dadila, horixe delako Urkullu eta EAJri gehien komeni zaiena”.

EH Bilduk alokairurako laguntzak motz geratzen direla ohartarazi du eta igotzeko eskatu dio Jaurlaritzari

EH Bilduk proposamena eramango du Diputazio Iraunkorrera zenbatekoak handitzeko eta laguntza jasotzeko epea sei hilabetez luzatzeko.

| 2020-05-06 14:36:00

Osasun krisia dela eta Jaurlaritzak iragarri dituen alokairurako laguntzak, gaurdanik eskatu daitezkeenak, alegia, norabide egokian badoaz ere, motz geratzen dira, ez dira nahikoa eta ez diete behar bezala erantzuten arazo ekonomikoak dituzten familien premiei. Iñaki Arriola sailburuak gaur bertan azaldu duenaren arabera, 10.000 familiak jaso ahal izango dute 250 euroko laguntza alokairua ordaintzeko irailera arte, baina, Maider Otamendik gogorarazi duenez, “krisi hau hasi baino lehen 26.500 bat familiak jasotzen zituzten alokairuak ordaintzeko laguntza ekonomikoak, eta orain gehiago dira horren beharra duten familiak, krisialdiak zaurgarritasun egoerak areagotu dituelako”.

Hori dela eta, familia horiei ere etxebizitza eskubidea bermatzeko premiazko neurriak hartzea ezinbestekoa delakoan, EH Bilduk legez besteko proposamena eramango du Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrera Jaurlaritzak abian jarritako laguntza-programa zuzentzeko, bai alokairuko parke publikoari dagokionean, bai merkatu pribatuari dagokionean.

Otamendik azaldu duenez, “hartu beharreko ezohiko neurriak ezin dira irailean amaitu, alarma egoera amaitu eta sei hilabetez luzatu behar dira”. Bitarte horretan, EH Bilduren proposamenaren arabera, parke publikoko etxebizitzetan ez litzaieke alokairua kobratuko krisiaren ondorioz murrizketa ekonomikoak pairatzen ari diren familiei. Halaber, alokairu pribatuei dagokienez, prestazioen zenbatekoak handituko lirateke, kasuan kasu kalkulatuta eta betiere bermatuta familiek ez dutela euren diru-sarreren %30a baino gehiago bideratuko etxebizitza gastuetara. Azkenik, behar izanez gero, laguntza hauetara bideratu duen 15,5 milioiko funtsa handitzeko eskatzen dio EH Bilduk Jaurlaritzari, beharra duen inor ez dadin laguntzarik gabe geratu.

ALBISTEAK

Urkulluk adostutako defizit muga ez da nahikoa murrizketak saihesteko, ohartarazi du EH Bilduk

2020-07-31 16:51:00

%2,6ko muga oso urrun dago Lakuak planteatutako %3,5etik eta, zerga politika aldatu ezean, murrizketak ekarriko ditu. Ez da onargarria Madrili baimena eskatu behar izatea herri honek behar dituen neurriak hartu ahal izateko; menpekotasunetik burujabetzara salto egin beharra dugu.

Ratioak 15 ikaslera jaistea eta 10.000 irakasle gehiago kontratatzea, EH Bilduren proposamena ikasturte berrirako

2020-07-29 15:21:00

EH Bilduren iritziz, salbuespen neurriak behar dira ikastetxeetan osasun eta segurtasun baldintzak bermatzeko. Proposamen irekia da, Hezkuntza Sailak eta sektoreko eragileek negoziatu beharrekoa. Arduragabekeria da ikasturtea ohi legez hastea, Uriarte sailburuak planteatu bezala.

Estatuaren indarkeriaren biktimak diskriminatu ditu berriro ere Jaurlaritzak

2020-07-28 21:20:00

AVT, Covite eta Vitepaz elkarteetan bildutako ETAren biktimek laguntzak jasoko dituzte pandemiak eragindako arazoak arintzeko; ez, ordea, Estatu terrorismoaren biktimek. “Koronabirusak gehiago eragin die ETAren biktimei GALen biktimei baino, ala?”, galdetu du Julen Arzuagak.

Murrizketa gehiago prestatzen ari den EAJ-PSE aliantzaren aurrean EH Bilduk ezkerretik alternatiba egon badagoela dio

2020-07-27 12:54:00

EH Bildu talde parlamentarioa akreditatu da gaur Legebiltzarrean. Eskuinak lan eta bizi baldintzak murriztea aukera bakarra dela sinestarazi nahi duela ohartarazi du Maddalen Iriartek. Koalizioaren lehentasuna zehaztu du: “Krisia ezin dute betikoek ordaindu, krisialditik inor atzean utzi gabe atera behar dugu”