Legebiltzarra

Osasun Sailak azalpenak eman behar ditu LABek Gasteizko Santiago Ospitalean ustezko iruzur kasu bat salatu ostean

EH Bilduk Nekane Murga sailburuaren eta Osakidetzako zuzendariaren agerraldiak eskatuko ditu Legebiltzarrean. “Diru publikoaren erabileran zorrotzak izan behar dugu eta Santiago Ospitaleko sukalde zerbitzuan ustez gertatu dena onartezina da”, esan du Rebeka Uberak.

| 2019-11-20 16:35:00

EH Bilduren iritziz, larria da LAB sindikatuak gaur bertan salatu duen iruzur kasua, Gasteizko Santiago Ospitaleko sukalde zerbitzuan ustez egon diren irregulartasunek 200.000 euro galtzea edo desbideratzea ekarri dutelako, antza, 2016az geroztik. Hori dela eta, LABek salaketa aurkeztu du jada EAEko Fiskaltza Nagusian.
Ezbaian dagoena diru publikoaren kudeaketa den heinean, EH Bilduk argi du Osasun Saila eta Osakidetza azalpenak ematera derrigortuta daudela eta, beraz, Nekane Murga sailburuaren eta Juan Diego Osakidetzako zuzendariaren agerraldiak eskatuko ditu Legebiltzarrean, LABek salatutako kasuaren inguruko xehetasunak eman ditzaten, “azalpen horien arabera erabaki ahal izateko bestelako neurriak, ardurak garbitzea barne, eskatu behar ditugun ala ez”, Rebeka Uberak zehaztu duenez. Haren esanetan, “diru publikoaren erabileran zorrotzak izan behar dugu eta Santiago Ospitaleko sukalde zerbitzuan ustez gertatu dena onartezina da”.
 

EH Bilduren presioa Jaurlaritza mugiarazten ari da eta EAJ eta PSEk atea ireki diote Euskaltelen akzioak erosteari

Iker Casanovak aurrerapausotzat jo du Legebiltzarrak Lakua Euskaltelen sartzeko operazioa babestea. Ezinbestekoa da euskal instituzioek akzioen gutxieneko portzentaje bat eskuratzea euskal gizartearentzat kaltegarriak izango liratekeen erabakiak Administrazio Kontseiluan blokeatzeko.

| 2019-11-14 14:13:00

EH Bilduk aurrerapausotzat jo du Legebiltzarrak gaur Euskaltelen hartu beharreko neurriei buruz onartu duen mozioa, atea ireki baitio Jaurlaritzak enpresa horren akzioak erosteari, haren errotzea bermatzeko eta haren telekomunikazio sarea sal ez dadin saiatzeko. Iker Casanovak ekarri du gaia Osoko Bilkurara eta, azpimarratu duenez, “emaitzak frogatzen du EH Bilduren presioa Gobernua mugiarazten ari dela, zeren eta EAJ eta PSE, bai eta Jaurlaritza bera ere, pasatu baitira Euskaltelen ezer egiteko aukerarik ez zegoela esatetik akzioak erostearen bidea aztertu beharrekoa dela onartzera”.
Euskaltelen kontrola Zegona inbertsio-funtsaren eskuetan geratuz geroztik, euskal gizartearentzat estrategikoa den enpresa horren errotzea arriskuan dago, haren etorkizunari buruzko erabakiak, hemen eta hemengo interesen arabera hartu beharrean, Zegonak Londresen dituen bulegoetan hartzen ari direlako. Hori dela eta, Euskaltel diru publikoarekin sortu zela gogorarazi ostean, Casanovak berretsi du behar-beharrezkoa dela “Euskaltelek herri honekiko atxikimenduari eta lidergo teknologikoari eustea”, eta azaldu du bide bakarra dagoela horretarako; alegia, “Jaurlaritzak, Kutxabank eta haren banku fundazioekin batera, konpainiaren akzioak erostea, %25a kontrolatzeraino, hori baita gutxieneko portzentajea herri honentzat kaltegarriak izan daitezkeen neurriak blokeatzeko, hala nola, enpresaren egoitza lekuz aldatzea eta telekomunikazio sarea saltzea. Jaurlaritzak, Kutxabankek eta banku fundazioek elkarlanean aritu eta euren partizipazioak baliatu behar dituzte Euskaltelen kontrola berreskuratzeko eta  Zegonaren planak neutralizatzeko”.
Izan ere, EH Bilduko legebiltzarkideak argitu duenez, “Euskaltelen estatutuen arabera, akzioen %75eko gehiengoa behar da erabaki nagusiak hartzeko; hau da, %25 behar da edozein erabaki blokeatzeko, baina gaur egun portzentaje hori ez dago bermatuta, Kutxabankek %19 baino ez duelako. Falta den %6a erostea proposatzen dugu, 96 milioi euro inguru, euskal instituzioek euskal gizartearen interesen aurkako erabakiak Euskalteleko Administrazio Kontseiluan blokeatu ahal ditzaten”.  

ALBISTEAK

EH Bilduk soldata igoera sustatu du ikertzaile bekadunentzat, aurrekontu-akordioan jasotakoa baino askoz handiagoa

2019-12-12 15:02:00

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak 2020an 2013ko soldata maila berreskuratzeko eskatu dio Jaurlaritzari, %7-9ko igoerak, eta kasu batzuetan %40koa, ekarriko dituena. Gobernu eta Podemosen arteko akordioak ez du inolako igoerarik aurreikusten datorren urterako.

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak Plentziako portua berrantolatzeko proiektua gelditzeko eskatu dio Lakuari

2019-12-11 15:48:00

Lanak hasi aurretik portuaren eta itsasadarraren garbiketa eta babesa bermatu eta ontzi guztien inbentarioa egiteko galdegin dio Jaurlaritzari, bai eta prozesu parte-hartzailea irekitzeko ere, proiektua hobetze aldera.

Oso larria da Podemosek Diru-Sarrerak Bermatzeko Legearen murrizketak ontzat ematea

2019-12-05 17:57:00

Jasangarritasun Energetikoaren Legearen 100 milioiko finantziazioa eskatzeari ere uko egin dio aurrekontuei buruzko akordioan. Gutxienez 2024. urterako uzten du legea betetzeko obligazioa.

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak ‘cohousing’ etxebizitza eredu kolaboratiboa sustatzeko eskatu dio Lakuari

2019-12-05 17:55:00

Maider Otamendiren ustez, “etxebizitza eredu berriek erantzun alternatiboa eskaini diezaiekete merkatu librean erostea edo alokatzea ia ezinezko duten kolektibo askori”.