Legebiltzarra

Oskar Matute: “Soilik EH Bildu da bermea euskal agenda soziala Madrilen egon dadin”

Bizkaiko zerrendaburuaren ustez, telebistako eztabaidek “argi utzi dute Estatuko alderdiek ez dutela proposamenik Euskal Herriarentzat, hemengo errealitatea ezagutzen ez dutelako eta, are okerrago, interesik ez dutelako”.

| 2019-04-24 19:56:00

~~“EH Bildu berme bakarra da euskal agenda soziala Madrilen egon dadin”, azpimarratu du Oskar Matutek gaur arratsaldean Barakaldon, haren jaioterrian, alegia, EH Bilduk bertan egin duen ekitaldi elektoralean. Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak ziurtatu du koalizioak euskal jendarte osoaren interesak eta beharrak defendatuko dituela Kongresu eta Senatuan, eta ohartarazi du ezin dela horrelakorik espero euren erabakiguneak Madrilen dituzten alderdien aldetik. Kritikatu duenez, atzo eta herenegun egindako telebistako eztabaidek argi utzi dute alderdi horiek ez daukatela inolako proposamenik herri honetako pertsonen bizitzak hobetzeko, hemengo errealitatea ezagutzen ez dutelako eta, are okerrago, interesatzen ez zaielako”.
Horri jarraituz, gogora ekarri du Ezkerraldean jendeak ondo baino hobeto dakiela hori hala dela, “eskualderen batek Madrilgo gobernuen interes eta arreta falta pairatu baldin badu, hori Ezkerraldea delako”. Matuteren esanetan, “alderdi horiek urtean behin edo bitan datoz botoa eskatzera; gu, ordea, hemen bizi gara, gure auzokideen errealitatea sentitzen dugu egunero, lehen eskutik dakigu zein diren euren lehentasunak. Hortik dator hain justu euskal agenda soziala Kongresu eta Senatura eramateko gure konpromiso irmoa, besteak beste, pentsio duinak lortzeko, prekarietatea baino ekarri ez duen lan erreforma indargabetzeko eta emakumeek jasaten duten soldata arrakala bertan behera uzteko”.
Jon Iñarritu: “Gure eskubide eta askatasunak jokoan izango ditugu igandean”
Matutek bezala, Jon Iñarritu Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak ere telebistako eztabaidak aipatu ditu Barakaldon. Bere hitzetan, “debateetan argi geratu da eskuin espainolentzat EH Bildu dela etsaia eta ez gaituztela Madrilen nahi, ondo dakitelako ezkerreko subiranistak asko eta erabakigarriak izango garela eta aginterako ateak itxiko dizkiegula”. Iñarrituk ohartarazi du “igandean gure eskubide eta askatasunak egongo direla jokoan, gure herriaren eta euskal herritar guztien etorkizuna eta ongizatea”, eta bermatu du trifatxitoak ez duela gobernatuko erabaki hori EH Bilduren esku baldin badago. Horretarako, erantsi du, “ikuspegi nazionaletik zein sozialetik gure herriak aurrera egin behar duela uste duen herritar ororen boto guztiak zenbatu behar dira hautestontzietan; boto bat bera ere ezin daiteke etxean geratu”.
 

Altsasun eta Amurrion bezala gazteria espetxeratzen duen Estatuaren injustizien aurrean ahotsa altxatuko du EH Bilduk Madrilen

Garazi Dorronsoro: Euskal herritarrek eta bereziki euskal gazteriak pairatzen dituzten erasoen aurrean EH Bilduren ordezkaritza Madrilen ezinbestekoa da

| 2019-04-24 11:57:00

~~EH Bilduk gaur Amurrion nabarmendu du “ezinbestekoa” dela inork “ahotsa altxatzea” Altsasuk eta Amurriok pairatu dituzten injustizien aurrean. Arabako EH Bilduren Senaturako zerrendaburua Garazi Dorronsorok esan du gaur goizean egindako agerraldian. “Ezinbestekoa ahotsa altxatzea, baita Kongresuan eta Senatuan ere, gazteria espetxeratzen duen Estatuaren injustizien aurrean; Altsasun taberna batean liskar baten ondorioz, Amurrion Udaletxeko balkoira kartoizko panpin bat ateratzeagatik edo Amurrion bertan errotulatzaile batekin margo bat egiteagatik. Hori guztia etxean armategi izan eta bere bizilagunak tirokatzen dituen polizia ohi baten aurka inolako neurririk hartzen ez duen bitartean. Hori dela eta, ezinbestekoa ahotsa altxatzea eta EH Bilduk ez badu egiten, ez du inork egingo”, esan du Dorronsorok.
Ildo horretan, EH Bilduko hautagaiak azpimarratu du “EH Bilduren ordezkaritza ezinbestekoa dela Madrilen euskal herritarrak eta, bereziki, gazteria defendatzeko Euskal Herrian zein Katalunian disidentziatzat hartzen duen guztiaren aurka Estatu espainiarraren eraso bihozgabekoen aurrean”.
Bestalde, Dorronsorok gogoratu du laugarren diputatua jokoan dagoela Espainiako eskuina eta EH Bilduren aurrean. “Ez dugu zalantzarik arabar gizarteak badakiela nork ordezkatuko duen hobeto Madrilen. Horregatik, EH Bildurako botoa eskatzen dugu, euskal eta arabar jendartea defendatu eta babestuko duelako”, gaineratu du.

ALBISTEAK

Larria eta onartezina da EITB EAJ eta Confebasken interes partikularren zerbitzura jartzea

2020-03-31 19:15:00

Hedabide publikoek beti bermatu behar dituzten neutraltasun ideologikoa eta objektibotasuna urratzea egotzi die EH Bilduk EITBko arduradunei. EAJri ez zaio EITBren irudia kaltetzea axola, haren instrumentalizazioari etekin politikoa ateratzen badio.

Larrialdi egoera honetan Legebiltzarrak bere izaera berreskuratu behar du proposamenak bideratu eta Jaurlaritzaren gaineko kontrola bermatzeko

2020-03-27 19:19:00

EH Bilduk salatu duenez, “EAJ eta PSE demokrazia batean ezinbestekoa den kontrol parlamentarioa ekidin nahian dabiltza oposizioaren ekimen politikoa galarazteko eta Urkulluren Gobernua blindatzeko”.

EH Bilduk ohartarazi du Zaldibarren kutsatzaile arriskutsuak isurtzen ari direla uretara, urtean batez beste onartutakoa baino askoz gehiago

2020-02-26 15:07:00

Uraren Euskal Agentziak eginiko analisiek erakusten dute beruna, kadmioa eta zianuroa bezalako gai toxikoen isurketen parametroak benetan txarrak direla. “Datuak ikusita, lehentasunezkoa da Deba ibaiaren arro osoan neurriak hartzea kutsadura saihesteko”, azpimarratu du Mikel Oterok.

EAJk nahita blokeatu du euskara doan ikasteko legea eta orain propaganda eta elektoralismoari ekin dio

2020-02-12 14:00:00

“Guztiz lotsagarria da EAJ ateratzea euskara doan ikasteko eskubidearen berme gisa, 2018az geroztik EH Bilduren lege proposamena etengabe oztopatu ostean. EAJk ez ditu helburu ez euskara ez gizartea, gainetik bere interes alderdikoiak jartzen ditu beti”.