Legebiltzarra

Elkarte gastronomikoak eta gazteen lokalak 01:00etik aurrera erabiltzeko debekua bertan behera utzi behar du Lakuak

EH Bilduk proposamena aurkeztu du Jaurlaritzak dekretua alda dezan, “arazo bat sortu duelako inolako arazorik ez zegoen leku batean”.

| 2019-05-07 16:48:00

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean Jaurlaritzari eskatzeko Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas-Jardueren Legearen garapenaren baitan txoko eta elkarte gastronomikoei eta gazteen lokalei ezarri dien debekua bertan behera utz dezala. Izan ere, Lakuak onartu duen dekretuaren arabera, ez gazteen lokalak ez elkarte gastronomikoak ezin dira erabili 01:00etik aurrera, eta horrek, Josu Estarrronak ohartarazi duenez, “sekulako arazoak sortzen dizkio txoko eta lokal horietako milaka erabiltzaileei, ordutegi hori bete ezean, isunak eta salaketa administratiboak jaso ditzaketelako”. Bere hitzetan, “Urkulluren Gobernuak ezarritako debeku horrek ez du ez hankarik ez bururik, arazo bat sortu duelako inolako arazorik ez zegoen leku batean; ez du inolako zentzurik”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 1.500 elkarte gastronomiko baino gehiago daude eta 62.000 gazte inguruk erabiltzen dituzte lonjak aisialdian, Gazteen Euskal Behatokiaren datuen arabera. Gazteen lokalei buruz Arartekoak esana ere ekarri du gogora Estarronak, “Arartekoak berak aitortu duelako errealitate hori positiboa eta baketsua gertatu dela kasurik gehienetan eta, taberna edota diskoteken aldean, gatazka gutxi sortzen dutela eta, beraz, oso mugatua izan behar izan da administrazioen esku-hartzea jarduera hori kontrolatzeko”.
Legebiltzarkidearen iritziz, “Jaurlaritza arazo bat sortzen ari da arazo orokortu bat ez dagoen lekuan, ezin da horrelako debeku orokor bat ezarri gehiengoaren kalterako arazo eta kasu zehatz gutxi batzuengatik”. Hori dela eta, 01:00etik aurrerako debekua bertan behera uzteko eskatzeaz gain, EH Bilduk Lakuari galdegiten dio ordutegiak zehazten dituen erregelamendua adostu dezala Eudelekin, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin eta Elkarte Gastronomikoen ordezkariekin, betiere interes ezberdinak uztartuz, segurtasuna bermatuz eta pertsona guztien atseden hartzeko eskubidea errespetatuz.
 

EH Bilduk ekimen legegilea aurkeztu du eutanasia despenalizatu eta arautzeko

Proposatu du Legebiltzarrak legea eramatea Kongresu espainolera eutanasia eta lagundutako suizidioa zigortzen dituen Zigor Kodearen artikulua aldatzeko. Bizitzari amaiera emateko momentuan pertsonaren duintasuna eta haren borondatearen errespetua blindatzea da helburua.

| 2019-05-07 16:46:00

EH Bilduk ekimen legegilea aurkeztu du eutanasia eta suizidio lagundua despenalizatu eta arautzeko, “gizartearen aldetik inoiz baino agerikoagoa delako heriotza ona bermatzeko eskaria eta horrek tokian tokiko instituzioei deitzen die indarrean dauden marko juridikoak aldatzera”, Rebeka Uberak adierazi duenez. Zehazki, koalizioak proposatu du Legebiltzarrak Gorte Nagusien aurreko Ekimen Legegilea onar dezala eutanasia eta suizidio lagundua zigortzen dituen Zigor Kodearen artikulua aldatzeko eta, behin hori Gasteizen onartuta, Legebiltzarrak legea Madrilera, Kongresura, eraman dezala, Kongresua baita Zigor Kodea aldatzeko eskumena duen erakundea. Proposamenaren arabera, legea onartu eta sei hilabeteko epean Gobernu espainolak Eutanasia Arautzeko Lege-Proiektua aurkeztu beharko luke. Uberak azaldu du Legebiltzarrak prozedura bera erabili zuela amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa sor zedila eskatzeko.
“Gure helburua ¬–azaldu du Uberak– pertsonek heriotza ona ziurtatzeko eskubidea izatea da, kalitatezko bizitza gauzatzeko eskubidea ere duten bezala; hots, euren bizitzari amaiera ematerakoan pertsonek izan behar duten erabakitzeko ahalmena lehenetsi nahi dugu, horrela bueltarik ez duen sufrimenduari, fisiko zein psikologikoari, amaiera ematea ahalbidetzeko. Finean, pertsonaren borondatearen errespetua blindatzea du helburu ekimen legegile honek, pertsonaren eskubideak eta duintasuna bermatuta”.
EH Bilduren ekimenez ere, Legebiltzarrak Heriotza Duinaren Legea –“Estatuan dagoen aurrerakoiena”, Uberaren esanetan– onartu zuen 2016an. “Une hartan legeak eutanasia ere aintzat hartzea proposatu genuen, baina gainerako taldeek ez zuten komenigarritzat jo; gaur, ordea, sentsibilitate sozial eta politikoa ezberdina da eta uste dugu oraingoan adostasuna lor dezakegula. Maribel Tellaetxeren eta Hernandez-Carrasco familiaren kasuek mahai gainean jarri dute berriz eutanasia despenalizatu eta arautu beharra. Ezin dugu onartu ehunka familiak sufritzen jarraitzea edo etorkizunean egoera horretan egotea. Zigor Kodea aldatu behar da herritarren duintasuna bermatzeko eta euren babesgabetasunarekin amaitzeko itzulerarik ez duen sufrimenduaren kontrako borrokan edota, gaixotasun progresibo eta sendaezinen kasuan, mendekotasun egoera batera iristeak dakarren sufrimendu jasanezinari aurre egiteko borrokan. Gaixorik dauden pertsonek eskubidea izan behar dute, euren borondatea errespetatuz eta aholkularitza medikuarekin, alternatiba terapeutiko desberdinetarako sarbidea izateko, euren minari eta sufrimenduari amaiera emateko eta, horrela, heriotza duina bermatzeko”.
Amaitzeko, EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Europan bertan hainbat estatuk eutanasia zein suizidio lagundua arautu dituztela. “Suitzan, esaterako, suizidio lagundua despenalizaturik dago eta Holanda, Belgika eta Luxenburgon suizidio lagundua ez ezik eutanasia ere despenalizaturik eta arauturik dago. Herri horiek gizartearen eboluzioaren baitan egokitzen joan dira eta pertsonaren borondatea eta autonomia erdigunean jartzen jakin izan dute bizitza eta heriotza duinaren mesedetan; uste dugu hemen ere urrats hori emateko ordua iritsi dela”.
 

ALBISTEAK

Larria eta onartezina da EITB EAJ eta Confebasken interes partikularren zerbitzura jartzea

2020-03-31 19:15:00

Hedabide publikoek beti bermatu behar dituzten neutraltasun ideologikoa eta objektibotasuna urratzea egotzi die EH Bilduk EITBko arduradunei. EAJri ez zaio EITBren irudia kaltetzea axola, haren instrumentalizazioari etekin politikoa ateratzen badio.

Larrialdi egoera honetan Legebiltzarrak bere izaera berreskuratu behar du proposamenak bideratu eta Jaurlaritzaren gaineko kontrola bermatzeko

2020-03-27 19:19:00

EH Bilduk salatu duenez, “EAJ eta PSE demokrazia batean ezinbestekoa den kontrol parlamentarioa ekidin nahian dabiltza oposizioaren ekimen politikoa galarazteko eta Urkulluren Gobernua blindatzeko”.

EH Bilduk ohartarazi du Zaldibarren kutsatzaile arriskutsuak isurtzen ari direla uretara, urtean batez beste onartutakoa baino askoz gehiago

2020-02-26 15:07:00

Uraren Euskal Agentziak eginiko analisiek erakusten dute beruna, kadmioa eta zianuroa bezalako gai toxikoen isurketen parametroak benetan txarrak direla. “Datuak ikusita, lehentasunezkoa da Deba ibaiaren arro osoan neurriak hartzea kutsadura saihesteko”, azpimarratu du Mikel Oterok.

EAJk nahita blokeatu du euskara doan ikasteko legea eta orain propaganda eta elektoralismoari ekin dio

2020-02-12 14:00:00

“Guztiz lotsagarria da EAJ ateratzea euskara doan ikasteko eskubidearen berme gisa, 2018az geroztik EH Bilduren lege proposamena etengabe oztopatu ostean. EAJk ez ditu helburu ez euskara ez gizartea, gainetik bere interes alderdikoiak jartzen ditu beti”.