Legebiltzarra

Enpresen deslokalizazioa eragozteko EH Bilduren lege proposamena atzera bota dute EAJ, PSE eta PPk

Iker Casanovaren proposamena onartuz gero, enpresek 10 urteetan jasotako laguntza publikoak itzuli beharko zituzten euren jarduera justifikatu gabe kanpora eramatekotan. EAJ eta PSEk 2007an Bizkaian onartu zutenaren kontra egin dute; han antzeko arau bat indarrean dago.

| 2019-05-30 14:09:00

Iker Casanovak enpresen deslokalizazioa eragoztea helburu zeukan lege proposamen bat defendatu du gaur Legebiltzarrean, baina EAJ, PSE eta PPk bat egin eta atzera bota dute. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “funtsean enplegua babestu eta enpresek lurraldearekiko izan behar duten erantzukizuna eta konpromisoa indartu nahi genituen eta, horretarako, gure proposamenak hainbat neurri jasotzen zituen deslokalizazioen mehatxuari aurre egiteko”. Besteak beste, legea onartuz gero, deslokalizazio kasuetan enpresek azken 10 urteetan jasotako diru-laguntza publiko guztiak itzuli beharko zituzten. “Hala, enpresek bi aldiz pentsatuko lukete euren produkzioa kanpora eraman aurretik. Gu ados gaude enpresei laguntzearekin, baina ez diegu diru publikoa oparitu nahi, dirua hartu ostean alde egiten badute euren jarduera modu iraunkorrean garatu gabe”.
Casanovak gogora ekarri du Bizkaian antzeko arau bat indarrean dagoela 2007az geroztik eta, horri esker, bertako Aldundiak Siban enpresaren deslokalizazioa neutralizatzea lortu zuen. Hortaz, “onuragarria izango zen formula hori orokortzea eta Araba eta Gipuzkoara ere hedatzea; hori da azken batean proposatzen ari ginena, baina EAJ eta PSE Bizkaian onartu zutenaren kontra agertu dira gaur Legebiltzarrean; kontraesana bistakoa da”.
Gobernukideek argudiatu dute EH Bilduk proposatutako legea onartuz gero, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ez liratekeela lehiakorrak izango Europako testuinguru ekonomikoan, baina argudioa desmuntatu die Casanovak. Batetik, Bizkaiak ez duelako lehiakortasuna galdu 2007an onartu zuen arauarekin; bestetik, laguntza publikoak jasotzeko enpresei baldintzak jartzea ez doalako lehiakortasunaren aurka, eskubideetan oinarritutako eredu produktibo baten alde baizik.
 

Larria eta onartezina da EHUko Medikuntza Fakultatean euskaraz ikasten dutenei lanak gaztelaniaz aurkezteko eskatzea

Rebeka Uberak kontuak eskatu dizkio Hezkuntza Sailburuari Parlamentuan “lotsagarria delako 2019an ikasle euskaldunak bigarren mailakoak izaten jarraitzea”. Ikasle horiei berdintasun baldintzetan aritzea bermatzeko exijitu dio Jaurlaritzari.

| 2019-05-29 14:24:00

Rebeka Uberak interpelazioa egingo dio Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari Legebiltzarrean, Kontroleko Osoko Bilkuran, “larria, lotsagarria eta onartezina delako Euskal Herriko Unibertsitatean Medikuntza Gradua euskaraz ikasten ari diren ikasleei lanak gaztelaniaz aurkez ditzatela eskatzea”. Horixe gertatu zaie Gradu amaierako lanetan ohorezko matrikula lortzeko aurkeztu diren lau ikasleri, horren inguruko erabakia hartu behar duen epaimahaian bi irakaslek, antza, ez dutelako euskara ulertzen. “2019an gaude, baina ikasle euskaldunak oraindik bigarren mailakoak direla dirudi”, salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak.
Fakultateko dekanoak barkamena eskatu izana ez da inondik inora nahikoa, Uberaren irudiko. “Arazoak bere horretan jarraitzen du, ikasle horien lanak ebaluatu behar dituen epaimahaian bi kidek ezin izango dituztelako ebaluatu; argi dago horrek aukera berdintasunaren printzipioa urratzen duela ikasle euskaldunak ez direlako lana gaztelaniaz aurkeztuko duten ikasleen baldintza beretan egongo, lan horiek epaimahai osoak ebaluatuko dituelako. Hezkuntza Sailaren ardura eta obligazioa da ikasle guztiek Gradu amaierako lanak berdintasun baldintzetan aurkeztuko dituztela bermatzea”.
 

ALBISTEAK

Larria eta onartezina da EITB EAJ eta Confebasken interes partikularren zerbitzura jartzea

2020-03-31 19:15:00

Hedabide publikoek beti bermatu behar dituzten neutraltasun ideologikoa eta objektibotasuna urratzea egotzi die EH Bilduk EITBko arduradunei. EAJri ez zaio EITBren irudia kaltetzea axola, haren instrumentalizazioari etekin politikoa ateratzen badio.

Larrialdi egoera honetan Legebiltzarrak bere izaera berreskuratu behar du proposamenak bideratu eta Jaurlaritzaren gaineko kontrola bermatzeko

2020-03-27 19:19:00

EH Bilduk salatu duenez, “EAJ eta PSE demokrazia batean ezinbestekoa den kontrol parlamentarioa ekidin nahian dabiltza oposizioaren ekimen politikoa galarazteko eta Urkulluren Gobernua blindatzeko”.

EH Bilduk ohartarazi du Zaldibarren kutsatzaile arriskutsuak isurtzen ari direla uretara, urtean batez beste onartutakoa baino askoz gehiago

2020-02-26 15:07:00

Uraren Euskal Agentziak eginiko analisiek erakusten dute beruna, kadmioa eta zianuroa bezalako gai toxikoen isurketen parametroak benetan txarrak direla. “Datuak ikusita, lehentasunezkoa da Deba ibaiaren arro osoan neurriak hartzea kutsadura saihesteko”, azpimarratu du Mikel Oterok.

EAJk nahita blokeatu du euskara doan ikasteko legea eta orain propaganda eta elektoralismoari ekin dio

2020-02-12 14:00:00

“Guztiz lotsagarria da EAJ ateratzea euskara doan ikasteko eskubidearen berme gisa, 2018az geroztik EH Bilduren lege proposamena etengabe oztopatu ostean. EAJk ez ditu helburu ez euskara ez gizartea, gainetik bere interes alderdikoiak jartzen ditu beti”.