Legebiltzarra

EH Bilduk EAJren jarrera kritikatu du eta Memoria Historikoaren Legea aurkezteko prest agertu da, Frankismoaren Krimenen aurkako Plataformak hala nahi badu

Julen Arzuagak behar-beharrezkotzat jo du Legebiltzarrak Memoria Historikoari buruzko lege bat onartzea eta lan horretan EH Bildu Frankismoaren Krimenen aurkako Plataformaren esanetara dagoela adierazi du.

| 2019-07-24 16:21:00

EH Bilduk ezinbestekotzat jo du Legebiltzarrak Memoria Historikoaren Legea onartzea eta gogora ekarri du iaz, otsailean, EAJ, PSE eta PPk bat egin zutela koalizioak helburu horrekin aurkeztu zuen lege proposamena bertan behera uzteko. Gaur, ordea, Frankismoaren Krimenen aurkako Plataformaren Herri Ekimen Legegilea bidean da Parlamentuan, baina EAJ berau tramitatzearen aurka agertu da berriro ere, oraingoan Jaurlaritza, antza, gai horri buruzko lege-proiektua lantzen ari omen delako. EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagaren iritziz, “EAJ ekimena kapitalizatzen saiatzen ari da, Frankismoaren biktima ahaztuei egia eta justizia eskaintzea helburu duen plataformaren ekimen legegileari ateak itxita”.

Arzuagak jeltzaleen oportunismoa kritikatu du horren haritik, eta ohartarazi du Jaurlaritzaren lege proiektua herri ekimen legegilea baino dezente motzago geratuko dela Frankismoaren biktimei erreparazioa emateko orduan. Plataformako bozeramaileek kezka hori adierazi dute gaur bertan, eta euren proposamena bideratzeko eskatu diete talde parlamentarioei. Horren aurrean, “EH Bildu –esan du Arzuagak– plataformaren esanetara jartzen da eta, egokia iruditzen baldin bazaio, herri ekimen legegilearen testua lege proposamen gisa aurkezteko prest dago, oinarri horien gainean Memoria Historikoaren Legea onar dadin”.

Arzuagak azaldu duenez, “EAJ horrelako lege bat onartzearen kontra agertu da behin baino gehiagotan, Gogora institutuak arlo horretan egiten duen lana nahikoa delakoan”. Hala ere, EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, “Gogorak ezin die justizia eta erreparazioa eskaini Frankismoaren biktimei, ez duelako horretarako gaitasunik. Horregatik, blokeoa etengabea zelako, Frankismoaren Krimenen aurkako Plataformak aurrera egin eta herri ekimen legegilea aurkeztu zuen, baina orduan, lege proposamena jada mahai gainean zegoenean hain justu, Jaurlaritzak iragarri zuen lege proiektu bat prestatzen ari zela, presaka eta korrika, aurreko diskurtsoa goitik behera aldatuz eta inorekin hitz egin gabe, ordura arte beharrezkotzat jotzen ez zuen legea, orain bai, egiteko”.

Osasun Sailak mediku espezialisten ebazpen prozesua eten behar du oposizioei buruzko ikerketa amaitu arte

EH Bilduren iritziz, ez da nahikoa lanpostuen esleipena zortzi kategoriatan soilik paralizatzea. “Orain hala egitea erabaki dute, baina maiatzean legez ezinezkoa zela esan zigun EAJk; argi dago gezurretan eta noraezean ari direla”, kritikatu du Rebeka Uberak.

| 2019-07-23 13:08:00

EH Bilduk 2016-2017 Lan Eskaintza Publikoan ateratako mediku espezialisten ebazpen prozesua kautelaz eteteko eskatu dio berriz ere Osasun Sailari, ospitalez kanpoko pediatria eta familia medikuena izan ezik, oraindik zabalik dagoen oposizioei buruzko ikerketa amaitu arte. Rebeka Uberak adierazi duenez, “zentzugabea da lanpostuak esleitzeko prozesuan aurrera egitea, agian ikerketa horren ondorioz hainbat erabaki atzera bota beharko direlako, eta horrek prozesua eteteak baino kalte handiagoa egingo luke; bai Osasun Sailak, bai Osakidetzak hori kontuan hartu eta zuhurtziaz jokatu beharko lukete, beraz”.
Hori dela eta, Uberak eznahikotzat jo du Osasun Sailak lanpostuen esleipena zortzi kategoriatan paralizatzea. “Ez da nahikoa, ez eta koherentea ere. Batetik, Osakidetzak egin zuen barne-ikerketaren arabera, hiru kategoriatan izan ezik oposizioak garbiak izan direlako guztiz, eta hala bada, zergatik paralizatu ditu zortzi? Eta bestetik, 11 kategoria direlako Gasteizko epaitegi batean ikertzen ari direnak; hau da, 11 dira susmopean daudenak, baina zortzi bakarrik eten ditu Osasun Sailak; ez da batere koherentea”.
Horren haritik, Uberak gogora ekarri du EH Bilduk oposizioetako ebazpen prozesua espezialitate guztietan kautelaz etetea eskatu zuela maiatzean, “eta EAJ horren aurka agertu zen, gure proposamena araubidearen kontra zihoala argudiatuz eta, gelditzekotan, barne-ikerketan irregulartasunak azaleratu ziren kategoriak bakarrik geldi zitezkeela esanez”. Orain, ordea, Osakidetzak zortzi kategoriatan paralizatu du prozesua. “EH Bilduren proposamena legezkoa zela aitortu du praktikan eta, aldi berean, agerian utzi du Osasun Sailean gezurretan eta noraezean ari direla”.
 

ALBISTEAK

Terrazetako anabasa Jaurlaritzaren laguntza faltaren ondorio ere bada, ohartarazi du EH Bilduk

2020-05-12 13:19:00

Iker Casanova: “Premia ekonomikoak bultzatuta ireki behar izan dute ostalari eta merkatari askok, baldintzak ematen ez diren arren”. Laguntzak (2.200€) behingoz bideratzeko exijitu dio Jaurlaritzari, “gutxieneko bermeak eduki bitartean negozioa itxita mantendu ahal izateko ere bai”. EH Bilduren proposamena bidean da jada Legebiltzarrean.

EH Bilduk ikasleen itzulera hezkuntza komunitatearekin adosteko eskatu dio Jaurlaritzari

2020-05-11 13:25:00

EH Bilduk proposamena aurkeztu eta Diputazio Iraunkorra berriz biltzeko galdegin du. Rebeka Uberaren iritziz, “Hezkuntza Sailaren aldebakartasuna ez da bidezkoa, Despotismo Ilustratuaren garaikoa da”.

EAJ Legebiltzarreko Mahaia alderdikeriaz erabiltzen ari da oposizioaren ekimen politikoa mugatzeko

2020-05-07 17:04:00

Mahaiak ez ditu EH Bilduren legez besteko bi proposamen tramitera onartu eta Elkarrekin Podemos-IUren jarduera politikoa blokeatzen jarraitzen du. Eba Blancok eta Jon Hernandezek EAJ eta PSEri egotzi diete “Mahaian duten gehiengoa oposizioaren lana eragozteko eta Jaurlaritza babesteko baliatzea”.

EH Bilduk alokairurako laguntzak motz geratzen direla ohartarazi du eta igotzeko eskatu dio Jaurlaritzari

2020-05-06 14:36:00

EH Bilduk proposamena eramango du Diputazio Iraunkorrera zenbatekoak handitzeko eta laguntza jasotzeko epea sei hilabetez luzatzeko.