Legebiltzarra

Erresidentzietako Dekretu berriarekin adinekoei ematen zaien arretak 20 urte atzera egingo du

Ander Rodríguezek iragarri du mozio bat aurkeztuko duela Gobernuak Dekretua erretiratu dezan: “Arau berria onartezina da, adinekoei ematen zaien arreta zuzena 1998ko Dekretuak arautzen zuena baino txikiagoa baita”

| 2019-10-11 14:42:00

EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu dio erretiratu dezala Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza-zentroei buruzko 126/2019 Dekretua, murrizketak ekarriko dituelako mendekotasuna duten pertsonen arretan. Ander Rodríguez legebiltzarkideak Artolazabal sailburuari egindako interpelazioan adierazi duenez, “saldu nahi izan digute Dekretu berriak hobetu egingo duela egoitzetan ematen den arreta. Baina gezurra da. Adinekoei ematen zaien arreta zuzena 1998ko Dekretuak arautzen zuena baino txikiagoa izango da. Izan ere, Dekretu berriak aurreikusten du langile bakoitzak urtero, 200 ordu gutxiago izango dituela egoiliarrak artatzeko”.

Horregatik, Rordríguezek Artolazabal sailburuari azalpenak eskatu dizkio gaur Legebiltzarrean izan den Kontroleko Osoko Bilkuran, eta sektorearen garrantzia gogoratu dio: “Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 18.000 pertsona bizi dira adinekoentzako zentroetan. Erabiltzaile guzti horien eguneroko bizitza eta zaintza arautzen ari da Jaurlaritza bere Dekretu berrian; eta ez hori bakarrik, 13.000 zaintzaileen lan-baldintzak ere”.

Pertsonen zaintza erdigunean jarri eta zerbitzu publikoak hobetu beharrean, Gobernuak onartutako Dekretuak murriztu egingo du egoiliarrei ematen zaien arreta zuzena. Bataz beste, langileek bost minutu (4,98 minutu) gutxiago izango dute egunero egoiliarrak zaintzeko. Mendekotasun moderatua duten pertsonen kasuan, ordu erdi baino gehiago murriztuko zaie arreta zuzena (32,38 minutu). Horren arrazoia da Dekretu berriak ez dietuela kontutan izan azken 20 urteetan arloko Hitzarmen Kolektiboak izandako aldaketak. 1998ko Hitzarmenak ezartzen zuen zaintzaileen urteko lanaldia 1.800 ordukoa zela. Gaur egun, aldiz, 200 ordu gutxiagokoa da Bizkaian (1.598 ordu) eta Gipuzkoan (1.592 ordu). Arabako egoera zeharo desberdina da, baina hala ere gutxitu da (1.792 ordu).

Zoritxarrez, Artolazabal sailburuaren azalpenak “etsigarriak” izan direla adierazi du EH Bilduko legebiltzarkideak: “Ez dugu ikusi ez ardurarik, ez atzera egiteko borondaterik. Gobernuaren jarrera, beraz, onartezina iruditzen zaigu”. Horregatik, iragarri du mozio bat aurkeztuko duela Legebiltzarrak Gobernuari eskatu diezaion Dekretua erretiratzea. 

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak iraupen luzeko langabeziaren aurkako talka-plana eskatu dio Lakuari

Nerea Kortajarenak ohartarazi du EAEn iraupen luzeko 56.000 langabe daudela. “Ezinbestekoa da Gobernuak pertsona horiek erreskatatzea”.

| 2019-10-10 14:59:00

EH Bilduren ekimen bati jarraituz, Legebiltzarrak talka-plan iraunkor bat, hiru urtekoa, sustatzeko eskatu dio gaur Jaurlaritzari Lanbidek iraupen luzeko langabetuak egoki artatu eta laneratu ditzan. Podemos eta PPk bat egin dute koalizioaren proposamenarekin eta EAJ eta PSE izan dira kontra agertu diren bakarrak.
Nerea Kortajarenak akordio parlamentarioaren garrantzia azpimarratu du, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan iraupen luzeko 56.000 langabetu daudelako, langabetu guztien erdia, hain zuzen, eta ezinbestekoa delako, beraz, Lakuak pertsona horiek guztiak erreskatatzea. EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Legebiltzarrak berariazko neurriak eskatu zituela aho batez 2018ko ekainean iraupen luzeko langabeziaren aurka, baina, salatu duenez, Urkulluren Gobernuak ez ditu horrelako neurriak txertatu bere jardunean.
Gaur eskatutako talka-planaren baitan Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez, protokolo berezi bat indarrean jarri beharko du langabe bakoitzari arreta jarraitua bermatzeko banan-banako arreta, prestakuntza, orientazioa, bitartekaritza eta laneratzeko aukerak landuz. Lan horretan lehenetsiko dira langabe kopuru altuenak dituzten udalerri eta eskualdeak.
Halaber, Lakuak enplegu-planen egungo egitura aldatu beharko du iraupen luzeko langabetuen egoerari egokitzeko, betiere kontratazioaren kalitatea bermatuz, eta iraupen luzeko langabetuak kontratatzeko irizpideak txertatu beharko ditu kontratu publiko guztietan, berariazko klausula sozialen bidez.
 

ALBISTEAK

EH Bilduk ekimena hartu du Memoria Historikoaren Legean Frankismoaren biktimentzako kalte-ordainak txertatzeko

2019-10-17 15:03:00

EAJ eta PSEk atzera bota dute Frankismoaren Krimenen aurkako Plataformaren lege proposamena, Jaurlaritza legea lantzen ari den aitzakiapean. EH Bilduk mespretxutzat jo du erabaki hori, eta salatu du Gobernuaren aurreproiektuak ez dituela kalte-ordainak aurreikusten.

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak bestelako politikak eskatu dizkio Lakuari gazteen emantzipazioa errazteko

2019-10-17 11:56:00

Josu Estarronak lehentasunezkotzat jo du enplegu eta etxebizitza politikak aldatzea, Jaurlaritzak orain arte erabili dituen formulek kale egin dutelako.

EH Bilduk Bel Pozuetaren adierazpenak zentsuratzea egotzi dio EITBri

2019-10-16 14:00:00

EH Bilduko hautagaia den aitzakiapean, Euskadi Irratiak Pozuetaren hitzak emititzeari uko egin zion Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteen aurkako epaia argitaratu zuen egunean. Geroa Baiko hautagaiari, ordea, elkarrizketa egin zioten egun berean Radio Euskadin.

EH Bilduk lege bat proposatu du Administrazioan behin-behinekotasuna amaitzeko eta enplegua egonkortzeko

2019-10-15 16:50:00

Behin-behinean kronifikatutako lanpostuak azaleratu eta Lan Eskaintza Publikoen bitartez egonkortzea du helburu lege proposamenak.