Legebiltzarra

Lakuak obskurantismoa, inprobisazioa eta baliabide falta erakutsi ditu inbertsio funtsak iragartzean

Jaurlaritzak iragarri duen inbertsio funts publikoa motz geratzen dela dio Iker Casanovak. Ikusmen estrategiko falta egotzi dio Lakuari, bai eta baliabide ekonomiko nahikorik ez bideratzea ere.

| 2019-07-22 14:35:00

EH Bilduren iritziz, Urkullu lehendakariak gaur aurkeztu dituen inbertsio funtsek ez diete behar bezala erantzungo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ehun industrialak dituen beharrizanei eta ez dira iristen Jaurlaritza bera orain arte iragarritako mailara, 2016az geroztik iragartzen ari baitzen 250 milioi euro bideratuko zituela inbertsio funts bat sortzera eta gaur, ordea, bakarrik 75 milioiko funts publiko bat sortuko duela esan du, gehi beste bat, publiko-pribatua, non Lakuak eta aldundiek 15 milioi baino ez dituzten ipiniko.
Iker Casanovaren hitzetan, “legealdi osoan zehar iragarri duen inbertsio funtsa aurkeztu du gaur Jaurlaritzak, baina gaurkoa ez da orain arte agindu egin zaiguna; funtsa aldatu eta murriztu egin baita. Azken urteotan Gobernuak gai horretaz egin duen agerraldi bakoitzean bertsio ezberdin bat eman du funts horren inguruan, bai helburuei dagokienez, bai osaketari dagokionez, eta orain, zenbatekoari begiratuz gero, bistakoa da hasierako planteamendua murriztu duela 250 milioitik 75 milioira pasatu baita. Hasierako planteamenduan baliabideak nahikoak ez baziren, gaur iragarri duten kopuruarekin esan dezakegu funts horrek izaera sinbolikoa izango duela eta ez duela benetan balio izango Euskaltel, Gamesa edo Ibermatica bezalako enpresa nagusien errotzea mantentzeko eta bermatzeko”.
Finean, erantsi du Casanovak, “Urkulluren Gobernuak erakutsi du inprobisatzen ari dela, ez daukala ikusmen eta planteamendu estrategikorik, ez eta baliabide ekonomiko nahikorik ere, besteak beste, zerga politika atzerakoia egiten ari delako”.
 

Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiaren ostean Estatuko terrorismoaren biktimekin bat egin behar da

Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiak euren eskubideen alde borrokatzen jarraitzera behartzen ditu Estatuaren biktimak, eta EH Bilduk bide horretan babesa eta laguntza emateko determinazio osoa dauka.

| 2019-07-18 19:44:00

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak BVEren eta GALen zenbait biktimaren eskabidea aintzat hartzeari uko eginda, “Estatuko terrorismoaren biktimekin bat egiteko unea” da, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz. Arzuagaren esanetan, “erabaki horrekin Estrasburgoko Auzitegiak euren eskubideen alde borrokatzen jarraitzera behartzen ditu Estatuko terrorismoaren biktimak, beste biktimekiko berdintasun baldintzetan tratatuak izatea lortzeko”.
EH Bilduko ordezkariak azpimarratu du “Estatuaren biktimak ahaztutako biktimak direla, instituzioek baztertutakoak, eta gaur ere, ikusi dugunez, euren eskubideak ez dira babestuak izan. Hori dela eta, EH Bildutik gure elkartasuna eta gertutasuna adierazi nahi diegu, bai eta egiaren eta justiziaren bidetik laguntzeko gure determinazioa ere”.
 

ALBISTEAK

Larria eta onartezina da EITB EAJ eta Confebasken interes partikularren zerbitzura jartzea

2020-03-31 19:15:00

Hedabide publikoek beti bermatu behar dituzten neutraltasun ideologikoa eta objektibotasuna urratzea egotzi die EH Bilduk EITBko arduradunei. EAJri ez zaio EITBren irudia kaltetzea axola, haren instrumentalizazioari etekin politikoa ateratzen badio.

Larrialdi egoera honetan Legebiltzarrak bere izaera berreskuratu behar du proposamenak bideratu eta Jaurlaritzaren gaineko kontrola bermatzeko

2020-03-27 19:19:00

EH Bilduk salatu duenez, “EAJ eta PSE demokrazia batean ezinbestekoa den kontrol parlamentarioa ekidin nahian dabiltza oposizioaren ekimen politikoa galarazteko eta Urkulluren Gobernua blindatzeko”.

EH Bilduk ohartarazi du Zaldibarren kutsatzaile arriskutsuak isurtzen ari direla uretara, urtean batez beste onartutakoa baino askoz gehiago

2020-02-26 15:07:00

Uraren Euskal Agentziak eginiko analisiek erakusten dute beruna, kadmioa eta zianuroa bezalako gai toxikoen isurketen parametroak benetan txarrak direla. “Datuak ikusita, lehentasunezkoa da Deba ibaiaren arro osoan neurriak hartzea kutsadura saihesteko”, azpimarratu du Mikel Oterok.

EAJk nahita blokeatu du euskara doan ikasteko legea eta orain propaganda eta elektoralismoari ekin dio

2020-02-12 14:00:00

“Guztiz lotsagarria da EAJ ateratzea euskara doan ikasteko eskubidearen berme gisa, 2018az geroztik EH Bilduren lege proposamena etengabe oztopatu ostean. EAJk ez ditu helburu ez euskara ez gizartea, gainetik bere interes alderdikoiak jartzen ditu beti”.