Legebiltzarra

Nahikoa da lehendakariak Hondarribiko alkateari deitzea Zaldunbordako proiektua bertan behera uzteko

EH Bilduk ohartarazi du Zaldunbordan makro-outlet bat eraikitzea hondamendia izango dela eskualdeko merkataritza txikiarentzat.

| 2019-10-11 15:40:00

EH Bilduk Zaldunbordan (Hondarribia) makro-outlet bat eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko lan egiteko eskatu dio gaur Jaurlaritzari, Merkataritza sailburuari, hain zuzen, egitasmo hori hondamendia izango dela Hondarribiko eta, oro har, eskualde osoko merkatari txikientzat, ingurumena kaltetzeaz gain, Iker Casanovak ohartarazi duenez. “Borondate politikoa baino ez da behar, aski da lehendakariak Hondarribiko alkateari deitzea gehiegikeria hori gelditzeko”.
Casanovak gogora ekarri du Legebiltzarrean aho batez onartutako legearen arabera Zaldunbordakoa bezalako proiektuak ezinezkoak direla eta, beraz, horri eutsi diezaiola exijitu dio PSEko sailburuari, haren alderdiak eta Gobernu osoak Hondarribiko EAJk sustatu duen makro-outlet hori bertan behera uzteko. “Ez dizuegu utziko albora begira jartzen neurriak hartzen ez badituzue, praktikan merkataritza txikiaren kontra kokatuko zarete”.
 

Erresidentzietako Dekretu berriarekin adinekoei ematen zaien arretak 20 urte atzera egingo du

Ander Rodríguezek iragarri du mozio bat aurkeztuko duela Gobernuak Dekretua erretiratu dezan: “Arau berria onartezina da, adinekoei ematen zaien arreta zuzena 1998ko Dekretuak arautzen zuena baino txikiagoa baita”

| 2019-10-11 14:42:00

EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu dio erretiratu dezala Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza-zentroei buruzko 126/2019 Dekretua, murrizketak ekarriko dituelako mendekotasuna duten pertsonen arretan. Ander Rodríguez legebiltzarkideak Artolazabal sailburuari egindako interpelazioan adierazi duenez, “saldu nahi izan digute Dekretu berriak hobetu egingo duela egoitzetan ematen den arreta. Baina gezurra da. Adinekoei ematen zaien arreta zuzena 1998ko Dekretuak arautzen zuena baino txikiagoa izango da. Izan ere, Dekretu berriak aurreikusten du langile bakoitzak urtero, 200 ordu gutxiago izango dituela egoiliarrak artatzeko”.

Horregatik, Rordríguezek Artolazabal sailburuari azalpenak eskatu dizkio gaur Legebiltzarrean izan den Kontroleko Osoko Bilkuran, eta sektorearen garrantzia gogoratu dio: “Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 18.000 pertsona bizi dira adinekoentzako zentroetan. Erabiltzaile guzti horien eguneroko bizitza eta zaintza arautzen ari da Jaurlaritza bere Dekretu berrian; eta ez hori bakarrik, 13.000 zaintzaileen lan-baldintzak ere”.

Pertsonen zaintza erdigunean jarri eta zerbitzu publikoak hobetu beharrean, Gobernuak onartutako Dekretuak murriztu egingo du egoiliarrei ematen zaien arreta zuzena. Bataz beste, langileek bost minutu (4,98 minutu) gutxiago izango dute egunero egoiliarrak zaintzeko. Mendekotasun moderatua duten pertsonen kasuan, ordu erdi baino gehiago murriztuko zaie arreta zuzena (32,38 minutu). Horren arrazoia da Dekretu berriak ez dietuela kontutan izan azken 20 urteetan arloko Hitzarmen Kolektiboak izandako aldaketak. 1998ko Hitzarmenak ezartzen zuen zaintzaileen urteko lanaldia 1.800 ordukoa zela. Gaur egun, aldiz, 200 ordu gutxiagokoa da Bizkaian (1.598 ordu) eta Gipuzkoan (1.592 ordu). Arabako egoera zeharo desberdina da, baina hala ere gutxitu da (1.792 ordu).

Zoritxarrez, Artolazabal sailburuaren azalpenak “etsigarriak” izan direla adierazi du EH Bilduko legebiltzarkideak: “Ez dugu ikusi ez ardurarik, ez atzera egiteko borondaterik. Gobernuaren jarrera, beraz, onartezina iruditzen zaigu”. Horregatik, iragarri du mozio bat aurkeztuko duela Legebiltzarrak Gobernuari eskatu diezaion Dekretua erretiratzea. 

ALBISTEAK

Terrazetako anabasa Jaurlaritzaren laguntza faltaren ondorio ere bada, ohartarazi du EH Bilduk

2020-05-12 13:19:00

Iker Casanova: “Premia ekonomikoak bultzatuta ireki behar izan dute ostalari eta merkatari askok, baldintzak ematen ez diren arren”. Laguntzak (2.200€) behingoz bideratzeko exijitu dio Jaurlaritzari, “gutxieneko bermeak eduki bitartean negozioa itxita mantendu ahal izateko ere bai”. EH Bilduren proposamena bidean da jada Legebiltzarrean.

EH Bilduk ikasleen itzulera hezkuntza komunitatearekin adosteko eskatu dio Jaurlaritzari

2020-05-11 13:25:00

EH Bilduk proposamena aurkeztu eta Diputazio Iraunkorra berriz biltzeko galdegin du. Rebeka Uberaren iritziz, “Hezkuntza Sailaren aldebakartasuna ez da bidezkoa, Despotismo Ilustratuaren garaikoa da”.

EAJ Legebiltzarreko Mahaia alderdikeriaz erabiltzen ari da oposizioaren ekimen politikoa mugatzeko

2020-05-07 17:04:00

Mahaiak ez ditu EH Bilduren legez besteko bi proposamen tramitera onartu eta Elkarrekin Podemos-IUren jarduera politikoa blokeatzen jarraitzen du. Eba Blancok eta Jon Hernandezek EAJ eta PSEri egotzi diete “Mahaian duten gehiengoa oposizioaren lana eragozteko eta Jaurlaritza babesteko baliatzea”.

EH Bilduk alokairurako laguntzak motz geratzen direla ohartarazi du eta igotzeko eskatu dio Jaurlaritzari

2020-05-06 14:36:00

EH Bilduk proposamena eramango du Diputazio Iraunkorrera zenbatekoak handitzeko eta laguntza jasotzeko epea sei hilabetez luzatzeko.