Legebiltzarra

EH Bilduk eskatuta, Legebiltzarrak merkataritza txikiari bultzada emateko neurriak aztertuko ditu pleno monografiko batean

Iker Casanovak azaldu duenez, “merkataritza sektore estrategikoa da eta merezi duen arreta eman nahi izan diogu eztabaida monografikoa eskatuz”. Politika publikoek ez diote merkataritza txikiari behar duen babesa eman eta, batzuetan, kaltegarriak izan dira.

| 2019-09-26 14:41:00

EH Bilduk proposatuta, Legebiltzarrak pleno oso bat, monografikoa, eskainiko dio urriaren 28an merkataritza txikiari, haren egoera zein den aztertzeko eta nola suspertu erabakitzeko. Iker Casanovak azaldu duenez, “merkataritza txikia egoera larri batean murgildurik dago eta horrek instituzioen aldetik neurriak hartzea eskatzen du; horregatik eskatu dugu saio monografikoa egitea, behar-beharrezkoa delako merkataritzari bultzada ematea. Merkataritzak arreta berezia merezi du, sektore estrategikoa baita kuantitatiboki (Barne Produktu Gordinaren %11 eta 140.000 lanpostu) zein kualitatiboki, bere dimentsio ekonomikoagatik zein bere dimentsio sozialagatik”.
EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du “azken urteotan politika publikoek ez diote merkataritza txikiari behar duen babesa eman eta, batzuetan, kaltegarriak izan dira, saltoki handiei lehentasuna eman zaielako, besteak beste”. Hala, 2008tik 2018ra bitartean 1.000 denda baino gehiago itxi dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta milaka lanpostu desagertu dira. Casanovaren esanetan, “bistakoa da, beraz, merkataritza txikiaren egoera larria dela eta lehentasunezko trataera eman behar zaiola, ekonomian pisu handia duelako, baina baita ere balore erantsiak dituelako gizarte osoarentzat: bizitasuna, argitasuna eta segurtasuna dakartza herri eta hirietan, sare sozialak sendotzen ditu eta ezinbestekoak diren produktuen eskuragarritasuna bermatzen du”.
 

Hezkuntza Sailak bideak bilatu behar ditu Gorenaren epaiari aurre egin eta beka sistema murrizketarik gabe mantentzeko

Auzitegi Gorenaren epaiaren ondorioz, 20.000 ikasle inguruk diru-laguntza txikiagoak jasoko dituzte. Menpekotasunaren beste adibide bat da, agerian uzten duena herri honek tresna propioak, burujabeak, behar dituela bizitzaren arlo guztietan erabaki ahal izateko.

| 2019-09-25 15:27:00

“Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, Jaurlaritzaren beka sistema murrizten duena eta milaka euskal ikasleri sekulako kaltea egiten diena, Urkulluk hainbestetan aldarrikatzen duen autogobernuaren aurkako eraso larria eta zuzena da eta, ondorioz, Legebiltzarrak irmo agertu behar du horren kontra”. Hala adierazi du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak, eta salaketa hutsetik harago joateko deia ere egin du. “Ezin gaitezke salaketan geratu, Hezkuntza Sailari eskatu behar zaio Gorenaren epaiari aurre egiteko bideak bila ditzala, haren beka sistema orain arte bezala mantentzeko, laguntzak murriztu gabe”. Hala proposatuko du EH Bilduk mozio baten bitartez, Uberak iragarri duenez.
Auzitegi Gorenaren epaiaren ondorioz, Batxilergo eta Lanbide Heziketako 20.000 ikasle inguruk beka txikiagoak jasoko dituzte aurrerantzean eta, gainera, kaltetuenak diru-sarrera gutxien dituzten familiak izango dira. “Bistakoa da milaka familiaren ekonomian epai horrek izango duen inpaktu negatiboa, baina hori, larria izanik, ez da okerrena, murrizketa horren arrazoia ez delako Jaurlaritzaren ahalmen ekonomiko falta. Jaurlaritzak orain arte ezagutu dugun beka sistemari eusteko behar besteko baliabide ekonomikoak ditu, baina Gorenak ez dio euskal gizartearen mesedetan erabiltzen utzi. Gaia oso larria da, Estatu espainolarekiko menpekotasuna agerian uzten duelako, modurik gordinenean gainera; argi uzten du herri honek tresna propioak, burujabeak, behar dituela arlo guztietan erabakitzeko, arlo guztietan euskal gizarteak behar dituen politikak egin ahal izateko, Madrili dioenari begira egon behar izan gabe. Horrelako kasuek are argiago uzten dute estatus politiko berria behar dugula, hemen horixe dela modu bakarra jendearen beharrei erantzun ahal izango diegula bermatzeko”.
 

ALBISTEAK

Larria eta onartezina da EITB EAJ eta Confebasken interes partikularren zerbitzura jartzea

2020-03-31 19:15:00

Hedabide publikoek beti bermatu behar dituzten neutraltasun ideologikoa eta objektibotasuna urratzea egotzi die EH Bilduk EITBko arduradunei. EAJri ez zaio EITBren irudia kaltetzea axola, haren instrumentalizazioari etekin politikoa ateratzen badio.

Larrialdi egoera honetan Legebiltzarrak bere izaera berreskuratu behar du proposamenak bideratu eta Jaurlaritzaren gaineko kontrola bermatzeko

2020-03-27 19:19:00

EH Bilduk salatu duenez, “EAJ eta PSE demokrazia batean ezinbestekoa den kontrol parlamentarioa ekidin nahian dabiltza oposizioaren ekimen politikoa galarazteko eta Urkulluren Gobernua blindatzeko”.

EH Bilduk ohartarazi du Zaldibarren kutsatzaile arriskutsuak isurtzen ari direla uretara, urtean batez beste onartutakoa baino askoz gehiago

2020-02-26 15:07:00

Uraren Euskal Agentziak eginiko analisiek erakusten dute beruna, kadmioa eta zianuroa bezalako gai toxikoen isurketen parametroak benetan txarrak direla. “Datuak ikusita, lehentasunezkoa da Deba ibaiaren arro osoan neurriak hartzea kutsadura saihesteko”, azpimarratu du Mikel Oterok.

EAJk nahita blokeatu du euskara doan ikasteko legea eta orain propaganda eta elektoralismoari ekin dio

2020-02-12 14:00:00

“Guztiz lotsagarria da EAJ ateratzea euskara doan ikasteko eskubidearen berme gisa, 2018az geroztik EH Bilduren lege proposamena etengabe oztopatu ostean. EAJk ez ditu helburu ez euskara ez gizartea, gainetik bere interes alderdikoiak jartzen ditu beti”.