Legebiltzarra

Legebiltzarrak euskal unibertsitate publikoaren finantziazioa igotzea eskatu dio Jaurlaritzari

Ander Rodriguez legebiltzarkidearen hitzetan, “ulertezina da unibertsitateak krisi garaiko aurrekontuekin funtzionatzea diru-sarrera zifra errekorrak daudenean”

| 2019-10-30 17:27:00

EH Bilduk 2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Plana hobetzeko 41 Ebazpen Proposamen aurkeztu ditu gaur. Ander Rodriguez legebiltzarkideak “anbizio falta” egotzi dio Jaurlaritzari, eta salatu du “Gobernua diru-sarrera zifra errekorrak jasotzen ari den bitartean, euskal unibertsitate publikoaren aurrekontua krisi garaikoa dela”.

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak hainbat Ebazpen Proposamen onartu ditu euskal unibertsitate sistemak jasotzen duen finantziazioa igotzeko. Legebiltzarrak eskatu du Hezkuntza sailak “gehitu ditzala ekarpen arruntaren inbertsioei dagozkien zuzkidurak”, oro har, “azpiegituren mantenua hobetzeko helburuz”, eta “finantzaketa egoki batez horni ditzala EHUren azpiegitura zientifiko eta teknologikoak”. Era berean, ikerlarien aldeko neurriak onartu dira, hain zuzen ere, “nazioarteko doktorego tesiak eta tutorekidetza bidezkoak egiteko finantziazioa” bermatzeko.

Horrez gain, onartu da EH Bilduk bultzatutako beste erdibideko bat: “Legebiltzarrak asmo birzentralizatzaileekin Espainiar Estatutik gure erakunde eta legeen kontra datozen esku-hartzeak deitoratzea, hala nola, EAEko unibertsitate sistemari dagozkienak”. Izan ere, Ander Rodriguezek gogoratu duenez, “joan den ekainaren 28an Espainiako Estatuak, Auzitegi Gorenaren bitartez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza ez unibertsitarioko beken sistema baliogabetu zuen. Honek agerian uzten duena da Espainiako Estatuak nahi duenean, nahi duen bezala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza interbenitu egin dezakeela. Eta Estatuak interbenitzen ez duenean, Jaurlaritzak bere buruari inposatzen dizkio mugak. Adibidez, 2019-2020 ikasturtean unibertsitate eta goi mailako ikasketak egiteko diru-laguntzen deialdian aldaketak egin zituen ‘helegiteak saihesteko”.

Era berean, EH Bilduk lortu du aurrera ateratzea unibertsitatea euskalduntzeko, aldaketa klimatikoaren ondorioak arintzeko eta genero indarkeriaren kontrako neurriak.

Finkatuz funts publikoaren bitartez Jaurlaritzak Euskaltelen akzioak eros ditzala eskatu du EH Bilduk

Iker Casanovak azpimarratu du inbertsio publikoak esanguratsua izan behar duela enpresaren administrazio kontseiluan barne orekak aldatzeko eta lurraldearekiko errotzea bermatzeko. Iturberen izendapena operazio kosmetikoa da eta ez du berez Euskaltelek hartu duen norabidea aldatuko.

| 2019-10-30 15:51:00

EH Bilduk mozioa aurkeztu du Legebiltzarrean Jaurlaritzari eskatzeko Euskaltelen akzioak erosteko, euskal gizartearentzat enpresa estrategikoa izanik, funtsezkoa delako haren gaineko kontrola Euskal Herrian mantentzea eta haren etorkizunari buruzko erabakiak hemen eta hemengo interesen arabera hartzea, eta ez Zegonak Londresen dituen bulegoetan. Zehazki, Iker Casanovak Lakuak sortutako Finkatuz funts publikoa erabiltzea proposatu du Euskaltelen akzioak –kopuru nahikoa eta esanguratsua– erosteko, horrek ahalbidetuko lukeelako, besteak beste, haren komunikazio sarea eta, orokorrean, balio erantsi teknologiko guztiak enpresan bertan geratzea eta lurraldearekiko duen errotzea indartzea eta bermatzea.
Casanovak azaldu duenez, Xabier Iturbe Euskalteleko presidente izendatzeak “ez du berez enpresak hartu duen norabidea aldatuko”. Bere iritziz, izendapen hori “operazio kosmetikoa baino ez da, enpresak iritzi publikoaren aurrean galdu duen irudia konpentsatzeko”. “Benetako norabide aldaketa egon dadin –erantsi du– Jaurlaritzak, Kutxabank eta horren partaide diren hiru banku fundazioekin batera, inbertsio esanguratsua egin behar du enpresan, barne orekak aldatzeko eta, hala, enpresa bera jatorrian zeukan norabidean jartzeko berriro, Euskal Herrian erroturik”.
Tapiaren diskurtso aldaketa, EH Bilduk behartuta
Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak esan du Lakua Euskalteli buruzko diskurtsoa aldatzen hasi dela, gaur bertan Arantxa Tapia sailburuak atea ireki baitio enpresaren akzioak erosteari. “Aukera hori urtebetez ukatu ondoren, badirudi orain atetxo bat irekitzen dela bertan inbertitzeko”. Casanovaren iritziz, Euskalteleko langileen eta EH Bilduren presio etengabea EAJ-PSE gobernua mugiarazten ari da eta orain akzioak erosteko prest agertzen da. Edonola ere, berretsi du legebiltzarkideak, “inbertsioak handia eta esanguratsua izan behar du, barne orekak aldatzeko”.
 

ALBISTEAK

Terrazetako anabasa Jaurlaritzaren laguntza faltaren ondorio ere bada, ohartarazi du EH Bilduk

2020-05-12 13:19:00

Iker Casanova: “Premia ekonomikoak bultzatuta ireki behar izan dute ostalari eta merkatari askok, baldintzak ematen ez diren arren”. Laguntzak (2.200€) behingoz bideratzeko exijitu dio Jaurlaritzari, “gutxieneko bermeak eduki bitartean negozioa itxita mantendu ahal izateko ere bai”. EH Bilduren proposamena bidean da jada Legebiltzarrean.

EH Bilduk ikasleen itzulera hezkuntza komunitatearekin adosteko eskatu dio Jaurlaritzari

2020-05-11 13:25:00

EH Bilduk proposamena aurkeztu eta Diputazio Iraunkorra berriz biltzeko galdegin du. Rebeka Uberaren iritziz, “Hezkuntza Sailaren aldebakartasuna ez da bidezkoa, Despotismo Ilustratuaren garaikoa da”.

EAJ Legebiltzarreko Mahaia alderdikeriaz erabiltzen ari da oposizioaren ekimen politikoa mugatzeko

2020-05-07 17:04:00

Mahaiak ez ditu EH Bilduren legez besteko bi proposamen tramitera onartu eta Elkarrekin Podemos-IUren jarduera politikoa blokeatzen jarraitzen du. Eba Blancok eta Jon Hernandezek EAJ eta PSEri egotzi diete “Mahaian duten gehiengoa oposizioaren lana eragozteko eta Jaurlaritza babesteko baliatzea”.

EH Bilduk alokairurako laguntzak motz geratzen direla ohartarazi du eta igotzeko eskatu dio Jaurlaritzari

2020-05-06 14:36:00

EH Bilduk proposamena eramango du Diputazio Iraunkorrera zenbatekoak handitzeko eta laguntza jasotzeko epea sei hilabetez luzatzeko.