Legebiltzarra

EAJ eta PSEk Confebaski men egin diote eta kooperatibek ordezkari barik jarraituko dute Lanbiden

Kooperatibek, euskal ekonomian duten pisuagatik, Lanbiden parte hartu behar dutela defendatu du EH Bilduk, Nafarroan gertatzen den bezala, baina EAJ, PSE eta PP kontra agertu dira. “Botere politikoa botere ekonomiko zehatz batzuen menpe jarri da berriro ere”.

| 2019-10-04 15:00:00

Confebaskek bere helburua lortu du eta EAJ, PSE eta PPri esker enpresa-erakundeen ordezkaritzaren monopolioari eutsiko dio Lanbideko Administrazio Kontseiluan. Patronalak hala exijitu zuen eta hala eman diote EAJ, PSE eta PPk. Izan ere, Legebiltzarrean Kooperatiben Lege Proiektua tramitatzen ari den ponentzian aipatu alderdiek atzera bota dute gaur EH Bilduren proposamena, kooperatibek Lanbiden parte hartzeari bide emango ziona, alegia. Kooperatiben aldarrikapen zaharra da hori, orain Confebaskenak direlako enpresa-erakundeek Lanbiden dituzten ordezkari guztiak, bostak. EH Bilduk, ordea, hori aldatzea proposatu du, bost ordezkari horietatik bat kooperatibena izan dadin. “Guztiok dakigu zer nolako garrantzia duten kooperatibek herri honetan eta guztiz arrazoizkoa da haiek ere Lanbideko Administrazio Kontseiluan egotea, ezinbestekoa baita Lanbiden enpresa-erakundeen ordezkaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errealitate ekonomiko eta sozial osoa islatzea”, Larraitz Ugartek azaldu duenez.
Hala eta guztiz ere, EAJ, PSE eta PPk Lanbideko ateak itxi dizkiete kooperatibei, EH Bilduren proposamenari ezezkoa emanda. Ugarteren iritziz, alderdi horiek “men egin diote Confebaski eta berriro ere botere politikoa botere ekonomiko zehatz batzuen menpe jarri da”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Nafarroan kooperatibek ordezkaritza dutela bertako Enplegu Zerbitzuan (Lanbideren parekoa) eta, horren haritik, EAJ, PSE eta PPri eskatu die “kooperatibei eta, oro har, gizarteari azaltzeko zergatik Nafarroan posible dena ez den posible EAEn, zergatik han kooperatiben aldarrikapenari bide eman dakiokeen inolako arazo legalik gabe eta hemen ez”. Halaber, salatu du, “ulertezina da EAJ eta PSEren jokaera, ezezkoa eman diotelako Jaurlaritzak berak ere arrazoizkotzat jo duen eskari bati”. Ugarteren ustez, “kontraesana bistakoa da, txosten juridiko batean Lakua kooperatibek Lanbiden parte hartzearen alde agertu delako eta, jarraian, EAJ eta PSEk horren kontra bozkatu dutelako Legebiltzarrean”.
 

Legebiltzarrak bide eman dio ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeari, EH Bilduk proposatu bezala

Proposamenak ustelkeria ikertu eta zigortzeko duen garrantzia azpimarratu du Larraitz Ugartek, eta dei egin die gainontzeko alderdiei tramitazioa ez oztopatzeko, bulegoa 2020an lanean has dadin.

| 2019-10-03 12:02:00

Ustelkeriaren aurkako bulegoaren sorrera gertuago dago gaur, Legebiltzarrak EH Bilduren lege proposamenari bide eman ostean. Albistea benetan pozgarria da koalizioarentzat, Larraitz Ugartek adierazi duenez, “Bulego horrek legez kontrako jarduera ustelak eta praktika desegokiak ikertu, jazarri eta zigortzea ahalbidetuko duelako”. Horren haritik ohartarazi du “Ebrotik gora ere baditugula konpontzeko gauza anitz, hala nola, De Miguel auzia, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoa, Bidegi auzia eta beste hainbat kontu, eta guk beti esan dugu epaitegietatik harago kontrol publiko eta administratiboa ere behar dugula”, Nafarroan dagoeneko duten moduan.
Ugartek azaldu duenez, lege proposamenaren tramitazioa atzeratu da Foru Aldundiek helegitea aurkeztu zutelako Batzorde Arbitralean, eta azken honek jatorrizko proposamena birformulatzera behartu du, aldundiak Bulegoaren kontroletik kanpo uzteko, haiek kontrol mekanismo propioak dituztelako. Hala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalak eta erakunde publiko autonomikoak izango dira Bulegoaren kontrolpean geldituko direnak.
EH Bilduko legebiltzarkideak “oztopo gehiagorik ez jartzeko” eskatu die gainontzeko alderdiei, “ez aldundien bitartez, ez inolako luzapen maniobren bitartez”, eta dei egin die “gaia serio hartzeko, denon ardura delako ustelkeria eta praktika desegokiak amaitzea”. Halaber, tramitazio parlamentarioa azkartzeko eskatu die Bulegoa 2020an, legealdia amaitu aurretik, martxan jarri ahal izateko. “Bulegoa sortzea ezinbestekoa da herritarrentzat, instituzioen izen onarentzat eta higiene demokratikoarentzat”.
Ugartek azpimarratu du ustelkeriaren kontrako bulegoak praktika irregularrak eta ustelak salatzen dituzten pertsonak babestea izango duela helburu, besteak beste. “Gaur gaurkoz ez dago mekanismo egokirik bide judizialetan, norbaitek ustelkeria zantzuak aurkituko balitu, horiek azken bururaino eramateko eta gainera bere anonimatoa ziurtatzeko, denok dakigulako mota honetako praktikak salatzen dituzten pertsonen aurka ere jazarpenak egoten direla eta indefentsioa handia dela. Bulegoa jauzi kualitatibo handia da, beraz”.
 

ALBISTEAK

Larria eta onartezina da EITB EAJ eta Confebasken interes partikularren zerbitzura jartzea

2020-03-31 19:15:00

Hedabide publikoek beti bermatu behar dituzten neutraltasun ideologikoa eta objektibotasuna urratzea egotzi die EH Bilduk EITBko arduradunei. EAJri ez zaio EITBren irudia kaltetzea axola, haren instrumentalizazioari etekin politikoa ateratzen badio.

Larrialdi egoera honetan Legebiltzarrak bere izaera berreskuratu behar du proposamenak bideratu eta Jaurlaritzaren gaineko kontrola bermatzeko

2020-03-27 19:19:00

EH Bilduk salatu duenez, “EAJ eta PSE demokrazia batean ezinbestekoa den kontrol parlamentarioa ekidin nahian dabiltza oposizioaren ekimen politikoa galarazteko eta Urkulluren Gobernua blindatzeko”.

EH Bilduk ohartarazi du Zaldibarren kutsatzaile arriskutsuak isurtzen ari direla uretara, urtean batez beste onartutakoa baino askoz gehiago

2020-02-26 15:07:00

Uraren Euskal Agentziak eginiko analisiek erakusten dute beruna, kadmioa eta zianuroa bezalako gai toxikoen isurketen parametroak benetan txarrak direla. “Datuak ikusita, lehentasunezkoa da Deba ibaiaren arro osoan neurriak hartzea kutsadura saihesteko”, azpimarratu du Mikel Oterok.

EAJk nahita blokeatu du euskara doan ikasteko legea eta orain propaganda eta elektoralismoari ekin dio

2020-02-12 14:00:00

“Guztiz lotsagarria da EAJ ateratzea euskara doan ikasteko eskubidearen berme gisa, 2018az geroztik EH Bilduren lege proposamena etengabe oztopatu ostean. EAJk ez ditu helburu ez euskara ez gizartea, gainetik bere interes alderdikoiak jartzen ditu beti”.