Legebiltzarra

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak txarretsi ditu gazteen emantzipaziorako Jaurlaritzaren politikak

Parlamentuak salatu du Gaztelagun programak, alokairua ordaintzeko laguntzak bideratzen dituenak, porrot egin duela. Estarronak eskatu du laguntza horiek jasotzeko gutxieneko adina 23 urtetik 18 urtera jaisteko.

| 2019-10-09 17:00:00

EH Bilduren proposamen bat aintzat hartuta, Legebiltzarrak “ez-nahikotzat jo ditu Jaurlaritzak gazteen emantzipaziorako diseinatutako politikak eta, bereziki, porrot egin duen Gaztelagun programa, etxebizitzaren alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntzak arautzen dituena”. Hori dela eta, Parlamentuak programa hori aldatzeko galdegin dio Gobernuari, “haren irismena areagotzeko eta ahal beste gazterengana heltzeko”.
EH Bilduren iritziz, Lakuak ondorengo neurriak txertatu beharko lituzke, besteak beste, Gaztelagun programan:
• Laguntza eskatzeko gutxieneko adina 23tik 18 urtera jaistea.
• Muga ekonomiko berriak ezartzea, gehienezkoak zein gutxienekoak, programaren hartzaile diren gazteek pairatzen duten diru-sarreren aldakortasunera egokituz.
• Laguntzaren zenbatekoa hileko diru-sarreren eta alokairu-errentaren arabera kalkulatzea, gazteek etxebizitza alokairua ordaintzeko bideratutako zenbatekoa diru-sarreren %30 baino gehiago inolaz ere ez izateko.
• Berariazko neurriak eskaintzea gazteei, bizi diren udalerrietan etxebizitza libreko bataz besteko hileko alokairu errentak Gaztelagun programan ezarritako mugak gainditzen dituenean.
Halaber, koalizioak beharrezkotzat jo du, programa horretatik harago, bestelako neurri eraginkorrak hartzea alokairuaren burbuilari aurre egiteko, hala nola, Etxebizitzaren Legea modu integralean garatzea eta alokairuaren prezioari mugak ezartzeko neurriak aztertzea. Horren haritik, Josu Estarronak azaldu du “diru-laguntzak ezin direla konponbidea izan, emantzipazioaren arazoari errotik heldu behar zaiolako, horren jatorrian dauden aldagai eta elementu guztietan eraginda, adibidez, enpleguan, prekarietatean, Euskal Gazte Kontseiluak salatu duenez, gazteek gaur kobratzen dituzten soldatak bikoiztu egin beharko lituzketelako etxebizitza bat eskuratu ahal izateko. Gaur ia ezinezkoa da, gaztea izanda, etxebizitza bat erostea”.
 

EH Bilduk Urkulluren Gobernuari eta Kutxabanki egotzi die Euskaltelen espoliazioa

Zegonak Euskaltelen zuntz optikoaren sarea saldu nahi duela iragarri du, Iker Casanovak ekainean ohartarazi zuen bezala. Euskaltelen kontrola berreskuratzeko eskatu die EH Bilduk Jaurlaritzari eta Kutxabanki, haien babesik gabe ezinezkoa izango zelako enpresaren deserrotze prozesua.

| 2019-10-08 15:46:00

Tamalez, Iker Casanovak asmatu zuen. EH Bilduko legebiltzarkideak iragan ekainean ohartarazi zuen Zegona inbertsio funtsak Euskaltelen kontrola lortu eta gero hurrengo urratsa telekomunikazio enpresaren zuntz optikoaren sarea saltzea litzatekeela; alegia, haren ondare nagusia saltzea. Halaxe ohartarazi zuen Casanovak orduan, eta halaxe baieztatu da gaur, Zegonaren asmoak argitara aterata. Gaia larria izanik ere, are larriagoa da kontuan hartzen bada 2012ra arte Jaurlaritza zela zuntz optikoaren sare horren jabea eta urte hartan saldu ziola –oparitu ziola esan genezakeen– Euskalteli. Hau da, diru publikoarekin sortutako ondareak esku pribatuak aberasteko balioko du azkenean.
Hori horrela, EH Bilduk argi du Jaurlaritza –Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia sailburua, bereziki– eta Kutxabank direla Euskaltelen deserrotze prozesuaren erantzule nagusiak. Euskaltelen erabakigunea Euskal Herritik kanpo dago ekainaz geroztik, Zegonak enpresaren kontrola hartuz geroztik, hain zuzen, eta deserrotze prozesu horretan –salatu du gaur Casanovak– “Jaurlaritzaren eta Kutxabanken parte-hartzea argia izan da, batzuetan norabide oker horretan eman diren urratsak txalotu edo justifikatu dituztelako eta beste batzuetan beraiek izan direlako protagonista prozesu horretan; izan ere, Gobernuak berak saldu zituen zuntz optikoaren sarea eta Euskaltelen zeuzkan akzioak”. Beraz, Jaurlaritzak eta Kutxabankek “erantzukizun argia eta nabarmena dute, haien konplizitaterik gabe ezinezkoa izango baitzen ikusten ari garen deserrotze prozesu hau aurrera eramatea”.
Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzari zein Kutxabanki “jarrera aldatzeko eta Euskaltelen eragiteko” eskatu die, “gauzak bere onera itzul daitezen, Euskaltel kanpoko espekulatzaileen eskuetatik erreskatatu dezaten, enpresak bere jatorrizko izaera berreskuratu dezan eta berriro izan dadin euskal gizartearekin konprometituta dagoen konpainia bat”.
 

ALBISTEAK

Larria eta onartezina da EITB EAJ eta Confebasken interes partikularren zerbitzura jartzea

2020-03-31 19:15:00

Hedabide publikoek beti bermatu behar dituzten neutraltasun ideologikoa eta objektibotasuna urratzea egotzi die EH Bilduk EITBko arduradunei. EAJri ez zaio EITBren irudia kaltetzea axola, haren instrumentalizazioari etekin politikoa ateratzen badio.

Larrialdi egoera honetan Legebiltzarrak bere izaera berreskuratu behar du proposamenak bideratu eta Jaurlaritzaren gaineko kontrola bermatzeko

2020-03-27 19:19:00

EH Bilduk salatu duenez, “EAJ eta PSE demokrazia batean ezinbestekoa den kontrol parlamentarioa ekidin nahian dabiltza oposizioaren ekimen politikoa galarazteko eta Urkulluren Gobernua blindatzeko”.

EH Bilduk ohartarazi du Zaldibarren kutsatzaile arriskutsuak isurtzen ari direla uretara, urtean batez beste onartutakoa baino askoz gehiago

2020-02-26 15:07:00

Uraren Euskal Agentziak eginiko analisiek erakusten dute beruna, kadmioa eta zianuroa bezalako gai toxikoen isurketen parametroak benetan txarrak direla. “Datuak ikusita, lehentasunezkoa da Deba ibaiaren arro osoan neurriak hartzea kutsadura saihesteko”, azpimarratu du Mikel Oterok.

EAJk nahita blokeatu du euskara doan ikasteko legea eta orain propaganda eta elektoralismoari ekin dio

2020-02-12 14:00:00

“Guztiz lotsagarria da EAJ ateratzea euskara doan ikasteko eskubidearen berme gisa, 2018az geroztik EH Bilduren lege proposamena etengabe oztopatu ostean. EAJk ez ditu helburu ez euskara ez gizartea, gainetik bere interes alderdikoiak jartzen ditu beti”.