Legebiltzarra

Albisteak

Zaldibarko luiziak agerian utzi ditu, modurik gordinenean, hondakinak kudeatzeko Jaurlaritzaren ereduaren gabeziak


EH Bilduren iritziz, une honetan lehentasuna desagertutako langileak aurkitzea da. Hortik aurrera argibideak eskatuko ditu Legebiltzarrean zabortegiak amiantoa tratatzeko baimena zeukan eta, hala izatekotan, segurtasun protokoloak legeak dioen moduan errespetatu diren argitzeko.

| 2020-02-07 17:29:00

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak kezka adierazi eta elkartasun mezua helarazi die Zalbidarko istripuan desagertutako bi langileen familiei, eta azpimarratu du une honetan, beste edozeren gainetik, lehentasun nagusia eta bakarra bi langileak aurkitzea izan behar dela. Hortik aurrera, ordua izango da, bere iritziz, “zabortegian gertatu dena sakon aztertzeko, istripuak agerian utzi duelako, modurik gordinenean gainera, zer nolako gabeziak dituen hondakinak kudeatzeko Jaurlaritzaren ereduak; horri heldu behar zaio”.
Horri jarraituz, Oterok iragarri du EH Bilduk ekimena hartuko duela Legebiltzarrean, Jaurlaritzari argibideak eskatzeko. “Ingurumen Sailak hainbat kontu argitu behar ditu; ez dago guztiz argi zabortegiak baimena zeukan ala ez amiantoa biltzeko, ez eta, baimena izatekotan, segurtasun protokoloak behar bezala bete dituen ere, esaterako, bertako langileen babes neurriei dagokienez”.
Oterok adierazi duenez, “gertatu dena erabat argitzeko ekimenak abiatuko ditugu eta, hala badagokio, ardurak eskatu ere, eta, jakina, zerk huts egin duen zehaztu ostean, neurri zuzentzaileak proposatuko ditugu”.