AKTUALITATEA


| 2020-07-31 16:51:00

Duela egun batzuk Jaurlaritzak defizit muga %3,5era igotzea eskatu bazuen ere, ez da hori Urkulluk Pedro Sanchez presidente espainolarekin adostu duen igoera, %2,6koa baizik, Nafarroako baino hiru hamarren altuagoa bakarrik. EH Bilduren iritziz, bistakoa da Urkulluk adostutakoa oso urrun dagoela bere gobernuak berak planteatutako portzentajetik eta ez dela nahikoa izango pandemiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiari emandako astindua konpentsatzeko.

Koronabirusak eragindako beherakada ekonomikoaren ostean defizit muga %2,6ra igota Jaurlaritzak eskuratuko dituen baliabide ekonomikoak ez dira berez nahiko izango diru-sarrerak orekatzeko eta argi dago zein izango den ondorioa: murrizketa gehiago. Egoerak diru-sarrerei buruzko eztabaida integrala eskatzen du. Lehenik eta behin, zerga politika berri bat, baliabideen nahikotasuna bermatzeko eta, hala, murrizketen arriskua desaktibatzeko; gero, zorpetze politika eta Europako funtsen erabilera adostea, bai eta AHT bezalako azpiegitura handien luzapen bat ere.

EH Bilduren ustez, defizit mugaren negoziazioak ezin hobeto islatu du Estatu espainolarekiko menpekotasun harremana, aldebikotasun faltsua, eta agerian utzi du berriz ere herri honek menpekotasunetik burujabetzara salto egin beharra duela. Ezinbestekoa da alternatiba politikoa eraikitzea norabide horretan, herri honek gaitasuna eta heldutasuna duelako defizit mugarena bezalako erabakiak baimena inori eskatu gabe hartzeko, bere baldintza eta baliabide ekonomikoen arabera. Hori hala egiten ez dugun bitartean, ezinezkoa izango da herritarren beharrei ahalik eta erantzunik onena ematea, horren gainetik Madrilek inposatutako mugak egongo direlako.