AKTUALITATEA


| 2019-11-13 09:39:00

Pedro Sanchez buru duen Gobernuak saltoki handiak irekitzea edota handitzea eragozten duen euskal legea Auzitegi Konstituzionalera eramatearekin mehatxatu du Jaurlaritza, Estatuko Administrazioaren eskumenak urratzen dituelakoan. Mehatxu horren berri eman eta salaketa publikoa egin du gaur Iker Casanovak, “erabaki horrekin PSOEren Gobernua demokraziaren eta autogobernuaren kontra kokatzen baita”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenaren arabera, mehatxu horren ondorioz, Madril eta Lakuako gobernuek osatutako Aldebiko Batzordea irailean bildu zen eta, publiko egin gabe, aipatutako legearekin Madrilek dituen desadostasunak konpontzeko negoziazioak irekitzea erabaki zuen, Jaurlaritzak atzo EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuenez. Horren haritik, Casanovak Jaurlaritzaren isiltasuna eta oskurantismoa kritikatu ditu, bai eta “euskal gizarteari informazio hori ezkutatzea” egotzi ere. “Orain arte ez dugu ezer jakin horretaz, informazio hori ukatu zaigu. Beste batzuetan hain garrantzitsuak ez diren kontuak publikoki salatzen ditu Jaurlaritzak, baina kasu honetan ez du hitzik esan. Aldebiko Batzordearen ebazpena Aldizkari Ofizialean argitaratu du, hori baino ez”. Ebazpen horren arabera, PSOEren Gobernuak legearen sei artikuluren kontra jo du, “eta legeak guztira zortzi artikulu besterik ez dituela kontuan hartuta, bistakoa da erasoaren tamaina eta merkataritza txikiaren babesean izan dezakeen eragin zeharo kaltegarria”, ohartarazi du Casanovak.
Madrilek ezbaian jarri duen legea, Establezimendu Komertzial Handien Lurralde Antolamenduari buruzkoa, iragan ekainean onartu zuen Legebiltzarrak aho batez, PSEren botoak barne; beraz, “borondate demokratiko argi hori errespetatzeko” eskatu dio EH Bilduko legebiltzarkideak Gobernu espainolari. Halaber, Jaurlaritzari galdegin dio “baliabide guztiak erabil ditzala gure erabakia eta gure demokrazia defendatzeko eta Legebiltzar honen gaitasun legegilea babesteko”.
Casanovak azpimarratu duenez, ekainean onarturiko legea aurrerapauso garrantzitsua izan zen saltoki handi gehiago irekitzearen arriskua neutralizatzeko eta, hala, merkataritza txikia babesteko, baina orain, PSOEren mehatxua gauzatuz gero, babes hori ezerezean gera liteke. “Horrek agerian uzten du berriro gure autogobernua eta gure eskubideak blindatzeko marko baten beharra daukagula, estatus berri bat behar dugula Estatuarekiko harremana berdintasunean oinarritzeko”. Izan ere, “duela gutxi gure ikasleentzako bekak murriztu zituzten Madrilen eta orain merkataritza txikia babesteko neurriak hartzen ere ez digute utzi nahi. Herri honek bere burua Madrilen baimena eskatu gabe gobernatzeko gaitasuna eta eskubidea du eta gaur salatzen ari garena bezalako erasoek oso argi uzten digute tresna guztiak eskuratu behar ditugula euskal herritarrek arlo guztietan dituzten premiak behar bezala asetzeko”.