AKTUALITATEA


| 2019-11-20 16:35:00

EH Bilduren iritziz, larria da LAB sindikatuak gaur bertan salatu duen iruzur kasua, Gasteizko Santiago Ospitaleko sukalde zerbitzuan ustez egon diren irregulartasunek 200.000 euro galtzea edo desbideratzea ekarri dutelako, antza, 2016az geroztik. Hori dela eta, LABek salaketa aurkeztu du jada EAEko Fiskaltza Nagusian.
Ezbaian dagoena diru publikoaren kudeaketa den heinean, EH Bilduk argi du Osasun Saila eta Osakidetza azalpenak ematera derrigortuta daudela eta, beraz, Nekane Murga sailburuaren eta Juan Diego Osakidetzako zuzendariaren agerraldiak eskatuko ditu Legebiltzarrean, LABek salatutako kasuaren inguruko xehetasunak eman ditzaten, “azalpen horien arabera erabaki ahal izateko bestelako neurriak, ardurak garbitzea barne, eskatu behar ditugun ala ez”, Rebeka Uberak zehaztu duenez. Haren esanetan, “diru publikoaren erabileran zorrotzak izan behar dugu eta Santiago Ospitaleko sukalde zerbitzuan ustez gertatu dena onartezina da”.