AKTUALITATEA


| 2020-06-09 12:29:00

EH Bilduren irudiko, Jaurlaritzak Aitor Elorza jeltzalearen Montai Taldeko enpresei esleitutako kontratuek egiaztatzen dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan EAJren karneta edukitzeak Administrazioaren ateak ireki eta abantaila ematen duela kontratu publikoak eskuratzeko orduan. Josu Estarrona legebiltzarkidearen esanetan, “faborezko tratu horrek aniztasunaren eta aukera berdintasunaren printzipioak, kontratazio publikoetan funtsezkoak eta bermatu beharrekoak direnak, urratzen ditu. Herri duin batean ezin da pentsatu normala dela, eta are gutxiago onargarria dela, gobernuan dagoen alderdikoa izateagatik erraztasunak izatea Administrazioarekin kontratatzeko”.

Hala ere, Jaurlaritzak Montai Taldeari esleitutako kontratuei buruz argitara ateratzen ari diren informazioek erakusten dute Urkullu Lehendakaritzara iritsi zenetik Elorza bere alderdikidearen enpresak ohiko kontratista bilakatu direla Lakuako Gobernuarentzat, eta kasu batzuetan nabaria da horiek kontratatzea aldez aurretik hartutako erabaki baten ondorio zuzena izan dela. “Behin baino gehiagotan kontratuaren objektua zatitu egin dute aurrekontuek muga legalak gaindi ez ditzaten, edo Montai Taldeko enpresa ezberdinak, jabe bera (Aitor Elorza) dutenak, beraz, gonbidatu dituzte lehiaketetara aniztasunaren eta aukera berdintasunaren itxura emateko; modus operandi horri legezkotasun itxura ematen saiatzen dira horrela, baina horrek ez du zerikusirik ez gardentasunarekin, ez kontratazio publiko guztietan exijitu behar diren jardunbide egokiekin”.

Hori dela eta, Estarronak azalpenak eskatu dizkio jada Jaurlaritzari, Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorraren bitartez, Montai Taldeari esleitutako kontratuei buruz. Haietako batzuk Gazteria Zuzendaritzak tramitatu ditu, ‘De Miguel auzian’ ere inplikaturik egon zenak, alegia.