AKTUALITATEA


| 2019-06-21 17:00:00

Iker Casanovak positibotzat jo du Merkataritza Jardueraren Legea aldatzeko Legebiltzarrean lortutako aho bateko akordioa, saltoki handiak ezartzeari eta handitzeari dagokienean, praktikan ezinezko egingo duelako gaur egun Araban (Gorbeia), Bizkaian (Max Center eta Megapark) eta Gipuzkoan (Garbera) existitzen direnak bezalako saltoki handiak irekitzea. Hortaz, EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, “gaurkoa aurrerapausoa izan da, neutralizatu egin dugulako saltoki handi gehiago ezartzeko arriskua, merkataritza txikiarentzat hain kaltegarria litzatekeena”. Oposizioko taldeek bultzatu dute lege aldaketa hau, azkenean EAJ eta PSErekin ere hitzartuta, eta behin gaurko tramitea pasata, aurreikusita dago datorren osteguneko osoko bilkuran behin betiko onartzea. Hala, legea uztailean sartuko da indarrean eta 2015ean Lurralde Plan Sektoriala bertan behera geratu izanak utzitako hutsune legala beteko du.
Casanovak azaldu duenez, gaurko akordioarekin zorrotz mugatzen da saltoki handiak ezartzeko eta handitzeko aukera. Zehazki, legeak hiru kategoria ezarriko ditu hiri/herrien tamainaren arabera: A kategoria, 30.000 biztanle baino gehiagoko hiriak; B kategoria, 10.000-30.000 biztanle artekoak, eta C kategoria, 10.000 biztanle baino guxiagokoak. Sailkapen horri jarraituz, lege berriaren arabera, hirien kanpoaldean debekaturik egongo da 2.500 metro karratu baino gehiagoko saltokiak irekitzea A kategoriari dagokionez, B kategorian muga 1.800 metro karratukoa izango da eta C kategorian, 700 metrokoa. Salbuespen gisa, baimena emango da saltoki handiagoak irekitzeko, baldin eta merkataritza singularra edo bolumen handikoak badira bakarrik, hala nola, altzariak, autoak edo gasolindegiak. Casanovaren hitzetan, “lege berriak argi utziko du saltoki handi horiek ezinezkoak izango direla janaria eta arropa bezalako eguneroko produktuak saltzeko”.
Hori kanpoaldeari dagokionez; eta saltoki handiak hiriguneetan ezartzeari dagokionez, legeak onartuko duen gehienezko azalera 30.000 metro karratukoa izango da A kategorian, 15.000 B kategorian eta 2.000 C kategorian. Azkenik, gaur egun jada existitzen diren saltokiak handitzeari buruz ere legeak mugak ipiniko ditu: irizpide orokor gisa, handitzea %10ekoa izango da gehien jota, gaur okupatzen duten espazioarekin alderatuta.
Casanovaren iritziz, adostutakoa posible zen legerik onena da, Europar Batasuneko araudia kontuan hartuta merkataritza jarduerari egin dakizkiokeen murrizketa bakarrek interes orokorrari erantzun behar diotelako derrigorrez. Hori dela eta, irizpide horri heldu diogu segurtasun juridiko handia duen lege bat onartzeko, eta akordioa aho batekoa izateak egonkortasuna ere emango dio. Egun garrantzitsua da euskal merkataritzarentzat”.