AKTUALITATEA


| 2019-07-02 15:17:00

Europako hainbat parlamentuk eta gobernuk jada egin duten bezala, Gasteizko Legebiltzarrak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Larrialdi Klimatiko egoera deklaratzea proposatu du gaur EH Bilduk mozio baten bitartez, bai eta adierazpen horretatik eratorri beharko liratekeen politika publikoak zehazten hastea ere, “larrialdi klimatikoa datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatzera etorri delako eta gure ongizatearentzako mehatxu nagusienetarikoa bilakatu delako, benetako zibilizazio erronka bat”, Mikel Oterok ohartarazi duenez. Hori horrela, erantsi du, “Jaurlaritzak Larrialdi Klimatiko egoera abiapuntu gisa hartu behar du politika publiko guztietan eta bere aurrekontuetan ere halaxe islatu behar du”. Horren haritik, mozioarekin batera, EH Bilduk azterketa-batzorde berezia sortzea proposatu du Legebiltzarrean, “Larrialdi Klimatiko egoerari aurre egiteko beharrezkoak diren politika publikoak zehaztu eta bideratzeko”.
Oterok komunitate zientifikoak azken urteotan eginiko ohartarazpenak gogorarazi ditu: “Aldaketa klimatikoa Berotegi Efektuzko Gasen isuri masibo baten ondorio da eta isuri horien arrazoi nagusia, bakarra ez bada ere, gure metabolismo sozioekonomikoa mantentzeko erretzen ditugun baliabide fosilen erabilpenean datza. Aldaketa klimatikoa, beraz, guk eragiten dugu nagusiki eta, txosten guztien arabera, gero eta argiago dago klima eta energia politiketan eta, ondorioz, gure egunerokotasunean eraldaketa sakona bat, iraultza bat, eman behar dela, baldin eta egoerari aurre egin nahi badiogu eta aldaketa klimatikoaren efektu bortitzenak pairatu nahi ez baditugu”.
Hala ere, orain arte emandako pausoak ez dira nahikoa izan, EAEn ere ez, Berotegi Efektuzko Gasen isurketak ez duelako beherantz egin, gorantz baizik, 20 milioi tonako langa gainditzeraino, 2012az geroztik gertatzen ez zena. Oteroren irudiko, “datu hauek oso kezkagarriak dira, helburua 2050. urterako karbono neutraltasuna lortzea delako eta eszenatoki horretara hurbildu beharrean, urruntzen ari garelako”. Are gehiago, EH Bilduko legebiltzarkideak beharrezkotzat jo du –hala proposatu du bere mozioan– karbonogabetze prozesua 2040era aurreratzea eta horretarako plangintza eta politika publikoak abiatzea dagoeneko. “Ahalik eta azkarren karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri baterantz begira jarri beharrean gaude, eta horretarako ezinbestekoa da eraldaketa azkar eta eraginkorrak egitea, jakinda prozesu horrek gure jendartean inplikazio anitz eta sakonak ekarriko dituela, bai ehun produktiboan, bai mugikortasunean, bai lurralde antolamenduan; horregatik deritzogu pausu azkar eta eraginkorrak ematea ezinbestekoa dela”.