AKTUALITATEA


| 2019-10-10 14:56:00

EH Bilduk aintzat hartu du Jaurlaritzaren zuzeneko kudeaketako eskola jantokien zerbitzua esleitzeko prozesua ikertu duen batzorde parlamentarioaren ebazpena, gaur goizean Legebiltzarrak onartu duena EAJ eta PSEren oposizioarekin. Eva Lopez de Arroyabek ebazpenak jasotzen dituen ondorioak azpimarratu ditu, “zehatzak eta oso argiak” direlakoan. Lehenik eta behin, azaldu du, “enpresen praktika kolusorioa egiaztaturik geratu da, EAEko Auzitegi Nagusiak eta Gorenak ere ebatzi duten moduan”. Halaber, zerbitzuaren gainkostua egon dela ere argi geratu da, eta horrek familien poltsikoei eragin diela. Eta larriena, egiaztatu da Jaurlaritzaren aldetik inakzioa eta kontrol falta egon zela salaketak jaso zituenean.
EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, gaur onartutako ebazpena “erregenerazio demokratikorako aukera” bat da eta Lakuak Legebiltzarraren gomendioak aintzat hartu eta egikaritu beharko lituzke. Horren haritik, Lopez de Arroyabek nabarmendu du ikerketa batzordean agerian geratu dela jantokien kudeaketa eredua aldatzeko beharra. “Eredua 2003az geroztik aplikatzen ari da eta agorturik dago; aldaketa posible ez ezik, beharrezkoa ere bada; zerbitzu horrekin harremana duten pertsona guztiak horixe eskatzen ari dira”.
Legebiltzarkideak ituna eskaini du norabide horretan lan egiteko, eta azaldu du EH Bilduren iritziz kudeaketa eredu deszentralizatu batera jo behar dela, zerbitzuaren erabiltzaileek erabakitzeko eskubidea emango diona eta eskola komunitateen autonomia aitortuko duena.