AKTUALITATEA


| 2019-04-10 11:17:00

Zegonak ez zukeen Euskaltelen kontrola eskuratuko eta enpresaren erabakiguneak ez leudeke arriskuan, Lakua eta Kutxabank desinbertsio prozesu batean sartu ezean. EH Bilduk ekimen sorta iragarri du Lakuak esku hartzeko. “Gobernu serioek enpresa estrategikoak babesten dituzte”.

Zegona inbertsio funts britainiarrak Euskaltelen kontrola eskuratu izana hain da larria eta arriskutsua euskal ekonomiarentzat, ezen EH Bilduk Legebiltzarrak Jaurlaritzaren jokaera gaitzestea proposatu baitu, “Urkullu buru duen Gobernuaren utzikeriak, arduragabekeriak eta inakzioak ahalbidetu dutelako Zegonaren operazioa”, Iker Casanovak salatu duenez. “EH Bilduk zortzi aldiz ekarri du gaia Parlamentura eta lehen momentutik ohartarazi zuen gerora errealitate bilakatu den arriskuaz, eta Jaurlaritzak bere lana arduraz egin balu, gaur Zegonak ez luke Euskaltelen kontrola izango eta inork ez luke hitz egingo enpresaren egoitza eta erabakiguneak Euskal Herritik kanpora eramateko arriskuaz. Patronalak berak ohartarazi du euskal ekonomiari sekulako kaltea egingo liokeen arrisku horretaz eta, are gehiago, berretsi du EH Bilduk behin eta berriz egin duen salaketa, alegia, Jaurlaritzak eta Kutxabankek Euskaltelen burutu duten desinbertsio prozesua dagoela afera honen jatorrian”.

Horri jarraituz, Casanovak gogor kritikatu du Euskaltel auzian Lakuako eledun Josu Erkorekak emandako erantzuna. “Benetan larria eta penagarria da, eta euskal herritar guztiak kezkatu beharko lituzke, Urkulluren Gobernuak eskaintzen duen konponbide bakarra izatea adi egotea eta begira jarraitzea, inolako neurririk proposatzeko kapaza izan gabe, eta hori Jaurlaritza bera denean hein handi batean Zegonaren operazioaren errudun nagusietariko bat, bere garaian Euskaltelen zituen akzioak saldu zituelako eta gero, konpainiaren kontrola Euskal Herrian mantentze aldera, akzioak berriz erosteari uko egin diolako EH Bilduk hala proposatu duenean. Gobernu serio batek bere herriko enpresa estrategikoak defendatzen ditu eta, Jaurlaritzak hala egiten ez badu, ondorioztatu behar dugu ez gaudela gobernu serio baten aurrean”.

Hori dela eta, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztuko du Legebiltzarrak EAJ-PSE Gobernuaren kudeaketa arduragabea gaitzetsi dezan eta Lakuari neurri zehatzak hartzeko –Euskaltelen akzioak erosteko– eska diezaion, Zegonaren operazioaren ondorio kaltegarriak ezerezean uzteko. Zehazki, Casanovak azken urteotako desinbertsio prozesua irauli beharra aldarrikatu du. “Jaurlaritzak, Kutxanbankek zein azken honen jabe diren hiru Banku Fundazioek estrategikoak diren enpresetan inbertsio politika esanguratsu eta iraunkorra garatu behar dute enpresa horien lurraldearekiko atxikimendua eta erabakimena bertan dagoela ziurtatzeko eta eredu produktibo propio sendo, osasuntsu eta jasangarria garatzeko”.

Halaber, legez besteko proposamenetik harago, EH Bilduk kontuak eskatuko dizkie Legebiltzarrean Urkullu lehendakariari eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuari, eta Euskaltel, Kutxabank eta Kutxa, Vital zein BBKren fundazioetako presidenteen agerraldiak ere galdegingo ditu.