AKTUALITATEA


| 2019-10-30 17:27:00

EH Bilduk 2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Plana hobetzeko 41 Ebazpen Proposamen aurkeztu ditu gaur. Ander Rodriguez legebiltzarkideak “anbizio falta” egotzi dio Jaurlaritzari, eta salatu du “Gobernua diru-sarrera zifra errekorrak jasotzen ari den bitartean, euskal unibertsitate publikoaren aurrekontua krisi garaikoa dela”.

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak hainbat Ebazpen Proposamen onartu ditu euskal unibertsitate sistemak jasotzen duen finantziazioa igotzeko. Legebiltzarrak eskatu du Hezkuntza sailak “gehitu ditzala ekarpen arruntaren inbertsioei dagozkien zuzkidurak”, oro har, “azpiegituren mantenua hobetzeko helburuz”, eta “finantzaketa egoki batez horni ditzala EHUren azpiegitura zientifiko eta teknologikoak”. Era berean, ikerlarien aldeko neurriak onartu dira, hain zuzen ere, “nazioarteko doktorego tesiak eta tutorekidetza bidezkoak egiteko finantziazioa” bermatzeko.

Horrez gain, onartu da EH Bilduk bultzatutako beste erdibideko bat: “Legebiltzarrak asmo birzentralizatzaileekin Espainiar Estatutik gure erakunde eta legeen kontra datozen esku-hartzeak deitoratzea, hala nola, EAEko unibertsitate sistemari dagozkienak”. Izan ere, Ander Rodriguezek gogoratu duenez, “joan den ekainaren 28an Espainiako Estatuak, Auzitegi Gorenaren bitartez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza ez unibertsitarioko beken sistema baliogabetu zuen. Honek agerian uzten duena da Espainiako Estatuak nahi duenean, nahi duen bezala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza interbenitu egin dezakeela. Eta Estatuak interbenitzen ez duenean, Jaurlaritzak bere buruari inposatzen dizkio mugak. Adibidez, 2019-2020 ikasturtean unibertsitate eta goi mailako ikasketak egiteko diru-laguntzen deialdian aldaketak egin zituen ‘helegiteak saihesteko”.

Era berean, EH Bilduk lortu du aurrera ateratzea unibertsitatea euskalduntzeko, aldaketa klimatikoaren ondorioak arintzeko eta genero indarkeriaren kontrako neurriak.