AKTUALITATEA


| 2019-11-11 12:37:00

EH Bilduren iritziz, Jaurlaritzak Legebiltzarrari igorri dion 2020ko aurrekontuen proiektuak “aurreko aurrekontuen bide berberari jarraitzen dio eta oinarri bera du”, baina oraingoan “Lakua aurrekontuak beste modu batez janzten saiatu da, benetan direna baino gehiago direla, erakargarriagoak, irudikatu nahian”.
Leire Pinedok hala esan dio gaur goizean Ogasun sailburuari Legebiltzarrean, aurrekontuen aurkezpenean. EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, “Gobernua alferrik saiatu da saltzen aurrekontu hauek arlo batzuetan berritzaileak direla eta aurten apustu sendoa egin dutela genero berdintasunaren alde eta larrialdi klimatikoaren kontra, baina errealitatea oso ezberdina da”. Izan ere, “aurrekontu hauek ez dira iazkoak baino berdeagoak, ez eta feministagoak ere. Pakete bertsua da, bilgarri eta diskurtso politago batean, baina EH Bilduk ez dio begiratuko ez bilgarriari, ez diskurtsoari, benetako edukiari baizik. Kosmetikatik harago joan nahi dugu”.
Hori horrela, Pinedok iragarri du “EH Bilduk proposamen eta neurri paliatiboak jarriko dituela mahai gainean, aurrekontu proiektuak dituen gabezia eta akats estrategikoak eta oinarrizkoak zuzendu eta konpontzeko, bai eta ekonomia, erronka ekologiko, industrial eta soziolaborala hauspotzeko ere”. Azaldu duenez, “Jaurlaritzaren esku egongo da gabezia estrategiko horiek zuzentzeko borondatea izatea eta, hala bada, EH Bildu prest egongo da aurrekontuen onartzea ahalbidetzeko”.
EAJ-PSEren proiektuaren edukiari dagokionez, legebiltzarkideak ohartarazi du “zorpetzea ez dela erabiltzen jarduera ekonomikoa eta enplegua suspertzeko, ez eta aldaketa klimatikoaren kontrako politikak sustatzeko ere, zor berria –880 milioi euro baino gehiago– zor zaharra amortizatzeko erabiltzen baita”.
Halaber, Pinedok aurrekontu-egonkortasun markoa bere horretan eta hitzik esan gabe onartzearen ondorioak ekarri ditu gogora. “Europan marko hori ezbaian dago ekonomia suspertzeko politikak egiteko aukera mugatzen duelako, nahiz eta, euskal kasuan bezala, politika horiek ikuspegi fiskal eta finantzario batetik egingarriak izango liratekeen”. Horren haritik, EH Bilduko ordezkariak berretsi du “gastu araua euskal ekonomiaren garapena itotzen ari dela, eta Lakuak berdin jarraituz gero, Madrilek inposatutako arauak hitzik esan gabe betetzen, egoera honek luze joko du”. Alternatibak egon badaude, azpimarratu du: “Finantzen eta aurrekontuen kudeaketan zorrotzak izan gaitezke eta aldi berean ekonomiaren garapena bultzatu eta beharrizan sozialei erantzun, baina horretarako funtsezkoa da tresna guztiak gure esku edukitzea”. Sailburuari esan dionez, “hori bateragarria eta egingarria da, eta, Lakuan nahi izanez gero, bide hori elkarrekin egin dezakegu”,