AKTUALITATEA


| 2019-10-30 15:51:00

EH Bilduk mozioa aurkeztu du Legebiltzarrean Jaurlaritzari eskatzeko Euskaltelen akzioak erosteko, euskal gizartearentzat enpresa estrategikoa izanik, funtsezkoa delako haren gaineko kontrola Euskal Herrian mantentzea eta haren etorkizunari buruzko erabakiak hemen eta hemengo interesen arabera hartzea, eta ez Zegonak Londresen dituen bulegoetan. Zehazki, Iker Casanovak Lakuak sortutako Finkatuz funts publikoa erabiltzea proposatu du Euskaltelen akzioak –kopuru nahikoa eta esanguratsua– erosteko, horrek ahalbidetuko lukeelako, besteak beste, haren komunikazio sarea eta, orokorrean, balio erantsi teknologiko guztiak enpresan bertan geratzea eta lurraldearekiko duen errotzea indartzea eta bermatzea.
Casanovak azaldu duenez, Xabier Iturbe Euskalteleko presidente izendatzeak “ez du berez enpresak hartu duen norabidea aldatuko”. Bere iritziz, izendapen hori “operazio kosmetikoa baino ez da, enpresak iritzi publikoaren aurrean galdu duen irudia konpentsatzeko”. “Benetako norabide aldaketa egon dadin –erantsi du– Jaurlaritzak, Kutxabank eta horren partaide diren hiru banku fundazioekin batera, inbertsio esanguratsua egin behar du enpresan, barne orekak aldatzeko eta, hala, enpresa bera jatorrian zeukan norabidean jartzeko berriro, Euskal Herrian erroturik”.
Tapiaren diskurtso aldaketa, EH Bilduk behartuta
Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak esan du Lakua Euskalteli buruzko diskurtsoa aldatzen hasi dela, gaur bertan Arantxa Tapia sailburuak atea ireki baitio enpresaren akzioak erosteari. “Aukera hori urtebetez ukatu ondoren, badirudi orain atetxo bat irekitzen dela bertan inbertitzeko”. Casanovaren iritziz, Euskalteleko langileen eta EH Bilduren presio etengabea EAJ-PSE gobernua mugiarazten ari da eta orain akzioak erosteko prest agertzen da. Edonola ere, berretsi du legebiltzarkideak, “inbertsioak handia eta esanguratsua izan behar du, barne orekak aldatzeko”.