AKTUALITATEA


| 2019-07-18 12:38:00

EH Bilduk legealdi honetan onartutako lege kopuruaren inguruko balantzea egin du gaur, eta ondorio argi batera heldu da: “Legealdiak ezaugarri bat baldin badu, Jaurlaritzaren paralisia da, eta ez bakarrik EAJ eta PSE ez direlako euren programa legegilea betetzeko gai, baizik eta oposizioko taldeon lege ekimenak blokeatu eta geldiarazten ari direlako etengabe. Beraiek ez dute egiten, eta egin nahi dugunoi ez digute egiten uzten. Jaurlaritzaren paralisia eta Urkulluren bultzada politiko falta agerian uzten duen ekimen oro atzera botatzen dute sistematikoki”.
Unai Urruzunok haien lege egutegia ez betetzea leporatu die EAJ eta PSEri, legealdiaren hasieran iragarri zituzten 28 legeetatik zazpi baino ez dituztelako onartu. “Are okerrago, beraiek dira Gobernuaren hiru lege-proiekturen tramitazioa blokeaturik dutenak: Gardentasunari, Enplegu Publikoari eta Sektore Publikoari buruzkoak, hain zuzen”. Gainera, erantsi du, EAJ eta PSE tematuta daude oposizioaren lege ekimenak blokeatzearekin: “Oposizioko taldeok 27 lege proposatu ditugu eta hiru bakarrik iritsi dira lege izatera: bata, saltoki handiei buruz; beste bat, Eskola Kontseiluei buruz eta, hirugarrena, Industriaren Sustapenerako Baltzuari buruz. Beste guztiak, edo ez zituzten tramitera onartu edo blokeatzen ari dira tramitazioan”.
EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, oposizioaren ekimen politikoa eragozteaz gain, gizartearen beraren proposamenak ere atzera bota dituzte gobernukideek. “Legealdian zehar hiru Herri Ekimen Legegile iritsi dira Legebiltzarrera. Pobreziaren eta eskola segregazioaren aurkakoak zuzenean baztertu zituzten, eztabaidatu gabe, eta hirugarrena, memoria historikoari buruzkoa, berdin amaituko da, zantzu guztien arabera, nahiz eta Parlamentuko zerbitzu juridikoen txostena oso argia den: ez dago inolako oztopo legalik memoria historikoari buruzko Herri Ekimen Legegilea tramitatzeko. Borondate politiko baino ez da behar”.