EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu dio erretiratu dezala Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza-zentroei buruzko 126/2019 Dekretua, murrizketak ekarriko dituelako mendekotasuna duten pertsonen arretan. Ander Rodríguez legebiltzarkideak Artolazabal sailburuari egindako interpelazioan adierazi duenez, “saldu nahi izan digute Dekretu berriak hobetu egingo duela egoitzetan ematen den arreta. Baina gezurra da. Adinekoei ematen zaien arreta zuzena 1998ko Dekretuak arautzen zuena baino txikiagoa izango da. Izan ere, Dekretu berriak aurreikusten du langile bakoitzak urtero, 200 ordu gutxiago izango dituela egoiliarrak artatzeko”.
Horregatik, Rordríguezek Artolazabal sailburuari azalpenak eskatu dizkio gaur Legebiltzarrean izan den Kontroleko Osoko Bilkuran, eta sektorearen garrantzia gogoratu dio: “Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 18.000 pertsona bizi dira adinekoentzako zentroetan. Erabiltzaile guzti horien eguneroko bizitza eta zaintza arautzen ari da Jaurlaritza bere Dekretu berrian; eta ez hori bakarrik, 13.000 zaintzaileen lan-baldintzak ere”.
Pertsonen zaintza erdigunean jarri eta zerbitzu publikoak hobetu beharrean, Gobernuak onartutako Dekretuak murriztu egingo du egoiliarrei ematen zaien arreta zuzena. Bataz beste, langileek bost minutu (4,98 minutu) gutxiago izango dute egunero egoiliarrak zaintzeko. Mendekotasun moderatua duten pertsonen kasuan, ordu erdi baino gehiago murriztuko zaie arreta zuzena (32,38 minutu). Horren arrazoia da Dekretu berriak ez dietuela kontutan izan azken 20 urteetan arloko Hitzarmen Kolektiboak izandako aldaketak. 1998ko Hitzarmenak ezartzen zuen zaintzaileen urteko lanaldia 1.800 ordukoa zela. Gaur egun, aldiz, 200 ordu gutxiagokoa da Bizkaian (1.598 ordu) eta Gipuzkoan (1.592 ordu). Arabako egoera zeharo desberdina da, baina hala ere gutxitu da (1.792 ordu).
Zoritxarrez, Artolazabal sailburuaren azalpenak “etsigarriak” izan direla adierazi du EH Bilduko legebiltzarkideak: “Ez dugu ikusi ez ardurarik, ez atzera egiteko borondaterik. Gobernuaren jarrera, beraz, onartezina iruditzen zaigu”. Horregatik, iragarri du mozio bat aurkeztuko duela Legebiltzarrak Gobernuari eskatu diezaion Dekretua erretiratzea.