AKTUALITATEA


| 2019-06-26 13:53:00

Nerea Kortajarena legebiltzarkideak gogoratu duenez, duela urtebete  EAJ-PSEk Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformarako aurkeztutako Lege Proposamena erretiratu behar izan zuen bertan behera gera ez zedin, jakin bazekielako oposizioko taldeek atzera bota behar zutela. EH Bilduk eskua luzatu zion Gobernuari babes sistema hobetzeko, eta hainbat bilera izan ditu Gizarte Politikako Departamentuko ordezkariekin. Zoritxarrez, bilera horietan argi geratu da Jaurlaritzak ez duela inolako borondaterik jatorrizko Lege Proposamenaren elementu nagusiak zuzentzeko, batez ere, kaltegarrienak eta atzerakoienak direnak. “Gure proposamen bat bera ere ez du ontzat hartu Gobernuak”, azpimarratu du Kortajarenak.

Orain, ustekabean, EAJ-PSEk iazko Lege Proposamen berbera ekarriko dute bihar Osoko Bilkurara, eta tramitea aurrera aterako dute PPren babesarekin. “Baldintza honetan, EAJ eta PSEk aurkeztutako lege proposamenaren tramitea onestearen kontra egingo dugu. Oso arriskutsua da irekitzen den bidea. Oso arriskutsua da eskuin xenofoboari, kalkulu elektoralekin gaiaren erabilpen ankerra egin duenarekin bidea egitea”, ohartarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak.

Kortajarenak azpimarratu duenez, Hirugarren Sektoreko adituek eta eragile sozial guztiek gaiaren inguruko kontsentsu handia lortu dute, eta DSBEren erreformaren norabidea adierazi dute. Orain, PP aliatu hartuz, “Gobernuak kontsentsu guztiak arrisku bizian jartzen ditu. Ez dago zalantzarik: murrizketak, baldintza gogortzea, kontrola…, hori da PPk eskatzen duena. PPrekin adostuz gero, erreforma atzerakoia izango da”.

Horregatik, Gobernuari eskatu dio “erreforma hau PPrekin adosteko hipotesia guztiz bazter dezala eta serio hel diezaiola eskubide sozialetan, babesean eta gizarte kohesioan sakonduko duen negoziazioari”.