AKTUALITATEA


| 2019-11-06 14:47:00

EH Bilduk irmo salatu du EAEko Administrazio Publikoan behin-behinekotasuna murrizteko eta enplegua egonkortzeko urrian aurkeztu zuen lege proposamenari Jaurlaritzak eman dion erantzuna, Legebiltzarrean tramitatzearen aurkakoa. Rebeka Uberak azaldu du koalizioaren proposamenak helburu duela “egun Administrazioan behin-behinean beteta dauden egiturazko lanpostuak, bai eta bete gabe daudenak ere, finkatzea, enplegu hori egonkortzea, eta horretarako behar diren Lan Eskaintza Publikoak deitzea”. Izan ere, EAEko sistema publikoan behin-behinekotasun tasa ikaragarria da, %35ekoa, batez beste, eta azken urteotan portzentajea igo da gainera, prekarietatea are gehiago areagotuz. “Joera hori zuzendu beharrean, Jaurlaritza kontrakoa egiten ari da gure lege proposamena tramitatzearen aurka agertzean, dena dagoen bezala uzteak behin-behinekotasuna betikotzea eta prekarietatea are gehiago zabaltzea ekarriko duelako praktikan”.
Uberaren iritziz, “zinismo hutsa da, gainera, argudiatzea, Lakuak egin duen moduan, EH Bilduren proposamena soberan dagoela Enplegu Publikoaren Lege Proiektua martxan dagoelako Legebiltzarrean; EAJk berak, Parlamentuko Erregelamenduak dioenari muzin eginez, proiektu horren tramitazioa paralizaturik dauka iragan otsailaz geroztik, Gobernuko alderdiak akordio batera iristeko gai ez direlako, ez sindikatuekin, ez oposizioko talde parlamentarioekin".