AKTUALITATEA


| 2019-10-09 17:00:00

EH Bilduren proposamen bat aintzat hartuta, Legebiltzarrak “ez-nahikotzat jo ditu Jaurlaritzak gazteen emantzipaziorako diseinatutako politikak eta, bereziki, porrot egin duen Gaztelagun programa, etxebizitzaren alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntzak arautzen dituena”. Hori dela eta, Parlamentuak programa hori aldatzeko galdegin dio Gobernuari, “haren irismena areagotzeko eta ahal beste gazterengana heltzeko”.
EH Bilduren iritziz, Lakuak ondorengo neurriak txertatu beharko lituzke, besteak beste, Gaztelagun programan:
• Laguntza eskatzeko gutxieneko adina 23tik 18 urtera jaistea.
• Muga ekonomiko berriak ezartzea, gehienezkoak zein gutxienekoak, programaren hartzaile diren gazteek pairatzen duten diru-sarreren aldakortasunera egokituz.
• Laguntzaren zenbatekoa hileko diru-sarreren eta alokairu-errentaren arabera kalkulatzea, gazteek etxebizitza alokairua ordaintzeko bideratutako zenbatekoa diru-sarreren %30 baino gehiago inolaz ere ez izateko.
• Berariazko neurriak eskaintzea gazteei, bizi diren udalerrietan etxebizitza libreko bataz besteko hileko alokairu errentak Gaztelagun programan ezarritako mugak gainditzen dituenean.
Halaber, koalizioak beharrezkotzat jo du, programa horretatik harago, bestelako neurri eraginkorrak hartzea alokairuaren burbuilari aurre egiteko, hala nola, Etxebizitzaren Legea modu integralean garatzea eta alokairuaren prezioari mugak ezartzeko neurriak aztertzea. Horren haritik, Josu Estarronak azaldu du “diru-laguntzak ezin direla konponbidea izan, emantzipazioaren arazoari errotik heldu behar zaiolako, horren jatorrian dauden aldagai eta elementu guztietan eraginda, adibidez, enpleguan, prekarietatean, Euskal Gazte Kontseiluak salatu duenez, gazteek gaur kobratzen dituzten soldatak bikoiztu egin beharko lituzketelako etxebizitza bat eskuratu ahal izateko. Gaur ia ezinezkoa da, gaztea izanda, etxebizitza bat erostea”.